
Iruñeko Udalak pantaila erraldoi bat jarriko du datorren igandean (uztailak 14) Yamaguchi plazan, Eurokopako finala ikusi ahal izateko. Finalean Espainia eta gaur gauean jokatuko den bigarren finalerdia irabazten duen selekzioa –Ingalaterra edo Herbehereak– arituko dira. Sarbidea errazteko, edukiera handitzeko eta segurtasuna hobetzeko, Errioxa kalea itxi eta garbiketa-, segurtasun- eta osasun-arretarako dispositibo berezi bat sortuko da ekitaldi horretarako. Horrez gain, kirol-ekitaldiaren ondoren, DJ-saioak izanen dira bertaratuendako.
Kokapen hori aukeratzeko, Udaltzaingoaren txosten bati men egin zaio. Txostenaren arabera –Babes Zibileko Batzordean bildutako gainerako segurtasun-kidegoen babesarekin–, gomendatzen da pantaila jai-eremuan ez instalatzea "bide publikoaren masifikazioa saihesteko, horrek ordena publikoko istiluak gertatzeko arriskua handitzen baitu; horri gehitu behar zaio larrialdi-zerbitzuak, hala behar izanez gero, jai-eremura sartzeko zailtasuna". Izan ere, 2024ko futbol-Eurokopako finala uztailaren 14an izanen da, 21:00etatik 23:00etara. Beraz, ordu-tarte berean, sanferminak direla-eta, hainbat ekitaldi programatu dira jada hiriko erdialdean: Zezensuzkoa, Gazteluko plazan, San Domingo kalean eta Kale Berrian; dantzaldia eta kontzertua, Gazteluko plazan; Musika kalean, San Frantzisko plazan; gazte-programazioa Foruen plazan, eta su artifizialak Ziudadelaren ingurumarian.
Udalaren erabakiaren atzean dago UPN, PSN eta PP udal-taldeek (27 zinegotzitik, 16) uztailaren 4ko Osoko Bilkuran egin zuten erregua, zeinetan eskatzen baitzuten pantaila erraldoi bat instalatzea bide publikoan. Honekin seigarren aldiz Iruñeko Udalak pantaila erraldoi bat jarriko du hirian kirol-ekitaldiak masiboki emateko; 2005ean instalatu zen lehenbiziz pantaila erraldoi bat, Errege Kopako finala ikusteko.
Salaketak, beheranzko joeran
Babes Zibileko Tokiko Batzordearen bilkuran sanferminen nondik norakoari buruzko azken datuak ere bateratu eta aztertu dira. Uztailaren 9ari dagokionez, lau segurtasun-kidegoek 189 salaketa jaso dituzte hirian; horietatik 109 ebasketengatik. Guztira, Udaltzaingoak 60 salaketa jaso zituen; horietatik 34 ebasketengatik. Horrez gain, 5 pertsona atxilotu zituen. Hala ere, eta Foruzaingoak emandako datuen arabera, gaur arteko festa-egunez bezainbatean, delitu horiei lotutako salaketak % 27 gutxiago izan dira beste urte batzuekin alderatuta, eta atxiloketak % 44 igo dira.
Horrez gain, bilkuran sexu-askatasunaren aurkako lau delituren berri eman da. Udaltzaingoak pertsona bat atxilotu du musuak baimenik gabe emateagatik; Foruzaingoak, berriz, hiru pertsona atxilotu ditu ukituengatik. Azkenik, Udaletik kanpoko bitarteko batek ustez uztailaren 8an gertatutako sexu-eraso baten berri eman du Kasu horretan, ez zen salaketarik jarri eta ez zen aktibatu eraso sexisten aurkako protokoloa.
Bestalde, elikagaiak eta edariak konfiskatzeko 22 operazio egin dira (osasun publikoa) festetan orain arte; horietatik 11 uztailaren 9an egin ziren. Mota guztietako artikuluen konfiskazioari dagokionez, zifra absolutuetan, oraindik ere, uztailaren 9a da nagusi. Sanferminetan kontabilizatutako 37 konfiskazioetatik, 15 atzo egin ziren.
Galdutako 1.337 objektu entregatu dira
Orain arte, Objektu Galduen Bulegoak 1.337 objektu jaso ditu. Horietatik, 760 diru-zorroak eta nortasun-agiriak dira. Horrez gain, 215 telefono mugikor jaso dira. Orain arte, objektu horiek guztietatik 130 itzuli zaizkie horien jabeei.
Bulegoa Udaltzaingoak Iratxeko Monasterioaren kaleko 2an duen bulegoetan kokatuta dago, eta sanferminetan eguneko 24 orduetan zabalik dago. Babes zibileko hiru laguntzaile ari dira bertan arreta ematen.