
Ekainean abiatu zen Euskara Sustatzeko Hizkuntza-normalizaziorako I. Plana (2027-2031) egiteko prozesua, eta xede du udal-administrazioan eta herritarren artean euskararen erabilera eta ezagutza sustatzea, hizkuntzaren gutxitze-prozesuari buelta emateko, betiere Nafarroako lege-esparrua eta esparru soziolinguistikoa aintzat hartuta. Tresna horrek hizkuntza- eta kultura-aniztasunarekiko errespetua bermatzea du helburu, euskara Nafarroako kultur ondare gisa indartuta.
Uda aurretik, Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak planaren oinarriak onetsi zituen, eta otsailean herritarrek parte hartzeko prozesua abiatuko da. Horretarako, bost saio antolatu dira Pompelo Civivoxean: maiatzaren 20an izanen da azkena, eta ateratako ondorioak aurkeztuko dira egun horretan.
Aitziber Campión Ganboa Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak gaur goizean azpimarratu duenez, Udalak, instituzio publiko gisa, euskararen erabilera hiriko bizitzaren esparru guztietan babesteko eta sustatzeko neurri aktiboak hartzeko erantzukizuna du. Hala, zinegotziak ‘Iruñean HIRIERAZ, mucho que hablar’ prozesuaren proposamen metodologikoa eta aurreikusitako kronograma aurkeztu ditu, eta ekitaldia baliatu du herritarrei dei egiteko, saioetan parte har dezaten.
Bost hitzorduek 2027-2031 aldirako planaren ildo eta helburu nagusiak zehaztea dute helburu, hiriko hainbat esparrutan lan egiten duten pertsonen eta kolektiboen aniztasuna eta parte-hartzea bermatuta. EMUN enpresak kudeatuko du parte hartzeko prozesua, 34.495 euroan lizitatutako eta 2025-2026ko aldian gauzatzeko laguntza teknikoko kontratu baten bidez. Iruñean Euskara Sustatzeko Hizkuntza-normalizaziorako planarekin (2027-2031) eta 2027ko ekintza-planarekin batera komunikazio-estrategia bat jarriko da abian.
Hizkuntza-normalizaziorako Planaren premisa nagusia euskara hiriaren identitatearen osagai bat izatea da, eta, gainera, gizarte-kohesiorako elementu bihurtu behar da, Iruñeko bi hizkuntza koofizialen arteko elkarbizitza sustatuta. Hala, herritarrei euskara ikasi eta erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie, eta administrazioarekin ere euskaraz harremanetan jartzeko aukera izanen dute. Aurreikuspenen arabera, Euskararen Udal Kontseilua eratuko da, xede hartuta planaren jarraipena egitea eta bertan ezarritako ekintzak egoki egiten direla zaintzea.
Ezagutza, erabilera eta prestigio soziala
Hainbat nazioarteko erakundek, UNESCOk eta Europako Kontseiluak kasurako, euskara zaurgarritasun-egoeran dagoen hizkuntzatzat jo dute munduko hizkuntzei buruzko txostenean. Udal-ordenantza honako bi bektoreetan oinarrituta dago: erabilera murriztuko ibilbide historikoagatik hizkuntza gutxitua izatea eta prestigio sozialik ez izatea. Hori dela eta, Hizkuntza-normalizaziorako Planaren xede nagusia hirian euskararen erabilera, sustapena eta babesa sustatzea da.
Hauek dira egitasmoaren abiapuntu nagusiak: euskara gizarte anitz batean identitate eta elkarbizitzaren elementu naturaltzat jotzeko premia, eta haren sustapena eta ezagutza giza harremanak aberasteko eta gizarte-kohesioa sustatzeko bitarteko gisa ikusteko beharra. Hala, euskara zaindu eta babestu behar da, hizkuntza hori bizitza publikoan presente egon dadin bermatuta. Hala, planaren bidez presentzia hori begirunezkoa izatea bilatzen da, baita ekimena herritarren borondatea aintzat hartuta planteatzea ere, betiere bizikidetzaren, ezagutzaren eta aniztasunaren balioekin bat eginez.
Baina, gainera, planak euskararen erabilera sustatzeko neurriak proposatuko ditu. Udalak euskara ikasi nahi duten pertsona guztiei horretarako beharrezko baliabideak emanen dizkie, barne hartuta eskuragarri dauden ikastaroei buruz informazioa ematea eta prestakuntza baliabide ekonomiko eta logistikoen bidez laguntzea. Era berean, Udalak herritarrek bi hizkuntzetan arreta jasotzeko duten eskubideari pixkanaka erantzuteko eta herritarrak elebitan komunikatu ahal izateko neurriak ezartzeko ekintzak jasoko dira. Halaber, eguneroko bizitzako esparru guztietan euskara erabiltzea bultzatuko du.
Azkenik, planak Udalaren konpromisoak jasoko ditu euskararen prestigio soziala handitze aldera lan egiteko, euskarari buruzko gizarte-pertzepzioak hobetuz eta euskararen prestigioa eta aintzatespena sustatuz, herritar guztiendako ondasun komun eta baliotsu gisa. Hala, euskararen presentzia sustatuko da ekitaldi ofizialetan, udalaren programazioan eta bizitza publikoan oro har, euskara aintzat hartu eta errespetatzen duen ingurune bat sortuta.
AURREIKUSITAKO PARTE HARTZEKO SAIOAK. 18:00. POMPELO CIVIVOXA
Otsailak 11, aurkezpena
Otsailak 26, sektorekako diagnostikoa
Martxoak 31, diagnostiko orokorra
Apirilak 23, planari egindako proposamenak
Maiatzak 20, ondorioen aurkezpena