Iruñeko Udalak abian jarri du ‘PamplonUp. Gora Iruñeko negozioak!’ deskontu-bonuen beste edizio bat, parte hartu nahi duten saltoki, ostalaritza-negozio eta zerbitzu-establezimenduei zuzendutako atxikitze-epea irekitzearekin batera. Bihartik aurrera, martxoak 31 (asteazkena), atxikitzen ahalko dira, apirilaren 13ra arte (egun hori barne).
Ondoren, Udalak establezimendu guztiek baldintzak betetzen dituztela berrikusi eta kanpainarekin bat egin duten negozioen zerrenda osoa argitaratuko du. Aurreikusita dago apirilaren bigarren hamabostaldian bonuak salgai jartzea www.pamplonup.es webgunean eta doako telefono baten bidez. Kanpainak maiatzaren 31ra arte iraunen du, edo edizio honetako 70.202 bonuak agortu arte.
Azken edizioan bezala, bonu bat erosten duenak 14 euro ordainduko ditu eta 20 euroko erosketa egin ahal izanen du. Iruñeko Udalak bonua trukatu den establezimenduari emanen dio 6 euroko alde hori dirulaguntza bidez. Horrela, erosketak diruz laguntzen dira, % 30ean, negozioetarako inolako kosturik ekarri gabe. Iruñeko Udalak guztira 421.212 euro bideratu ditu laguntza-deialdi horretarako. Deialdiaren oinarriak gaur –martxoak 30, asteartea– argitaratu dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Iaz 228.193 deskontu-bonu saldu ziren
Iazko PamplonUp bonuen laguntza-deialdia bi fasetan egin zen. Lehenengoan, irailaren 10etik urriaren 31ra bitarte, 44.969 bonu saldu ziren; bigarrenean, azaroaren 18tik abenduaren 13ra bitarte, 185.364 bonu saldu ziren. Guztira 228.193 bonu. 660 enpresatako 682 merkataritza-establezimenduk parte hartu zuten.
Ekimena ekonomia eta enplegua sustatzeko neurrien planaren barruan dago. Jarduketa-ildoetako bat da tokiko kontsumoaren handitzea sustatzea, Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkari Ana Elizaldek aurkezpen-prentsaurrekoan azaldu duen moduan, zeinean Nafarroako merkatarien Elkarteko gerente Inma Elcanok ere parte hartu baitu.
Hiriko merkataritza-eskaintza ezagutzera ematea eta tokiko merkataritzan erosketak bultzatzea
Xedea da COVID-19aren pandemiak sortutako krisi ekonomikoa dela-eta Iruñean bizi direnen kontsumoan egon den atzeraldia gelditzen saiatzea. Kontsumitzaileek merkataritza-gastua murriztearen arrazoia ez da soilik enplegua galdu dutenek edo enplegu-erregulazioko espediente bat jasan dutenek erosteko ahalmen txikiagoa izatea; konfiantzan izandako beherakadak eta etorkizunaren inguruko ziurgabetasunak ere eragina izan dute.
Horrela, herritarrengan hurbilen dauden establezimenduen –erdigunekoak zein auzoetakoak– merkataritza-eskaintza zabala erakutsi eta hurbileko saltokietan erostea suspertuko da, hiri-eredu bizi-biziari eusteko. Hiri-ekonomia sustatzeko ahalegin horrek beste neurri batzuk osatu eta indartzen ditu, hala nola ostalaritzarako dirulaguntzak.
Establezimenduak atxikitzeko, telematikoki egoitza elektronikoan
Deialdian parte hartu dezakete NAOn argitaratutako baldintzak betetzen dituzten eta deialdiaren oinarrietan bildutako JEZ epigrafeen barruan dauden Iruñeko establezimendu eta negozio guztiek. Sistemarekin bat egiteko, establezimenduaren titularrak autonomo edo ETE (enpresa txiki eta ertaina) gisatzat hartua izan behar du, eta Iruñean egon.
