
Koronabirusaren gizarte-eraginei aurre egiteko Iruñeko elkarte-ehuna osatzen duten elkarteen lanaren garrantzia kontuan hartuz, Iruñeko Udalak Herritarren Partaidetzarako dirulaguntza-deialdia 361.000 euroan mantenduko du, eta oraingoan kolektibo zaurgarriekin egitekoak diren jarduerak eta covid-19ak eragindako ondorioak arintzeko abiatu diren horiek lehenetsiko dira. Dirulaguntzen xehetasunak eta berritasunak ostiralean azalduko zaizkie elkarteetako ordezkariei bi bilera birtualetan.
Diru-laguntzen deialdi honen hartzaileak dira irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta beste entitate batzuk, proiektuak, jarduketak eta prestakuntzak egin ditzaten herritarren partaidetza, herritartasun aktibo, partaidetzako prestakuntza eta gizarte-loturaren esparruan, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen laguntze aldera, aurten, Iruñeko udal-mugartearen barruan. Ekainaren 12tik (ostirala) uztailaren 1era arte eskatzen ahalko dira, eta berritasun gisa, aurten, telematikoki egin ahal izanen da, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Gizarte-jarduerak, adinekoekin egitekoak edo prestakuntza-ekintzak babestea
2020ko dirulaguntza-deialdiaren 361.000 euroen zatirik handiena herritarren parte-hartzea eta gizarte-ehunak sarean lan egitea sustatzen dituzten jarduketak diruz laguntzera bideratuko da. Helburu hori izanen dute 227.000 eurok, eta kolektibo zaurgarriekin edo koronabirusaren ondorioak pairatu dituzten horiekin egitekoak diren jarduketak lehenesteko erabiliko dira.
Adinekoek gizartean aktiboki parte hartzea da deialdi honen beste helburuetako bat , eta horri bideratuko zaizkio 61.400 euro (% 17), aurten helburu hori sustatzeko egiten diren jarduketak babeste aldera.
Partaidetzako ekintzak laguntzeko pleguak zenbateko bat gorde du, baita ere, auzoetako festa, jai herrikoi zein izaera komunitarioko gizarte eta kultur ekitaldietarako. Proiektu horiek 38.000 euro bitarte jasotzen ahalko dute. Iruñean kultura aniztasuna bultzatzen duten jarduketek 30.600 euro arteko laguntza jasotzeko aukera izanen dute aurten, eta, azkenik, herritarren partaidetza eta herritartasun aktiboa sustatzeko esparruan egindako prestakuntza-ekintzek 4.000 euro arteko dirulaguntza jasoko dute.
Dirulaguntzen xehetasunak eta berritasunak azaltzeko bilera birtualak
Aurtengo dirulaguntza-deialdi honen xehetasunak eta berritasunak zehatz-mehatz eta era pertsonalizatuan azaltzeko, Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorrak bi bilera birtual antolatu ditu, dirulaguntzak jasotzeko aukera duten irabazi-asmorik gabeko elkarte zein entitateetako ordezkariei zuzenduak. Bertaratzea errazteko, horietako bat goizez izanen da (10:00etatik aurrera) eta bigarrena, arratsaldez (17:00etatik aurrera).
Bilera horietan parte hartu ahal izateko, non Iruñeko elkarte-ehuneko ordezkariek haien zalantzak argitu ahal izanen baitituzte, mezu bat bidali beharko da participacionciudadana@pamplona.es helbidera bertaratzea konfirmatzeko, honakoa adierazita: izena, elkartea eta zein ordutan parte hartu nahi den. Behin eskaera egin eta gero, eskatutako bilerara konektatzeko jarraibideak jasoko dira.
Bilera horiez gain, eta aurrez aurreko tramitaziotik telematikora igarotzea errazteko, udal-teknikariek elkarteei izapideak egiten lagunduko diete, 948 42 02 66 telefonoan edo email bat participacionciudadana@pamplona.es-ra igorriz hitzordua aldez aurretik eskatutzen badute.