Iruñeko Udalak 81.750 euro banatuko ditu peñek hurrengo sanferminetan parte har dezaten dirulaguntzak emateko deialdiaren bidez. Deialdiaren xedea da, hiriko jai giroa areagotzeko, peñek uztailaren 6tik 14ra jarduerak antola ditzaten sustatzea. Diruz lagundutako jarduera horiek irekiak izan beharko dute, eta kalean eginen dira.
Eskaerak telematikoki aurkeztu behar dira, Iruñeko Udalaren erregistro elektronikoaren bidez, https://sedeelectronica.pamplona.es helbide elektronikoan. Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 12an amaituko da. Deialdian baldintza batzuk ezarri dira dirulaguntza hauetara aurkeztu ahal izateko. Laguntzaren xede diren jardueren antolatzaileek peña gisa eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta egon beharko dute. Gainera, helbide fiskala eta soziala Iruñean izan behar dute, irabazi asmorik gabeak izan, eta estatutuetan jasota eduki behar dute, beren helburuen artean dagoela deialdi honen xedearekin zerikusia duten jarduerak egitea. Era berean, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikora egokitu behar dira, Elkarteen Udal Erregistroan inskribatuta egon behar dute eta ez dute kontzeptu beragatik Iruñeko Udalaren beste laguntza-lerro batzuetan sartuta egon behar.
Diruz laguntzekotzat jotzen dira sanferminetako jardueretan parte hartzeko kontratatzen den txarangaren gastuak (ordainsariak, joan-etorriak, ostatua eta/edo mantenua), eta peña bakoitzak programatutako jardueretan interpretatzen den musikak sortzen dituen egile-eskubideen gastuak; diruz lagundutako jarduerak egiteko autobusak edo beste edozein garraiobide kolektibo erabiltzeak sortutako gastuak; peñaren pankarta egiteko gastuak; haurrendako jarduerak edo kalean eta modu irekian eta dohainik egiten diren beste jarduera batzuk kontratatzeko gastuak; eta jarduera horien hedapena egiteko gastuak.
Deialdiaren oinarriak www.pamplona.es/eu udal-webgunean kontsulta daitezke, ‘www.pamplona.es/eu’ atalean. Deialdia 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 11koan.