Uztailaren 11n (egun hori barne) amaituko da epea Iruñeko peñek sanferminetan parte hartzeko dirulaguntzen deialdian eskaerak aurkezteko. Iruñeko Udalak 81.750 euro bideratu ditu deialdi horretara, eta aurrekontua zati berdinetan hainbanatuko da entitate eskatzaileen artean. Laguntza horien bidez peñek sanferminetan antolatutako jardueren garapena sustatu nahi da, hiriko jai-giroa areagotze aldera.
Deialdian parte hartu dezakete peña gisara eraturik dauden elkarteetan antolatuak dauden entitateek, baldin eta legearekin bat eratuta eta dagokien erregistroan izena emanda badaude, irabazi-asmorik gabekoak badira eta Iruñean zergetarako helbidea eta egoitza badute. Halaber estatutuetan deialdiaren xedeari loturiko jarduerak egiteko helburuak jasoak izan behar dituzte. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoari egokiturik egon behar dute, izena elkarteen udal erregistroan emana izan behar dute eta ezin dira Iruñeko Udalak kontzeptu beragatik ematen dituen bestelako dirulaguntza-ildo batzuen barruan egon.
Deialdiaren ondorioetarako diruz laguntzen ahalko dira sanferminetako jardueretan parte hartzeko kontratutako txarangak eragindako gastuak, jotako musikaren egile-eskubideak ordaintzeko gastuak, peñaren joan-etorrietan autobusak edo beste garraiobide kolektiboren bat erabiltzeak eragindako gastuak, pankarta egiteko gastuak, kalean jende ororentzat eta doan egiten diren haur-jarduerak edo bestelako jarduerak kontratatzeko gastuak eta jarduera horien hedapenak eragindako gastuak.
Eskaerak Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu daitezke honako web-helbide honetan:https://sedeelectronica.pamplona.es. Deialdiaren oinarriak 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean,ekainaren 9koan, argitaratu ziren eta www.pamplona.es udal-webgunean ere kontsultatu daitezke.