Iruñeko Udalak tresna berri bat aurkeztuko du gaur arratsaldean Kondestablen energia-komunitateek negozio-planak garatu ditzaten. ANELekin, Zenit Solarrekin eta ESEKIrekin elkarlanean sortu dute, eta gaurko saioan, haren berri emateaz gain, negozio-planak garatzeko nola erabili azalduko dute. Hiriko energia-komunitateetako kideak saioan izanen direla espero da, bai eta energia-trantsizioarekin eta klima-aldaketarekin zerikusia duten gaietan aritzen diren Nasuvinsako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak ere.
Besteak beste, Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Estrategiaren helburua da bertako energia-eredua deskarbonizatzea energia-iturri berriztagarriak bultzatuz, bai Udalaren esparruan, bai bizitokietan, eta baita industrian ere, eta horretarako energia-komunitate berriztagarriak sustatzea. Energia-komunitateen bidez lortu nahi da administrazio publikoek, ETEek eta herritarrek parte hartzea eta beren ekarpena egitea deskarbornizazioa bultzatzeko.
Iruñeko Udala auzoetan energia-komunitateak sortzea sustatzen ari da, eta lantalde bat sortu dute orain arte sortutako energia-komunitateak (Mendillorrikoa, Arrotxapekoa, Ermitagaña-Mendebaldeakoa, eta Arrosadia, Azpilagaña, Lezkairuko Zaldua eta Santa Maria la Realekoa) eta Udala lankidetzan aritzeko. Energia-komunitateen arteko koordinaziorako talde horretan hainbat behar eta aukera azaleratu dituzte, eta hori dela-eta ikusi zen interesgarria eta beharrezkoa zela tresna bat sortzea energia-komunitateek negozio-planak eta proiektuak garatu ditzaten. Helburua da tresna hori lagungarria izatea erakunde horientzat gure hiria deskarbonizatzeko proiektu berriak sortzeko.
Udaleko alorrak elkarlanean aritzen dira, Merkataritzakoa bereziki, eta, lankidetza hori dela-eta, Udaleko Energia Agentziakoak (hiriko energia-komunitateen estrategiaz arduratzen da) ohartu ziren komeni zela tresna hori sortzea komunitate horientzat errazago izan dadin ekonomiako kontuak kudeatzea eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuari (IDAE) dirulaguntzak eskatzea.
2022ko dirulaguntzak eskatzeko deialdiaren harira hasi ziren tresna hori sortzen. Iruñeak ahal du: Merkatuak eta Hiriko Merkataritza Guneak babesteko Plana garatzeko eskatu zen laguntza; proiektua 2023ko urtarrilaren 9an onartu zen behin-behinean, eta 2023ko martxoaren 9an behin betiko onespena eman zitzaion. Hala, kontratazio horrek xede zuen lana egiteko finantzaketa eman zioten Udalari. Guztira, martxan jartzeko 18 neurri biltzen ditu azpiproiektu horrek; 1.286.400 euroko finantzatzeko moduko aurrekontua dauka, eta % 80raino kofinantzatzeko aukera. Besteak beste, hiribideetan esku hartzeko neurriak, salmentarako gunea eraldatzekoak, saltokia digitalizatzeko neurriak, eta jasangarritasuna hobetu eta ekonomia zirkularra sustatzekoak biltzen ditu. Deialdi hori Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan egiten da, eta Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsen bidez finantzatua da.