Iruñeko Udalak hautaprobetarako deia egin du bi izangai-zerrenda osatzeko, Udal-instalazioen funtzionamenduko ofizial lanpostuan aritze aldera. Zerrendetako bat aldi baterako kontrataziorako izanen da eta bestea, ‘prestakuntzarako zerbitzu berezien’ bidetik sartu nahi duten funtzionario edo lan-kontratudun langileendako. Zerrendak Udalean bertan eta haren erakunde autonomoetan gertatzen ahal diren beharrak asetzeari begira eratuko dira.
Bi kasuetan eskaerak aurkezteko epea apirilaren 11ra arte izanen da, eta deialdien oinarriak estekan daude ikusgai.
Hautapen-prozesu horietan parte hartu nahi dutenek eskaera telematikoki aurkeztu beharko dute, Interneten bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraiki: Izapideak eta lizitazioak/ Lan-eskaintzak/Enplegu publikoa/Enplegu publikoko deialdiak, deialdi honi dagokion aipamenean. Eskaera formalizatzeko unean 7,50 euroko tasa bat telematikoki ordaindu beharko da, azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik.
Hautapen-prozesuak proba teoriko bakarra izanen du, bi deialdietarako komuna. Izangaiek proban test erako galderak dituen galdetegi bat erantzun beharko dute idatziz gaitegian agertzen diren gaiei buruz (18 gai). Hainbat aukera egonen dira galdera bakoitzari erantzuteko, eta horietako bat baino ez da baliozkoa izanen.
Bi zerrendetarako prozesuan, nazionalitate, gaitasun eta adin baldintza ohikoez gain, Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokidea den titulua eskatuko da (edo halakoak erdiesteko maneran egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzean).
Euskara berariazko betekizun gisa duten lanpostuetan aritu nahi duten izangaiek, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B2 mailaren baliokidetzat jotzen den tituluren bat izan behar dute. % 33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek egoera hori egiaztatu beharko dute aitorpenaren agiri ofiziala aurkeztuta, bai eta denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ere.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea.