Iruñeko Udala lanean ari da hiriburuko bost ikastetxeren inguruetan, ‘eskola-ingurune seguruak’ bihurtzeko. Zenbait neurri xume hartuta, hala nola hurbileko espaloiak handitzea, aparkaleku-plazak gutxitzea edo inguruko oinezko-pasabideak murriztea, espazio handiagoa gordetzen da oinezkoentzat, eta horrek segurtasun handiagoa zein mugikortasun hobea dakarzkie ikasleei eta haiek laguntzen dituztenei. Neurri horiek Larraona, Amaiur, Santa Catalina, Eskolapioak eta Vázquez de Mella ikastetxeen ondoko guneetan gauzatuko dira.
‘Eskola-ingurune seguruak’ ekimenaren helburu nagusia da ikasleen eta haiek laguntzen dutenen segurtasuna bermatzea, baina abiatutako neurriek espazio berriak ere lortzen dituzte hautatutako guneetan, bai eta eskolara joateko mugikortasun aktiboa bultzatzea ere. Gainera, egungo osasun-testuinguruan, oinezkoentzat toki gehiago irabazteak positiboki laguntzen du pertsonen arteko distantzia soziala gordetzeko beharra betetzen.
Eskola-inguruetan hartuko diren neurriek aparkaleku-plazen murrizketa aurreikusten dute, bai eta ikastetxeen ondoko kaleetan zirkulazio-bolumena murriztea ere, bereziki ikastetxeen sarrera-ondokoetan. Aparkaleku-plazak murriztearen ondorioz irabazitako espazioan egoteko eta jolasteko eremuak jarriko dira. Halaber, zirkulazioa arintzeko elementuak jarriko dira, “Iruña 30 Hiria” plana ezartzeko.
Garraio jasangarriaren sustapena, haren zirkulazioa lehenetsiz eta bizikleta-aparkalekuak ondoan bermatuz
Eskola-ingurune seguruak lortzeko neurriek garraiobide jasangarrien alde egiten dute eta erraztasunak ematen dituzte horiek erabiltzeko. Hori horrela, bizikletak, patinak eta patineteak aparkatzeko tokiak erreserbatuko dira hezkuntza-barrutietan edo haien inguruetan. Halaber, oinezkoen eta ziklisten mugikortasuna lehenesten da eskola-inguruetako bideetan, eta gune publikoetan autorik gabeko sarrera-igarobideak zein egoteko eta jolasteko guneak sortzen dira.
Planak seinaleak instalatzea ere aurreikusten du, ikasleen sarrera eta irteeretan bide-araudia zorrotz betearazteko, eskola-ingurua espazio segurua eta elkarbizitzakoa izatea lortze aldera. Neurri hauen bidez, oinezkoen ikusgaitasuna hobetzen da eta haien espazioa galtzadatik bereizten da hesi batzuen bidez.