Martxoaren 30ean, ostegunarekin, 14:00etan, amaituko da 2023ko sanferminetako kartel-lehiaketarako lanak aurkezteko epea. Beste behin ere, lanak telematikoki aurkeztu beharko dira, www.pamplonaescultura.es webgunea baliatuz, eta sariak 6.000 euroko zuzkidura izanen du. Aurtengo oinarrietan lanen balorazio artistikorako hainbat irizpide aipatzen dira.
Baloratuko da, besteak beste, lanak beste formatu batzuetara egokitu ahal izatea, tipografiaren eta kartelaren diseinu orokorraren arteko lotura eta kartelaren arte-estiloari egokitutako Iruñeko armarriaren diseinu berriak irudikatzea.
Kartelak jatorrizkoa, argitaratu gabea eta teknika librekoa izan beharko du. Aurkeztutako artxibo digitala hartuko da azken obratzat. Irudiak formatu bertikalean erakutsi beharko du kartela, 1000 mm x 700 mm-ko neurria izan beharko du eta nahitaez eduki beharko ditu testu-elementuak (San Fermin, 2023, Pamplona / Iruña, Del 6 al 14 de julio / Uztailaren 6tik 14ra) eta hiriko armarria. Elementu horiek obran duten kokapena librea izanen da. Armarria Udalaren logotipo ofizialean dagoen bezala txertatzen ahalko da, edo kartelaren diseinura libreki egokituz, baina, betiere ezaguterraza eta identifikagarria bada eta elementu guztiak egoki eta errespetuz irudikatuta badaude.
Egileak edo egile-multzo bakoitzak kartel bakarra aurkezten ahalko du, pertsona fisikoak badira, betiere. Ezin izanen dute parte hartu lehiaketaren aurreko edizioetan finalisten artean hautatutako obrek. Kartelak aurkezteko epea oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan hasiko da.
Prozesuko berritasunak
Joan den urtekoak bezalako egoerak saiheste aldera, non aurkeztutako kartelei buruzko eztabaida paraleloak izan eta iruzurrezko botoak antzeman baitziren, bi berritasun txertatu dira egileei, obretako irudiei eta herri-bozketari dagokienez.
Aurkeztutako kartelen egilearen eta irudiaren anonimotasuna lehiaketaren fase guztietan, hau da, kartel irabazlea argitaratu arte, mantentzeko betebeharra ez betetzeak automatikoki lehiaketatik kanpo gelditzea ekarriko du, bai eta hurrengo hiru urteetan lehiaketara aurkeztu ezin izatea ere.
Gainera, herri-bozketan botoa ematen duen pertsonaren benetakotasuna bermatuko da baieztapen prozesu baten bidez. Boto telematikoa baliozkoa izateko, bozkatzailearen helbide elektronikora bidaliko den esteka baten bidez baieztatu beharko da. Mezu horren bidez baieztatu ezean, botoa ez da zenbatuko.
Lanen aurkezpen telematikoa
Kartelak aurkezteko izen-ematea soilik telematikoki egiten ahalko da, www.pamplonaescultura.es webguneanhorretarako prestatu den formularioa betez. Hasierako orrian esteka bat jarriko da, zuzenean eramanen duena izena emateko formulariora, eta oinarriak ere bertan kontsultatzen ahalko dira. Formularioa hiru hizkuntzatan betetzen ahalko da: gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Honako hauek adierazi beharko dira: datu pertsonalak, jaioteguna eta jaioterria, helbidea eta kartelari buruzkoa datuak, hala nola lema, lanaren deskribapena, curriculum labur bat eta irudia jasoko duen fitxategi bat (jpg formatuan, 820 x 1171 pixelekoa, gehienez ere 2MB-ko pisuarekin eta 72 pixel hazbeteko bereizmena duena) Horiez gain, aurkeztutako kartelaren egilea nor den adierazi beharko da eta obra jatorrizkoa eta argitaragabea dela.
Formularioa bidalitakoan egileari datuen laburpen bat bidaliko zaio. Mezu horretan, ados egonez gero, baliozkotzeko eta izen-ematea bukatzeko aukera emanen da. Hori eginda, bigarren mezu elektroniko bat, azkena, iritsiko da, parte-hartzea baieztatuz, kartelaren lema, identifikazio-agiria eta lehiaketan erreferentzia gisa erabiliko den plika-zenbakiarekin batera.
12 finalisten hautaketa, apirilaren 12an
Apirilaren 12an epaimahaiak hautatutako 10 kartel finalisten plika-zenbakiak argitaratuko dira. Epaimahai hori Kultura eta Berdintasuneko udal-langileek eta diseinuaren, komunikazioaren edo arte plastiko eta bisualen arloko bost profesionalek osatuko dute. Udalaren www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es webguneetan argitaratuko dira. Iruñeko Udalak bere gain hartuko du formatu digitalean aurkeztutako hamar kartel horien ekoizpen fisikoa.
Hautaketa horren ondoren, herritarrek parte hartzeko epe bat irekiko da, azkenik 2023ko sanferminak iragarriko dituen kartela hautatzeko. Botoa emateko egun zehatzak prozesuak aurrera egin ahala ezagutaraziko dira. Botoa emateko epea 7 egunekoa izanen da gutxienez. Aurreikuspenak betez gero maiatzeko lehen hamabostaldian emanen da aditzera zein den aurtengo kartel irabazlea.