Eskaera bihartik aurrera eginen da, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez eta sarbide bat izanen da gaztelaniaz eta beste bat euskaraz. Atxikitzeko eskabide telematikoak besterik ez dira onartuko. Deialdi publiko berria denez, establezimendu guztiek egin behar dute atxikitzeko eskaera, aurreko bi kanpainetan parte hartu arren. Azken kasu horretan, sistemak datuak gordeta dituenez, nahikoa da horiek egiaztatzea.
Honako establezimendu hauek parte har dezakete: moda eta oinetakoen sektorekoak, ostalaritza-establezimenduak, ile-apaindegiak eta estetika-zentroak, altzari-, elikadura-,eta elektronika-establezimenduak, etxerako ekipamendukoak, farmaziak, liburu-dendak, argazki-dendak, lurrin-dendak, drogeriak eta loradendak. Baita ere, fotokopia-dendak eta musika-tresnen dendak, prestakuntza-akademiak, konponketa-lantegiak, bitxi-dendak, etxeko ehunkien dendak, jostailu-dendak, ostatuak, antikuarioak, fisioterapia-zentroak eta jolas- eta kultura-zerbitzuak, hala nola funtzio anitzeko aretoak eta ihes-jokoetakoak.
Administrazioak ekimena antolatu du establezimenduentzat ‘Saltokietako, ostalaritzako eta zerbitzuetako kontsumoa sustatzea xede duen deskontu-bonuetarako dirulaguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko deialdia’ eginez.
15 bonu 18 urtetik gorako pertsona bakoitzeko
18 urtetik gorako pertsona bakoitzak gehienez 15 bonu erosten ahalko ditu. Ez da beharrezkoa Iruñean erroldatuta egotea. Erosketa bakoitzean bonu bat edo gehiago trukatzen ahalko dira, gehienez ere 30 bonu tiket edo faktura bakoitzeko. Ez dira itzuliko erosi eta kanpainaren epeen barruan parte hartzen duten establezimenduetan trukatu ez diren bonuak.
Bonuak ordainketa elektronikoko pasabidearen bidez ordainduko dira, 20 euroko bonu bakoitzeko 14 euro bakarrik ordainduz. Behin erosketa egin eta gero, QR kode bat duten bonuak posta elektronikoaren edo beste formatu digital baten bidez bidaliko dira. Bonua hala gailu mugikorrean deskargatuta nola paperean inprimatuta aurkez daiteke, betiere QR kodea zuzen irakurtzen bada.
Bonuak publikoarentzako 20 € edo gehiagoko salmenta-prezioa duten erosketetan erabiltzen ahalko dira. Bonua trukatzeko tiketaren guztizkoak 20 euro edo gehiago izan beharko du, bi tiket izanez gero, 40 euro edo gehiago, eta horrela hurrenez hurren. Atxikitako establezimendu batek bonuak onartzen baditu tiketaren edo fakturaren guztizkoa prezio horretara iritsi gabe (aldea edozein dela ere, baita zentimotakoa ere), Iruñeko Udalak ez du salmenta horri lotutako bonurik izapidetuko. “Intzidentzia” egoeran utziko ditu. Hortaz, programa amaitzean izapidetuko dira eta lehentasunik gabe ordainduko, eta, edozein kasutan, dirulaguntzako baliorik handienarekin, kontsumitzaileak ordaindutakoaren arabera.
Kanpaina honetan parte hartu dezaketen JEZaren epigrafeak
- LEHEN SAILA: Enpresa-jarduerak
- 64. taldea: Elikagaien eta edarien txikizkako merkataritza establezimendu iraunkorretan.
- 641. multzoa. Fruta, barazki, ortuari eta tuberkuluen txikizkako merkataritza.
- 642. multzoa. Haragi eta barrukien txikizkako merkataritza; haragikiak eta haren eratorri landuak; arrautzak, hegaztiak, baserri-untxiak, ehiza eta horietatik eratorritakoak.
- 643. multzoa. Arrain eta arrantza zein akuikulturako beste produktu batzuen eta barraskiloen txikizkako merkataritza.
- 644. multzoa. Ogi, pastel, gozoki zein antzekoen eta esne zein esnekien txikizkako merkataritza.
- 645. multzoa. Ardo eta mota orotako edarien txikizkako merkataritza.
