Iruñeko Udalak turismo-material berria sortu du, hala orokorrak nola berariazkoak, goi-denboraldiaren hasierari begira. 168.000 liburuxka eta 38.000 plano inprimatu dira. Guztira, 206.000 informazio-ale; Iruña askoz gehiago da izenburupean, sei eduki ezberdin jasotzen dituzte, eta sei hizkuntzatan. Turismo Bulegoan eta hiriko hoteletan daude eskuragarri; eta www.pamplona.es/turismo (mapak eta planoak) webgunetik deskarga daitezke.
Materialen berreditatzeak Turismoko Plan Estrategikoaren irizpideei erantzun nahi die, bertan zera antzeman baitzen: dokumentazio guztia 2017an garatu zen markaren irudi berrira egokitu behar zela, bisitariaren galderei –Iruñean zer ikusi eta zer egin– erantzun behar zitzaiela eta, horretarako, turistei sanferminez gain Iruña askoz gehiago delako irudia eskaini behar zaiela. Editatu diren edukietan Iruña Card ekimenari buruzko argibideak ere jasotzen dira; eta liburuxketan Iruñeko Udalaren Turismoko profilek sare sozialetan dituzten helbideak daude (Twitter @visitpamplona, Facebook @visitpamplona eta Instagram @visit_pamplona).
2016an sektoreari buruz egindako azterketan zera ondorioztatu zen: bisitarientzat hirian balio bereizgarria zegoen Iruñeko ezaugarri berezietan, zeinak kultur alderdietan (jaiak, ohiturak, historia), ondarean (monumentuak) eta bestelako alderdietan (hiri atsegin eta erosoa, natura, hiriburutza, etab.) antzeman baitaitezke. Horregatik, material berrietan informazio osoa hiriko turismo-produktuei begira sailkatu da: Iruña harresiak dira, Iruña sanferminak dira, Iruña berdea da, Iruña toki-gastronomia da, Iruña Kultura da eta Iruña Bidea da. Gainera, sei edukietako hiru berariazkoak dira jomuga turistikoa garatzeko arlo zehatzetan.
Materialen izarra: planoa
Berritu den lehen materiala hiriaren planoa izan da: euskarriak turismo-baliabideen zerrenda berreskuratzen du (zerbitzu publikoak, bidegorriak, wifi-eremuak, hotelak, aterpeak, etab.), eta horiei hirian sortu diren gune berriak gehitzen zaizkie, hala nola Ultreia Zentroa, Donejakue Bidearen interpretazio-gunea, ikus-entzunezko osagai ugari eta irisgarritasun-irizpideekin bat egokitutako teknologiak dituena.
Plano berrian lau ibilbide kokatzen dira eta horien mugarriak laburki azaltzen dira: Iruña harresitua, Donejakue Bideko tarte iruindarra, berdeguneak eta sanferminei lotutako leku esanguratsuak.
Hiriaren planoa beti izaten da nolabaiteko aurkezpen-gutuna bisitariak jasotzen duen turismo-informazioan, eta gehien eskatzen den materiala. Oraingoan 38.000 ale kaleratu dira, lau hizkuntzatan: gaztelania, euskara, ingelesa eta frantsesa. Era berean, planoa aleman eta italiera hizkuntzetara itzuli da, eta maketatu, baina, kasu honetan, bakarrik deskargatzeko aldaerarako.
Iruñeko ikuspegi orokorra
Testu gehiago jasotzen duten bi liburuxka dira planoaren osagarri. Alde batetik, Iruñeko Gida, non 40 orrialdetan hiriko informazio eta datu orokorrak jasotzen baitira. Bestetik, gida horren laburpen-aldaera prestatu da kuadriptiko itxurako euskarri batean, Ibilbideak Iruñean barna izenburupean (hemen, izenburu bereko aurreko eskuorri batek jasotzen zuen edukian sakontzen da).
