Iruñeko Udalak proiektu-pilotu bat abiatu du Alde Zaharrean merkataritza-lokalak irekitzea suspertzeko

Iruñeko Udalak proiektu-pilotu bat abiatu du Alde Zaharrean merkataritza-lokalak irekitzea suspertzeko
‘Bizirik dauden lokalak’ ekimenak hiriko merkataritza-ardatzak biziberritzea du xede eta webgune bat du Alde Zaharreko 50 lokal ingururi buruzko datu interesgarriekin
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak ‘Bizirik dauden lokalak’ proiektu pilotua abiatu du Alde Zaharrean merkataritza-lokalak irekitzea suspertzeko. Ekintza nagusia webgune bat sortzea izan da eta bertan jaso da alokatzeko eta negozio-ideia berriak sortzeko erabilgarri dauden merkataritza-lokalei buruzko informazioa. Bost lokal –lau Zapatería kalean eta beste bat Pozoblanco kalean– erakusleihoetan Alde Zaharrean ekitera animatzen duten mezuak zituztela agertu dira goizean.

Kanpaina horren xedea da esku-hartze estetiko eta sortzaile bat baliatuz ruñeko tokiko merkataritza sustatzea. Erakusleihoetako mezuen inpaktu bisuala https://www.pamplona.es/lokalakbizirik webgunearekin osatu da, ekintzaileek erabilgarri dauden lokalei buruzko informazioa kontsultatzeko zerbitzu bat izan dezaten. Momentuz Alde Zaharreko kaleetan hutsik dauden 50 lokal inguru biltzen ditu, , besteak beste, Zapatería, Txapitela, Pozoblanco, Estafeta eta San Saturnino kaleetan eta Kale Nagusian.

Lokal bakoitzari buruz hainbat datu interesgarri ematen dira, esaterako kanpoaldeko argazki bat, zenbat metro koadro dituen eta lokala kudeatzen duen higiezin-agentziarekin, entitatearekin edo  pertsonarekin harremanetan jartzeko telefonoa. Eskaintzen den informazioa Alde Zaharreko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuetako elkarteak eman du eta datuak GeoPamplona bisorearen bidez kontrastatu da. Webgunea bizirik dagoen orrialde bat da eta lokaletan sor litezkeen berritasunekin edo proposatutako lokal eta espazio berriekin eguneratuko da.

Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkariak, Carlos Albillo Alde Zaharreko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuetako elkarteko zuzendari-kudeatzaileak eta Inma Elcano Nafarroako Merkatarien elkarteko zuzendari-kudeatzaileak  aurkeztu dute kanpaina hori, Zapatería kalean hutsik dauden merkataritza-lokaletako batean. Kanpaina Alde Zaharrean jarri da martxan proiektu pilotu gisa, baina hiriko beste auzoetara zabaltzeko asmoz sortu da.

Eman bizia lokal honi
Proiektu horren helburua da  hutsik dauden lokal horiek  negozio-aukera gisa kokatzea ekintzaile izan nahi dutenendako. Zapatería kaleko 30., 42., 50. eta 58. zenbakietako eta Pozoblanco kaleko 5. zenbakiko erakusleiho horietan, besteak beste, honako mezu hauek irakur daitezke: ‘Hemen zure ametsak egia bihur ditzakezu’; ‘Eman bizia lokal honi’; ‘Ekin’, eta ‘Zure etorkizuna hemen’. Aldi berean, erakusleihoetan apaingarri gisa jarritako kartel horiek Alde Zaharreko merkataritza-eremuak txukundu eta edertzen dituzte.

Iruñeko Udalak Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko Alorraren bidez, hiriko kaleetan barna aurkitu daitekeen merkataritza-eskaintza sustatzearen alde egiten du. Ekonomia eta enplegua sortzen dituen eta bizirik dagoen kalitatezko merkataritza bat, eta beraz, hutsik dauden lokalen hazkundea geldiarazteko irtenbideak aurkitzen lagunduko duena. Izan ere, epe luzera, kaltetutako eremuetako auzokideendako eta hiri osoarendako da kaltegarria hurbileko saltokien gutxitzea.

Kanpaina hori Next Generation EU Europako funtsek finantzatzen dute, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez. Ekimen hori merkataritza-guneetako hiri-eremua saltokiak jartzeko zein bezeroak erakartzeko egokiagoa izan dadin bideratutako Merkataritza-Hirigintzako esku-hartzeen barruan kokatu behar da. Zehazki ‘hutsik dauden lokalen edertze eta apaintzea’ deitutako neurri batekin bat dator, okupatu gabe dauden lokalen hazkundea geldiaraztea eta haien itxura hobetzea baita xedea.



 

foto

 

¿Te ha sido útil esta página?