Elkarguneak: begiradak beste diziplina batzuetara kultur proiektu feministaren hirugarren edizioa Ziudadelako Arma aretoan antolatuko da: lau saio izanen dira, bat hilabete bakoitzeko, irailaren 24tik abenduaren 10era bitarte. Zikloa Iruñeko Udalak antolatzen du, eta Letraheridas programak eginen ditu komisario-lanak. Egitasmoak diziplina artistiko desberdinetako emakumeen arteko topaketak proposatzen ditu elkarrizketan aritu daitezen, eta gai batean aditua den emakume nafar bat arituko da bitartekari-lanetan. Horrez gain, zuzeneko podcast bat barne hartzen du zikloak. Hauek dira gonbidatu dituzten emakumeak: Regina López Muñoz eta Lucía Bahona itzultzaileak; Marta Echeverría, María Guerra eta Pepa Blanes kazetariak; Aloma Rodríguez idazlea; eta Samantha Hudson diziplina anitzeko artista, zeinak María Barrier eduki-sortzailearekin batera podcasta gidatuko baitu. Saioak doan dira, leku guztiak bete arte, eta ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.
Programa gaur (osteguna) aurkeztu du Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak, Carolina Otamendi eta Nerea Madariaga programaren koordinatzaileekin batera. Azken bi horiek kultur proiektu feminista bat finkatzeak duen garrantzia azpimarratu dute, elkarrizketa, hausnarketa eta partaidetzarako gune bat sortzea baitu helburu, eta, horrekin batera, emakumeek egiten duten lanari eta sortzen dituzten diskurtsoei protagonismoa ematea.
Programa irailaren 24an (osteguna) hasiko da, 19:00etan, Traducción literaria: revelar con mano invisible (Literatura-itzulpena: esku ikusezinaz ezagutzera ematea) saioaren eskutik: Regina López Muñoz eta Lucia Barahona literatura-itzultzaileak bilduko dira bertan, eta moderatzailea Laura Carasusan izanen da, osasun-esparruan eta argitalpen-sektorean espezializatutako itzultzailea. Urriari dagokionez, hilaren 15ean izanen da hitzordua, ostegunarekin: Periodismo Cultural: construir un horizonte de atención (Kultura-kazetaritza: arretazko ortzi-muga eraikitzea) topaketa eginen da, iraileko saioaren ordu berean. Honako hauek izanen dira protagonistak: Marta Echeverría kultura-kazetari nafarra, Hoy empieza todo programaren zuzendari eta aurkezlea; eta Aloma Rodríguez idazlea, egun kultur laguntzailea Radio 3 irratian. Laura Puy Muguiro kazetari nafarrak gidatuko du topaketa: Diario de Navarran erredaktore-lanetan dihardu eta Nafarroako Unibertsitateko irakasle elkartua da.
Zikloak aurrera eginen du azaroaren 14an (larunbata), 14:00etan: Bombificadas izeneko aisialdiko podcast kulturala eginen da zuzenean, ironia, umorea eta genero-ikuspegia ardatz hartuta, eta Samantha Hudson artistak eta María Barrier eduki-sortzaileak arituko dira gidari-lanetan. Abenduaren 10ean, azken proposamena: Crítica cinematográfica: la subjetividad que crea comunidad (Kritika zinematografikoa: komunitatea sortzen duen subjektibotasuna) izenburupean, saioan batera arituko dira Pepa Blanes Cadena Ser irratiko Kultura saileko burua eta María Guerra zuzendari eta La Sript zinemari eta eta telesailei buruzko bideo-podcastaren sortzailea. Bitartekaria Belén Galindo izanen da, La Información taldeko Komunikazio saileko arduraduna.
ELKARGUNEAK 2026. LAU SAIO
Irailak 24, osteguna. 19:00.
Traducción literaria: revelar con mano invisible (Literatura-itzulpena: esku ikusezinaz ezagutzera ematea)
Regina López Muñozen eta Lucia Barahonaren arteko topaketa. Moderatzailea: Laura Carasusán
Urriak 15, osteguna. 19:00.
Periodismo Cultural: construir un horizonte de atención (Kultura-kazetaritza: arretazko ortzi-muga eraikitzea)
Marta Echeverríaren eta Aloma Rodríguezen arteko topaketa. Gidari-lanak: Laura Puy Muguiro
Azaroak 14, larunbata. 13:00.
Bombificadas podcasta zuzenean: Samantha Hudson eta María Barrier
Abenduak 10, osteguna, 19:00.
Crítica cinematográfica: la subjetividad que crea comunidad (Kritika zinematografikoa: komunitatea sortzen duen subjektibotasuna)
Pepa Blanesen eta María Guerraren arteko topaketa. Bitartekaria: Belén Galindo