
Iruñeko Udala esperientzia pilotu bat egiten ari da aurten, Berdeguneetako Zerbitzuak egiten duen hondakinen konpostatze-prozesuan udazkeneko hostoa txertatzea baloratzeko. Udazkeneko hostoa Bide Garbiketako Zerbitzuak biltzen du bere eskumeneko eremuetan. Helburua baliabide hori ahalik eta gehien berrerabiltzea da, gaur egun Berdeguneetako Zerbitzuak sortzen duen konpost-kopurua handitzeko. Konpost hori hiriko berdeguneetako mantentze-lanetan sortzen diren hondakinetatik dator. Hori guztia eginez gero, berekin ekarriko luke, gainera, Udalak Iruñerriko Mankomunitateari ordaintzen dion zabortegiko zaborren isurtze-saria murriztea.
Milutzeko udal-mintegietan hamar bat metro kubiko hosto jasotzen ari dira egunotan. Hosto horiek hazkunde-garaian hosto erorkorreko zuhaitzetatik erortzen direnetako batzuk dira. Prozesu hori urri eta abendu artean gertatzen da, argia gutxitzearen eta tenperaturak jaistearen ondorioz. Normalean Udaleko Berdeguneetako Zerbitzuak inausi eta ebakitzean sortutako hondakinak Milutzen pilatzen ditu; besteak beste, parke eta berdeguneen mantentze-lanetan biltzen diren hostoak dira, orokorrean inorganikoak diren beste hondakin mota batzuekin nahasita ez daudenak. Aurten, aldiz, hiriko hainbat gunetan ekorketa mekanikoari esker bildu diren hondakinekin esperimentua ari dira egiten.
Bide Garbiketako Zerbitzuak bi gune identifikatu ditu, eta horietan, ekorketa mekanikoan bildutako hondakinak “garbiagoak” dira, hau da, material desegokiak (plastikoak, paperak...) ez daude hain nahasita, eta zuhaitzen hosto eta landare-hondakin gehiago daude. Bi gune horiek Gaztelugibeleko eta Media Lunako zolatutako eremuak dira. Hiriko bide eta espaloietan kontratetako langileek egunero biltzen dituzten 420 metro kubiko inguru hostoren % 15 hondakinak dira . Esperientzia pilotua positiboa baldin bada, 2025ean jasangarritasunaren eta berrerabiltzearen zirkulu horren aldeko apustuak aurrera jarraituko du. Horretarako, udal-mintegiaren egungo azpiegiturak eta makineria hobetu beharko dira, konpostatze-prozesuan erabiltzen baitira. Horrez gain, egun erabiltzen den metodoa hobetu beharko da, Berdeguneetako Zerbitzuko langileak prestatuta.
Udazkeneko hostoak kentzea Bide Garbiketako Zerbitzuaren eta Lorategi Zerbitzuaren eskumena da, bakoitzak bere eskumeneko eremuetan. Gaur egun, Milutzeko udal-mintegian 250-300 m3 konpost inguru biltzen dituzte, eta ez bakarrik hostoei esker, belardiak inausi eta moztu ondoren lortutako hondakinei esker ere bai. Hostoak biltzen dira bai eskuz ekortuz edo arrastelatuz, bai putz egiteko makinez, eta hiri-bideetan eta berdeguneetan langileek hosto-tontor handiak egin ondoren, eta edukiontzietara eramaten dituzte. Lan garrantzitsua da eta hainbat datatan banatzen da, Iruñean 65.000 zuhaitz baino gehiago baitaude.
Bi hamarkada horretan lanean
Berdeguneetako Zerbitzuak 20 urte baino gehiago daramatza konpostatze-lanak egiten, jasangarritasun-zirkulua ixteko modua baita baliabide naturalak berriro aprobetxatzeari dagokionez. Urteetan, eskuratutako konpostaren kantitatea eta kalitatea hobetzen ari dira. Udalak udazkeneko hostoa konpostatzeari ekin zionean, Irujoeneara, Lorezaintzako Lantegi Eskolaren egoitzara, eramaten zen, prozesuarekin esperimentatzeko; hori ere orduan Zaragozako etorbidean zegoen udal-mintegian egiten zen.
2024an, Kale Garbiketako Zerbitzuak bildutako hostoekin esperimentatzen hasteaz gain, Berdeguneetako Zerbitzuko langileak berariazko prestakuntza jasotzen aritu dira, konpostatze-prozesuaren azken produktuaren kalitatea handitzeko. Hostoak biltzeko kanpaina positiboa baldin bada, hurrengo urratsak beharrezko azpiegituren berrantolatzearekin eta beharrezko baliabideez hornitzearekin egonen dira lotuta, besteak beste, neurri egokiko hormigoizko zolarria eraikitzea, lixibiatuak biltzeko sistema bat ezartzea eta estalki bat sortzea eskuratutako produktuak gordetzeko. Horrez gain, beharrezkoak dira iraulketarako makineria, produktua maneiatu eta nahasteko, prozesuaren bitartean parametroak kontrolatzeko zundak eta konposta aztertzeko material teknikoa.
Hondakina, dagoeneko baliabide bihurtuta, ekarpen organikoa egiteko erabiltzen da, lurraren osaera eta egitura hobetzeko; lur hori lore bizikor, lore-landare eta landatzen diren zuhaitzen eta zuhaixken parterretan jartzen da, edo mintegian bertan aleak ugaltzeko erabiltzen da.