Iruñeko Udalak, maite duten pertsona batek bere buruaz beste egitean kaltetutakoen Besarkada-– Abrazo elkartearekin eta Itxaropenaren Telefonoarekin batera, suizidioa prebenitzeko lehen Mahaia eratu du gaur, hirian suizidioaren gaiari komunitate-ikuspegitik heltzeko lanerako eta hausnarketarako gune bat. Nafarroan, 2021ean, 58 lagunek egin zuten bere buruaz beste, 2020an baino % 31,8 gehiagok, eta ondorioek 1.000 laguni eraginen liekete zuzenean.
Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak, Elena Aisa Besarkada – Abrazo elkarteko lehendakariak eta Itxaropenaren Telefonoko zuzendari teknikoak, Alfonso Echávarri psikologoak, gaur goizean aurkeztu dute ekimena. Epe luzera Iruñeko herritarrei zeharkako ikuspuntu batetik suizidioa prebenitzeko tresna, jarduera eta neurri multzo bat ematea bilatzen du, betiereIruñeko Udalaren eskumenetatik abiatuta.
Zentzu horretan, hainbat helburu estrategiko mahaigaineratu ditu mahaiak. Alde batetik, partekatzen diren baliabideak planifikatuz, datuen trukea sustatuz eta esku-hartze irizpideak bateratuz, instituzioen arteko koordinazioa bideratu eta bultzatzea. Beste alde batetik, adinaren eta sexuaren arabera bereizitako heriotzen benetako kopuruari buruzko datuak ezagutzeko eta aztertzeko espazioa izatea, joerak ezarri eta jokabide hori garatzeko azpiko faktoreak zehaztu ahal izateko.
Ezagutza da arriskuari aurre hartzeko jarduketak egiteko aurreko urratsa, eta babes-faktoreak bultzatzeko balio du: osasun fisiko eta mentalaren ongizatea eta ongizate emozionala sustatzetik hasi eta nahi ez den bakardade kasuak murrizteraino. Era berean, prozesu horretan suizidioaren aurrean bereziki kalteberak diren pertsona-taldeak identifikatu ahal izanen dira, eta, beraz, laguntza-baliabide espezifikoak ezarri ahal izanen dira, baita dolu korapilatsuak prebenitzeko jarduerak garatu ere.
Gainera, foro berri horretan informatu, prestatu eta sentsibilizatu nahi dira hala herritarrak, oro har, nola profesionalak, inork bere buruaz beste egiteari lotutako estigma eta isiltasuna aldatzeko. Proposamena da jarduketa-gidak aurkitzea, eta beharrezkoa balitz, suizidioari eta haren prebentzioari eta ondorioei buruzko eskuliburu berriak argitaratzea. Gainera, urteko kanpainak egitea proposatuko da, jokabide suizidarekin lotutako egun ofizialekin batera, Suizidioa Prebenitzeko Munduko Egunaren proiekzioarekin hasita (irailaren 10a). Beste egun batzuk ere erabiliko dira, hala nola Osasun Mentalaren Mundu Eguna (urriak 10), Depresioaren Mundu Eguna, Entzutearen Mundu Eguna (uztailak 18), etab. Mahaia, hain zuzen ere, Suizidiotik bizirik atera diren pertsonen Nazioarteko Egunaren bezperan eratuko da (azaroko azken larunbata). Unean uneko kanpaina horiek urtean zehar eginen diren kontzientziazio-jarduketekin osatuko dira.
Mahaiaren jardunaren azken ildo estrategiko gisa, suizidioaren aurrean laguntza eta arreta-baliabideak ematea bilatuko da, doluaren aurrean komunitate-hezkuntza sustatuz eta egoera horiei aurre egiteko protokoloak eginez (barnekoak eta kanpokoak).
Lehen bilera
Suizidioa prebenitzeko mahaia aurkeztu ondoren, organo horrek lehen bilera egin du. Espezializatutako bi erakunde horiez gain –maite duten pertsona batek bere buruaz beste egitean kaltetutakoen Besarkada – Abrazo elkartea eta Itxaropenaren Telefonoa–, zenbait udal-mailatako politikari eta teknikariek hartu dute parte foro horretan, besteak beste Udaltzaingokoek, Berdintasun Alorrekoek, Coworkidsekoek, Komunitate Ekintza Alorrekoek eta Gizarte Zerbitzuetakoek.
Saio horretan, hasteko, saioen egutegia landu da eta aztertzen hasi dira lanerako ildo-estrategikoak, beste erakunde batzuekin egiten ahal diren balizko sinergiak, elkarlanak edo itunak, eta garaiz identifikatu eta laguntzeko protokoloak edukitzeko beharra. Bestalde, hezkuntza- eta kontzientziazio-jarduketak baloratu dira norbere buruaz beste egiteari lotutako estigma murrizteko, eta balizko prestakuntza estrategia bat aztertu da.