Iruñeko Udalak inprimatu dituen gida-aleak 39.000 dira (gaztelaniazko 20.000, euskarazko 3.000, ingelesezko 10.000, frantsesezko 5.000 eta alemanezko 1.000). Bertan hiriaren historiaren laburpen bat dago, jatorrietatik hasita, eta turismo gehien erakartzen duten kontu nagusiei buruzko informazioa (harresiak, sanferminak, berdeguneak, Donejakue Bidea eta gastronomia). Turismo-produktu hauetako bakoitzean, historiaren zertzeladak, horiei lotutako ondare historiko eta artistikoari buruzko informazioa, bitxikeriak eta ibilbide-planoak daude. Plano horietan gomendioak ere jasotzen dira: zer erosi, toki-gastronomian izarra den platera eta hirira iristeko eta berton mugitzeko informazio erabilgarria.
Bestetik, esan bezala, gida Ibilbideak Iruñean barna kuadriptiko arinean laburtu da. Dokumentu hori, hiriko Turismo Bulegoan eta hoteletan egoteaz gain, Foru Erkidegoko beste 100 puntutan banatzen ari da, eta Frantziako hegoaldeko turismo-bulegoetara eta ostalaritza-establezimenduetara eraman da.
Sektore zehatzetarako
Liburuxka berrien artean, turismo-produktu zehatzetan interesa duten sektoreei zuzendutako berariazko edukiak dituztenak ere badaude. Iruñeko sei parke garrantzitsuenak jasotzen dituen liburuxkaz (21.500 esku-orri tolesgarri) gain, natur ondarea biztanleei eta bisitariei ezagutarazteko eginda, Iruñeko Udalak toki-gastronomiaren gida ere argitaratu du (3.500 ale); eta hiruhilekoan hirian eskaintzen diren kultura- eta aisia-jardueren agenda-euskarriari formula berria eman dio (10.000 ale goi-denboraldian).
Lehenak, agenda gisa eta elebidun (gaztelaniaz eta euskaraz), urtean zehar izaten diren gastronomia-ekitaldi guztiak jasotzen ditu –bai Udalak sustatuak bai hiriko elkarteenak–: Pintxoaren astea, barazkien denboraldiak, Sabicasen pintxoaren ibilbidea, Hemingway hanburgesa, etab. Halaber, dastatze, gastronomia-bisita gidatu, berariazko bidaia-agentzia eta ostatuen berri ere ematen da. Berritasun gisa, Nafarroako apartamentuen elkarteak (APARTURNA) % 10eko deskontua eskaintzen die gastronomia-ekitaldi horietako edozeinetako bisitariei.
Iruñeko kultura- eta aisia-jardueretan interesa dutenentzat, bertokoak zein bisitariak izan, Ekitaldi-agenda argitaratzen da iaztik. Udaberrirako euskarriaren formatua aldatu zen erosoago eta arinagoa bihurtzeko, eta oraingoan, gainera, kultur guneen kokapen-mapa hartzen du barne. Agenda hiruhilekoan behin argitaratzen da; eta bisita gidatuei eta Pamplona-Iruña Card txartelari buruzko informazio orokorra ere jasotzen du. Goi-denboraldian 10.000 ale kaleratuko dira.
Turismo-liburuxka berriak
• Turismo-plano eguneratua. 38.000 ale (gaztelaniazko 20.000, euskarazko 3.000, ingelesezko 10.000 eta frantsesezko 5.000). Era berean, aleman eta italiera hizkuntzetara itzuli da materiala, baina inprimatu gabe, bakarrik aldaera deskargagarrirako.
• Iruñeko turismo-gida. 39.000 ale (gaztelaniazko 20.000, euskarazko 3.000, ingelesezko 10.000, frantsesezko 5.000; eta alemanezko 1.000)
• Ibilbideak Iruñean barna kuadriptikoa. 94.000 ale (gaztelaniazko 37.000, euskarazko 7.000, ingelesezko 16.000 eta frantsesezko 34.000)
• Iruña berdea da. 21.500 ale (gaztelaniazko 10.000, euskarazko 3.500, ingelesezko 5.000 eta frantsesezko 3.000)
• Iruñeko Gastronomia-agenda 3.500 ale guztira, gaztelaniaz eta euskaraz
• Agenda turistikoa (uztaila - iraila). 10.000 ale