Iruñeko Udalak ‘Mari Blanka’ eskultura zaharberritu du Taconera parkean

Iruñeko Udalak ‘Mari Blanka’ eskultura zaharberritu du Taconera parkean
Jarduketa zuzenean lotuta dago hiriko eskulturak modu progresiboan, urtez urte, zaharberritzeko udal-konpromisoarekin
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak ‘Mari Blanka’ izenez ezagunagoa den Taconerako Ongintzaren eskultura zaharberritu du: jatorrizko itxura izanen du berriz hiriko parke erromantiko horretan ia ehun urtez iruindarrei lagun egin dien eskultura-lanak. Garbiketa-lanak eta akats txikiak zaharberritzeko lanak egin dira, hiriko eskulturak modu progresiboan, urtez urte, zaharberritzeko udal-konpromisoaren barruan.

Bost egunez aritu dira ‘Mari Blanka' eskultura zaharberritzeko lan hauek egiten: goroldioa, zirinak eta hezetasunak eta urak eragindako markak kentzea. Izan ere, kanpoaldean dagoenez, bereziki kaltebera da eguraldi txarra dagoenean. Gainera, berreraikitze txikiak egin dira eskulturaren oinarrian, hala nola haurraren behatzean, apurtuta baitzegoen. Hala ere, eskultura kontserbazio-baldintza egokietan dago. 

Zaharberritzeko irizpide gisa, ahalik eta esku-hartzerik txikiena egin da, eta horretarako, bateragarri egin dira material berriak eta dagoeneko zeudenak, eta, egindako prozesuen itzulgarritasuna erraztu da. Lehenengo fasean, eskulturaren egungo egoera dokumentatu ondoren, garbiketa-lanak egin dira, eta horretarako, biozidak aplikatu dira onddoak ugaritzea eteteko eta horiek errotik kentzeko. Onddoak kentzeko, brotxak, bisturia, eskalpeloa eta gogortasun ezberdinetako eskuilak erabili dira, lehenik eta behin modu orokorrean garbitzeko, eta ondoren, zehaztasunez. Garbiketa-lanei esker, harri gaineko goroldioa kentzeaz gain, onddoak, zirinak eta urteetan pilatutako zikinkeria ere kendu dira. Azkenik, behe-presioko uraren bidez egin da garbiketa.

Garbiketa-lanak amaituta, zaharberritze-lan txikiak egin eta arrail eta pitzadurak bete dira, horretarako argamasa aplikatuz, ura eta zikinkeria sartzeko bide posibleak itxi eta kontserbazioari mesede egiteko. Betelan horiekin batera, hautemandako akatsetako batzuk berreraiki dira: besteak beste, haurraren behatza, oinarriaren izkina eta Ongintzaren eskulturak kokotsean, armarrian, eskuan eta sudurrean zituen akats batzuk. Horietan guztietan, argamasa erabili da.

Azkenik, azken babes-ukituak emateko, hidrouxagarriaren geruza bat aplikatu da: mikrobioen aurkako efektu hidrofugagarria du, ingurumen-eragileen eragin kaltegarriak atzeratze aldera.

Eskultura 1788an egin zuen Julián San Martínek, eta hasiera batean Luis Paret y Alcázarrek diseinatutako bost iturrietako baten goiko erremate gisa sortu zen: Gazteluko plazan kokatu zen iturri hori, eta 1910era arte egon zen bertan. Zurezko kiosko batek ordeztu ondoren, eskultura San Frantzisko plaza berrian ezarri zen 1913an, 1927ra arte, eta urte horretan Taconera ingurura eraman zen. Azken urteotan, ‘Mari Blanka’ zaharberritzeko hainbat esku-hartze egin dira, zehatz-mehatz, 2009an eta 2018an. 

Lan gehiago Taconeraren ingurunean
Orain amaitu den jarduketa hiriko eskultura-ondarea modu progresiboan zaharberritzeko udal-konpromisoaren barruan kokatzen da, eta urtero zaharberritze-lan berriak eginen dira. Oraingoz, Taconera parkeko ingurunean, Sarasate pasealekutik hara lekualdatu ziren sei erregeen eskulturak zaharberritu dira dagoeneko, baita Pablo Sarasateren monumentua ere, zeinak parkearen barruko oinezkoen ibilbideetako batzuen elkarguneetan dagoen iturriari amaiera ematen baitio.

¿Te ha sido útil esta página?