Iruñeko Udalak Sarasate pasealekuko udal-komun publikoen kudeaketa lizitatu du

Iruñeko Udalak Sarasate pasealekuko udal-komun publikoen kudeaketa lizitatu du
Kontratuak 125.757,60 euroko aurrekontua eta 2023rako indarraldia du, eta aukera dago urtebeteko luzapena egiteko
wc

 

Astelehenean, Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Sarasate pasealekuko udal-komun publikoen kudeaketa lizitaziora ateratzea onetsi zuen. Kontratua 125.757,60 euroko aurrekontuarekin lizitatuko da, eta urtebeteko beste luzapen bat egiten ahalko da. Foruen monumentuaren ondoko lurrazpiko komun horietarako sarbidea librea eta doakoa izanen da herritarrentzat.

Kudeaketak barne hartzen du instalazioak jendearendako irekita edukitzea, gutxienez pertsona bat etengabe bertan dela. Udako ordutegian (apirilaren 1etik irailaren 30era), lanegunetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:30era egonen dira zabalik, eta igande eta jaiegunetan 10:30etik 14:00etara eta 15:30etik 20:30era. Neguan (urriaren 1etik martxoaren 31ra arte), goizeko ordutegia bere horretan mantenduko da,10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldekoa ordubete aurreratuko da: 15:30etik 20:30era. Igande eta jaiegunetan 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era egonen da zabalik. Sanferminetan 2 pertsona egonen dira etengabe uztailaren 6ko goizeko 09:00etatik uztailaren 15eko 06:00etara bitarte, eta garbiketa egiteko behar den tarteetan baino ez dira itxiko.

Gainera, enpresa adjudikazioduna arduratuko da une oro garbitasun- eta desinfekzio-baldintza egokiak mantentzeaz, konponketa-lan errazak egiteaz (bonbillak aldatu, txorrotaren puntako fluxu-erregulagailuak deskaltzifikatu eta garbitu...) eta beharrezko garbiketa-material espezifikoa birjartzeaz (komuneko papera, xaboia, edukiontzi higienikoak...), edozein erabiltzailek uneoro eskura izan dezan. Lan horietan erabiliko diren zabor-poltsak ez dira plastiko halogenatuekin eginak izanen, eta fabrikatzean erabilitako plastikoan %80 gutxienez plastiko birziklatua izanen da. 

Iaz Sarasate pasealekuko komun publikoen kudeaketa ez zen gainerako udal-komunekin batera lizitatu, ingurua berrurbanizatzeko obrak zirela eta itxi egin beharko zirela aurreikusi zelako. Proiektu hori geldiarazi izanaren ondorioz, Iruñeko Udalak espediente berezi batean lizitatu behar izan ditu, erabilerari eutsi eta jendearendako ireki ahal izateko.

¿Te ha sido útil esta página?