- 647. multzoa. Oro har, elikagaien eta edarien txikizkako merkataritza
- 65. taldea: Elikagaiak ez diren produktu industrialen txikizkako merkataritza establezimendu iraunkorretan.
- 66. taldea: Merkataritza misto edo integratua.
- 67. taldea: Elikadura-zerbitzua.
- 68. taldea: Ostatu emateko zerbitzua.
- 69. taldea: Konponketak (ibilgailuen tailerrak, etxe-tresnenak.).
- 75. taldea: Garraioa eta garraioarekin lotutako jarduerak:
- 755 taldea Bidaia-agentziak
- 931 taldea; Hezkuntza eta ikerketa:
- 931.6. epigrafea. Araubide bereziko irakaskuntza (artistikoa eta hizkuntzak).
- 933.1. epigrafea. Lurreko, uretako, aireko eta abarretako ibilgailuak gidatzeko irakaskuntza.
- 933.9. epigrafea. Beste irakaskuntza-jarduera batzuk, hala nola hizkuntzak, ebaketa eta jantzigintza, mekanografia, takigrafia, azterketak eta oposizioak prestatzekoak eta antzekoak, beste atal batzuetan jasota ez daudenak.
- 94. taldea: Osasuna eta albaitaritza zerbitzuak:
- 942. multzoa. Beste osasun-establezimenduak eta bainuetxeak, ur gezazkoak zein itsaso-urezkoak.
- 943. multzoa. Estomatologia eta odontologia kontsultak eta klinikak.
- 944. multzoa. Naturopatia, akupuntura eta beste zerbitzu parasanitarioak.
- 945. multzoa. Albaitari-kontsultak eta -klinikak.
- 96. taldea: Aisialdi eta kultur zerbitzuak:
- 963. multzoa. Zinema-film eta bideoen emanaldiak.
- 965. multzoa. Ikuskizunak (zinema eta kirolak salbu).
- 966. multzoa. Liburutegiak, artxiboak, museoak, lorategi botanikoak eta zooak.
- 967. multzoa. Kirol-instalazioak eta kirol-hobekuntzarako eskolak eta zerbitzuak.
- 968. multzoa. Kirol-ikuskizunak.
- 969. multzoa. Aisialdirako beste zerbitzuak, beste atal batzuetan jasota ez daudenak:
- 969.1. epigrafea. Dantza-aretoak eta diskotekak.
- 97. taldea: Zerbitzu pertsonalak.
- BIGARREN SAILA: Jarduera profesionalak
- 83. taldea. Osasun-arloko profesionalak.
- 831. multzoa. Medikuntza orokorreko medikuak.
- 832. multzoa. Mediku espezialistak (estomatologoak eta odontologoak kanpo utzita)
- 833. multzoa. Estomatologoak.
- 834. multzoa. Odontologoak.
- 835. multzoa. Farmazialariak
- 836. multzoa. Osasun-laguntzaile teknikoak eta fisioterapeutak.
- 837. multzoa. Hortz-protesigileak eta -higienistak.
- 838. multzoa. Optikari-optometristak eta podologoak.
- 839. multzoa. Masajistak, bromatologoak, dietistak eta erizaintzako laguntzaileak.
- 84. taldea. Jarduera parasanitarioekin lotutako profesionalak:
- 841. multzoa. Naturopatak, akupuntoreak eta beste profesional parasanitarioak.
- 88. taldea. Askotariko profesionalak:
- 882. multzoa. Turismo-gidariak.
- 883. multzoa. Turismoko gidari-interpreteak.
- 887. multzoa. Makillatzaile eta estetizistak.
- Funtzio anitzeko aretoak eta/edo ihes-jokoetakoak.
- 1861.2 epigrafea. Industria-lokalen alokairua eta beste alokairu batzuk, beste atal batzuetan jasota ez daudenak.
- 1989.2 epigrafea. Biltzarrak, batzarrak eta antzekoak antolatzeko zerbitzuak
- 19669 epigrafea. Beste kultura zerbitzu batzuk, beste atal batzuetan jasota ez daudenak.
- 1999 epigrafea. Beste zerbitzu batzuk, beste atal batzuetan jasota ez daudenak.