Iruñeko Udalak Udalaren bizikleta-aparkalekuen sistemaren kudeaketa, mantentze-lanak eta etorkizunean sistema zabaltzea adjudikatu ditu

Iruñeko Udalak Udalaren bizikleta-aparkalekuen sistemaren kudeaketa, mantentze-lanak eta etorkizunean sistema zabaltzea adjudikatu ditu
Bizikletak txandaka aparkatzeko aparkaleku estaliek eta egoiliarrendako aparkalekuek osatzen dute sistema hori

Aparcamiento de bicicletas

Tokiko Gobernu Batzarrak Intelligent Parking SL enpresa hautatu du gaur Iruñeko bizikleta-aparkalekuen udal-sistemaren kudeaketaz eta mantentze-lanez eta etorkizunean sistema zabaltzeaz arduratuko diren enpresak hautatzeko esparru-akordioaren adjudikaziodun izateko. Akordio horrek bi urteko indarraldia du, eta 12 hilabeteko bi luzapen izaten ahalko ditu. Enpresa horrek % 3,7ko beherapena aurkeztu du lizitazioan ezarritako unitateko prezioekiko. Intelligent Parking SL enpresak 10 urte baino gehiagoko esperientzia du sektorean, eta haren 500 aparkalekuek 200.000 erabiltzaile baino gehiagori ematen diete zerbitzua hainbat hiritan, besteak beste, Donostian, Iruñean, Gasteizen, Santanderren, Valladoliden, Leonen, Granadan, Lisboan, Palentzian, Madrilen, Sevillan, Torrejon de Ardozen, Cardedeun, Bartzelonan, bai eta beste entitate batzuetan ere, hala nola ADIF, EMT eta abarretan.

Une honetan, Udalaren sistemak bi aparkaleku mota desberdin ditu: alde batetik, bide publikoan estalitako aparkalekuen sare modular bat, txandakakoa, herritar guztien eskura dagoena (10 elementu/300 plaza); eta, bestetik, auzotarrendako aparkalekuena, aparkalekua dagoen auzoko egoiliar izendunei adjudikatutako plazez osatua (600 plaza). Azken horiek adjudikazio-prozedura publiko bati lotuta daude.

Bizikletendako aparkalekuen sarea mugikortasun-eredu berri baten diseinuaren parte da, bizikleta dagoeneko garatuta dauden gainerako garraiobideen ordezko benetako hiri-garraiobidea izatea nahi baita. Horren berehalako helburua bizikletak helmugan eta jatorrian modu seguru eta erosoan aparkatzea da.

Udal-sisteman sartuta dauden aparkalekuen kudeaketan eta mantentze-lanetan honako hauek sartzen dira: erabiltzaileak kudeatzeko sistema bat izatea (altak, bajak, hileko fakturak berrikustea, etab.), sartzeko sistema (ateak irekitzeko hiru bide: zenbaki-kodea, telefono-deia eta teklatua), aparkalekuen barneko bideo-zaintzaren kudeaketa, erabiltzaileek erabileragatik prezioak ordaindu ahal izateko ordainketa-plataforma bat martxan jartzea eta mantentzea (2 euro hilean, txandakako sistemaren kasuan) eta aparkalekuen mantentze-lan orokorrak, besteak beste, garbiketa, ikuskapenak, gorabeherak konpontzea, zerbitzuaren operatibitate optimoa bermatzeko beharrezkoak diren laguntza- eta erredundantzia-sistemak, etab.

Elementu materialak eta digitalak
Hautatutako enpresak bete behar dituen beste baldintza batzuk kudeaketarako-softwarea eta sarbideak izatea eta mantentzea dira, baita udal aplikazioa eta webgunea ere, erabiltzaileek sistemarekin elkarreragiteko aukera izan dezaten. Aparkalekuak erabiltzen dituztenen alta, baja, gorabehera, zuzeneko komunikazio eta kontsultetarako aplikazio espezifiko bat, eta www.parkingverde.com webgunea egonen dira; plataforma horrek aukera emanen dio unitate kudeatzaileari, bizikletarekin edo bizikletarik gabe eginiko irteerak zenbatzeaz gain, tarifak denbora-tarteen edo beste lehentasun batzuen arabera igo edo mugatzeko, etab. Tarifak ordainketa seguruko pasabide baten bidez ordainduko dira, eta lortutako informazio guztiak datuak babesteko araudiari men eginen dio; hala ere, estatistika- eta tratamendu-ondorioetarako, hiria kudeatzeko Iruñeko SmartCity plataforman sartzen ahalko da.

Esparru-akordio honen barruan sartuko dira, halaber, etorkizunean txandakako sistema eta auzotarrendako sistema osatzeko modulu-kopurua handitzeko eginen diren kontratu eratorriak; horrela, Iruñeko Udalak bide publikorako modulu berriak hornitzea eta instalatzea Intelligent Parking enpresari kontratatzen ahalko dio, une bakoitzean dagoen aurrekontuaren zenbatekoaren arabera.

Modulu horiek 3 tipologia desberdinetakoak izaten ahalko dira (10, 20 edo 50 plazakoak). Itxiak eta estaliak izanen dira eta barruan bizikleten maniobrak era egokian egitea ahalbidetuko dute. Erraz desmuntatzeko eta garraiatzeko modukoak izanen dira, sarbide automatikoko ate bat izanen dute, eta haien egitura eta elementuak erresistentzia handikoak eta bandalismoaren aurkakoak izanen dira. Barrualdean, argiztapen artifiziala eta bizikletak lotzeko euskarriak izanen dituzte. Gainera, IP kamera-sistema bat izanen dute, etengabeko grabazio-disko bat izanen duena eta sarrerako atera arteko zenbait metroko hedadura-erradioa estaliko duena.


IRUÑEKO BIZIKLETEN APARKALEKU PUBLIKOEN SAREA

  • García Ximénez kalea (20 plazako modulua)
  • Yanguas y Miranda kalea (20 plazako modulua)
  • Zezen-plaza (50 plazako modulua)
  • Protomedicato plaza, Ospitalegunearen ondoan (50 plazako modulua)
  • Arriurdiñeta plaza (50 plazako modulua, horietatik 10 sare publikokoak)
  • Iratxeko Monasterioaren kalea, ‘La Vaguada’ Zaharren Egoitzaren ondoan (50 plazako modulua, horietatik 10 sare publikokoak)
  • Ezkirotz kalea, Iturramako Civivoxaren ondoan (50 plazako modulua)
  • Pérez Goyena pasealekua, Liburutegi Nagusiaren ondoan (50 plazako modulua)
  • Taconera kalea (20 plazako modulua)
  • Europa plaza (20 plazako modulua) 

IRUÑEKO AUZOTARRENDAKO BIZIKLETA APARKALEKUEN SAREA

  • Descalzos kalea 23 eta 27 (124 plaza, Udalaren ondoz ondoko bi udal-etxabetan)
  • San Anton kalea 7 (57 plaza, udal-etxabe batean)
  • Urzainki kalea 14 (170 plaza, udal-etxabe batean)
  • Guelbenzu zeharkalea 8 (158 plaza, udal-etxabe batean)
  • Tafalla zeharkalean (20 plazako modulua)
  • Arriurdiñeta plaza (50 plazako modulua, horietatik 40 auzo-aparkalekukoak)
  • Iratxeko Monasterioaren kalea, ‘La Vaguada’ Zaharren Egoitzaren ondoan (50 plazako modulua, horietatik 30 auzo-aparkalekukoak)
¿Te ha sido útil esta página?