Iruñeko Udalak ofizialki aitortu ditu Txantrea Hegoaldetik berdintasuna eta memoria eskatuz, frankismoak errepresaliatutako emakumeen izenak oroituko dituzten espazio publikoak. Hiriko planoetan dagoeneko, eta kaleetako plaketan jasota daude emakume hauen izenak: Julia Bea Soto; Dora Serrano Serrano; Aurora Gómez Urrutia; Mª Luisa Elío Bernal; Josefina Guerendiain Caro; Nemesia Baztán Turrau; Ramona Zapatero Zapatel; Matilde Huici Navaz eta Mª Carmen Húder Carlosena. Gaurtik aurrera, emakume horiek eta beren ibilbideak oroituko eta aitortuko dira, kale eta plaza berrien izendapenari esker. Horrek hirian emakumeen ikusgaitasunaren alde eginen du, Berdintasuneko Ordenantzak eta Udalaren Berdintasunerako III. Planak eskatuta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz aurrerapauso bat emanez.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak gaur eguerdian estalgabetu du frankismoak errepresaliatutako emakumeak oroitzeko espazio izendatzen duen erronboide-formako plaka. Ekitaldian, Udalbatzaz gain, omendutako emakumeen senideak ere izan dira, semeak, alabak eta bilobak... Besteak beste Madrildik edo Venezuelatik etorriak. Errepresaliatutako eta hirian betiko aintzatetsia izanen den beren familiako emakumeen omenezko kaleko plakaren erreprodukzio bat jaso dute . Ekitaldian Fernando Gómez Serranok, Teodora Serrano Serranoren semeak, udalaren ekimena eskertu du gainontzeko senideen izenean.
Udalaren ekimenak Txantrea Auzo Ekimena elkarteko auzokideen, memoriaren aldeko auzoko taldearen eta auzoko elkarte feministen babesa du, bai eta Emakumeen Udal Kontseiluaren eta “Emakumeak Izendatu Iruñean” lantaldearen laguntza ere. Aukeraketa NUPek Nafarroako Memoria Historikoaren Funts Dokumentalaren (https://memoria-oroimena.unavarra.es/) datu basean eskuragarri dagoen informazioan oinarrituta dago eta Iruñeko Udalak argitaratutako Gemma Piérola Narvarteren “Historia isilduak: frankismoan errepresaliatutako hamar nafar emakumeren bizitza eta ahanztura. Proposamen biografiko bat haiek aitortuak izan daitezen espazio publikoetan” liburuan gauzatu da. Liburuaren egileak eta aipatutako erakunde bakoitzeko ordezkariek hitza hartu dute ekitaldian. Nekane Ibero Etxeberria auzoko artista eta Isilune taldea arduratu dira musika-interpretazioez, eta hainbat abesti interpretatu dituzte.
Gaurko ekitaldi hau egitera iristeko prozesua 2021ean abiatu zen, Udalak Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP) ikerketa enkargatu zionean eta, akordioa Osoko Bilkurak 2022ko apirilean onartu zuen.
Mahai-ingurua apirilaren 29an, astelehenarekin
Hiru senidek eta Gemma Piérola Narvartek apirilaren 29an (astelehena) Frankismoak errepresaliatutako emakumeak: oroitzapenak eta aitormena mahai inguruan parte hartuko dute. Jarduera Salestarrak Zentro Komunitarioan eginen da, 18:30ean, sarrera librea izanen da eta Zaloa Basabe Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak aurkeztuko du.
Saioan, ikertu dituzten emakumeen ibilbideaz hitz egiteaz gain, senideen testigantzak emanen dira. Emakume horiei buruzko liburuan, beren bizitzaren laburpena jasotzen da, hala, beren memoriaren lekuko bat uzteko. Gehienak politikaren munduari lotutako ibilbideak zituzten emakumeak izan ziren, eta esparru oso desberdinetakoak: abokatutza, irakaskuntza, sorkuntza artistikoa edo zainketak. Beste batzuk errepresaliatutako gizonen alabak edo bikoteak ziren.
Liburua ele bitan argitaratu zen eta Iruñeko Udal Artxiboaren (IUA), Nafarroako Memoria Historikoaren Funts Dokumentalaren (NUP), Nafarroako Memoriaren Institutuaren (Nafarroako Gobernua) eta Eduardo Mateo Gambarte, Esther Aldave eta Iñaki Beaumonten familia-artxiboen eta ELA Sindikatuaren irudiak biltzen ditu.