Iruñeko Udalak udako 273 abonamendu zozketatuko ditu Oberena, Amaya Kirol Hiria, Arrotxapea KKE eta Txantreako KKE igerilekuetarako

Iruñeko Udalak udako 273 abonamendu zozketatuko ditu Oberena, Amaya Kirol Hiria, Arrotxapea KKE eta Txantreako KKE igerilekuetarako
Interesa dutenek maiatzaren 20tik 27ra bitarte eskatzen ahalko dituzte abonamenduak, 010 telefonora deituta, eta zozketa hilaren 30ean izanen da




Iruñeko Udalak udako 273 abonamendu zozketatuko ditu hirian erroldatuta daudenek Oberena, Amaya Kirol Hiria, Arrotxapea KKE eta Txantreako KKE igerilekuak erabili ditzaten. Udalak hitzarmenak ditu erakunde horiekin, eta horregatik dauzka abonamenduak. Hala, herritarren artean banatuko dituztenez, bazkide ez direnek ere aukera izanen dute instalazio horiek erabiltzeko udako denboraldian, bazkideek ordaintzen duten prezio berean. Zozketa bidez banatuko dituzte abonamenduak. Parte hartu nahi dutenek maiatzaren 20tik 27ra (biak barne) eman beharko dute izena, 010 telefonora deituta (948 420 100) ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan, 09:30etik 13:30era. Maiatzaren 30ean eginen dute zozketa, ostiralarekin.

75 abonamendu Oberenarako izanen dira; 30, Amaya Kirol Hirirako; 100, Txantreako KKErako, eta 68, Arrotxapea KKErako. Aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera edo lehenagotik Iruñean erroldatuta daudenek hartzen ahalko dute parte zozketan, eta igerileku bakar baterako abonamendua eskatzen ahalko da. Igerileku baterako baino gehiagorako abonamendua eskatzen duena zozketatik kanpo geratuko da.

Bi motatako abonamenduak daude: lagun bakarrarendako abonamenduak, 14 urtetik gorakoendako, hau da 2025eko ekainaren 15a baino lehen 14 urte beteak dituztenendako, eta familiendako abonamenduak, 18 urtetik beherako seme-alabak dituzten familia-unitateendako. 14 urtetik beherako seme-alabak dituztenek aitona-amonak ere sartzen ahalko dituzte familiendako abonamenduetan. Hala, familiek taldean hartzen ahal dute parte zozketan, denak igerilekura sartzen ahalko direla bermatzeko. Nolanahi ere, zenbat kiderendako eskatzen den abonamendua eta bakoitzak zer adin duen, horren araberakoa izanen da kuotaren prezioa. Izatezko bikoteen erregistroko ziurtagiria duten bikoteek ere familiendako abonamendua eskatzen ahalko dute.

Udala jarriko da harremanetan zozketan abonamenduren bat irabazten dutenekin, eta ekainaren 6a baino lehen dagokion kiroldegira joan beharko dute izena eman eta kuota ordaintzeko. Kiroldegi bakoitzeko urteko kuota aintzat hartuta 3 hilabeteri dagokion kantitatea izanen da abonamenduen prezioa.
 


 

Udako denboraldiko abonamenduen tarifak


Txantrea KKE

  • Haurrak (1-9 urte): 30,39 euro

  • Kadeteak (10-14 urte) 56,91 euro

  • Gazteak (15-17 urte) 77,91 euro

  • Helduak (18 urtetik gora) 115,17 euro

Oberena

  • 2-5 urte 30,50 euro

  • 6-13 urte: 57,50 euro

  • 14-17 urte: 84,00 euro

  • Helduak (18 urtetik gora) 118,30 euro

  • 65-69 urte: 95,40 euro

  • 70-74 urte: 81,80 euro

  • 75-79 urte; 72,80 euro

  • 80 urtetik gora: 47,40 euro 

Amaya Kirol Hiria

  • Haurrak (2-13 urte) 55,50 euro

  • Haurrak (2-13 urte, 3.seme-alaba) 39,00 euro

  • Gazteak (14-17 urte): 67,50 euro

  • Helduak (18-64 urte) 121,50 euro

  • 65 urtetik gorakoak: 82,50 euro

Arrotxapea KKE

  • Kimuak (3-9 urte) 46,50 euro

  • Haurrak (10-14 urte) 72,00 euro

  • Gazteak (15-17 urte) 84,00 euro

  • Helduak (18 urtetik gora) 105,00 euro

 

 

¿Te ha sido útil esta página?