Iruñeko Udalak aste honetan abiatu du San Ignazio etorbideko espaloiak egokitzeko obren bigarren fasea, zenbaki bakoitien aldean. Obrak Udalak hiriko auzo guztietako bide publikoa hobetzeko egiten duen etengabeko lanaren barruan sartzen dira, eta honako hauek dira: zoladura berritzea eta euri-uren bilketa optimizatzea. Bigarren fase honen aurrekontua 30.000 eurokoa da eta obrak Erri Berri SL enpresak eginen ditu. Obrak egiteko epea 5 astekoa da.
Apirilean jada obrak egin ziren zenbaki bikoitien aldean, malda ezberdinak homogeneizatzeko, ertz-erretenak eta euri-uren bilketa hobetzeko eta baldosen diseinuak bateratzeko. Bigarren fase honetan Nafarroako Gorteen kalearen eta Orreaga etorbidearen artean jardunen dira, Nafarroako Gorteen kalearen eta San Ignazio etorbidearen beraren arteko tartea salbu, egun obretan baitago. Gaur egun, bertako espaloiak, zintarriak eta ertz-erretenak hondatuta daude denboraren poderioz eta berrikuntza sakon bat behar dute, nahiz eta ohiko mantentze-lanakak egin izan diren.
Aurreikusita dago eraikinetako euri-urak biltzeko lerro berri bat instalatzea, ura espaloi azpian barrena ertz-erretenera isurtzen baitute, bai eta malda jarraia duen eta ertz-erreten hori egokitzea erraztuko duen zintarria birjartzea ere, euri-urak estoldetara bideratu eta galtzadako zoladuran iragazketak ekiditeko. Halaber, hiriaren ohiko kargak eusteko laguntza-zolata batekin zolaberrituko da eta baldosa hidraulikoak instalatuko dira, aurretik zeudenen berdinak, euria ari duenean irristaezintasun maila handitzeko.
Lan horiek gauzatzeak eragin partziala izanen du eremu horretako autobus-geralekuan, bai eta oinezkoen joan-etorrietan ere. Horretarako hainbat pasabide gaituko dira, atarietara, lokaletara eta hiri garraioko geralekuetara irisgarritasuna bermatzeko. Espaloiak egokitzean, kontuan hartuko dira Herritarren Segurtasunerako Alorraren jarraibideak, tarte horretan etorkizunean jar daitezkeen geralekuetarako beharrezko harguneak instalatzeko orduan.
San Ignazio etorbideko espaloien berritze eta egokitze bigarren fase honekin, bide horretako esku hartzeak bukatuko dira, Sarasate pasealekutik hurbilen dauden etxebizitza irlak salbu, zeinak gune horretarako onartutako berrurbanizazioaren zain baitaude.
Hiri osoko espaloiak etengabe eta pixkanaka berritzea
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak berriki onetsi du esparru-akordio bidez hiriko espazio publikoetan birgaitze-lanak eginen dituzten enpresen zerrenda. Esparru-akordio horren bitartez, Iruñeko Udalak, besteak beste, honako jarduketa hauek egin nahi ditu: espaloiak berritzea Etxabakoitzeko Urdánoz etxe-multzoan; espaloiak berritzea Mendillorrin (beste fase bat); asfaltatze-kanpaina; esku hartzeak San Domingo aldapako ezpondan; Lehen Zabalguneko Aita Moret eta Chinchilla Jeneralaren kaleak berrurbanizatzea eta espaloi bat eraikitzea Sanduzelaiko Kaiko kalean.
Galtzadako lanek barne hartzen dituzte, zehazki, bigunguneak kentzea eta zoladuraren azpian dauden beste arazo batzuk konpontzea (ertz-erretenak), euri-urak luzetarako ebakuatzeko sistema hobetzea eta zoladura berritzea edo dagoena indartzea, kasu bakoitzean egoki jotzen denarekin bat. Baita abiadura murrizteko osagai finkoak paratzea ere, hala nola abiadura-mugagailuak edo antzekoak. Halaber, barne-hartzen ahalko lituzkete ertz-erretenak hobetzea lortzeko beharrezko obra zibil txikiak, hala nola zintarriak berriz jartzea, eta abar. Logikoa den bezala, bidearen seinaleztapena ere egin liteke, edo egin diren jarduketei azken ukitua eman eta horiek amaitzeko edozein lan.
Oinezkoen eremuak moldatu edo sortzeko lanak jarduketa eginen den eremua eraitsi eta prestatzean datza, beharrezko esku-hartzeak egiteko xedez. Barne-hartzen dira horretarako eta eremua erabat errematatuta eta amaituta uzteko beharrezkoak diren lanak, baita euste-horma txikiekin, oinezkoendako pasabideekin eta, oro har, urbanizazio-lan orokorrekin lotutako edozein lan ere. Halaber, egin litezke hiria urbanizatzeko beharrezkoak diren instalazioak hobetzearekin lotutako lanak, hala nola, argiteria publikoa edo antzekoak aldatzea.