Iruñeko Udalak Osasuna zoriondu du bere mendeurrena dela-bide eta bideo bat grabatu du historia egiten segi dezan animatzeko

Iruñeko Udalak Osasuna zoriondu du bere mendeurrena dela-bide eta bideo bat grabatu du historia egiten segi dezan animatzeko
Ikus-entzunezkoak atzera begirakoa egiten du, gogora ekartzeko nolakoa zen gure hiria 1920an, klub gorritxoa hiriko erdiguneko lokal batean sortu zuten urtean

 

‘Osasuna, jarraitu historia egiten’ mezuarekin, Iruñeko Udalak klub gorritxoa zoriontzen du bere mendeurrena dela-bide, gogora ekarrita nolakoa zen gure hiria klubak bere ibilbideari ekin zionean, hiriko erdigunean, Kutz Kafe ohian berretsitako eraketa baten bidez. Iruña hartan oraingo biztanleen seiren bat baino ez zen bizi eta bigarren zabalgunea eraiki gabe zegoen. Orduko udal-aurrekontua ez zen iristen bi milioi pezetara eta, bitxikeria gisara, sanferminek lau egun gehiago irauten zuten.
 

Osasuna Klub Atletikoaren ehun urteak estu joan dira Iruñeari loturik, bertan kokatu baitira hiru futbol-zelaiak eta bertan ospatu, taldearen balentriak. Taldearen hazkundearekin batera, hiria ere aldatzen joan da 1920ko 32.635 biztanle izatetik oraingo 209.032etara igaro baita. Urriaren 24 hartan, lau egun baino ez ziren faltako bigarren zabalgunea sortzeko obrak hasteko José María Landa alkate zuen hiriburuan. Hiru auzo-alkate ere baziren: bata Donibanen, bestea Arrotxapean eta hirugarrena Magdalenan. Udal-aurrekontua ez zen iristen bi milioi pezetara, 2020. urterako hasiera batez onetsitako 187.986.681 euroetatik benetan urrun.
 

Osasuna sortu zen urtean, Sanferminak bestelakoak ziren; kartelak ‘Sanferminetako festa handiak eta feriak’ iragartzen zituen, uztailaren 6tik 18ra bitarte, hau da, lau festa-egun gehiago. 1920an baziren Iruñean, besteak beste, Musika-eskola bat –Alondegi kaleko eraikin batean–, hiriko telefono-sarea –800 abonaturi ematen zien zerbitzua oraingo San Frantzisko Eskolan zuen egoitzatik–, eta zentral elektriko bat, zeinak Arrotxapeko Cuatro Vientos zubitik ehun zaldiko potentziaz lan egiten baitzuen. Iruñeko Udalaren Aurrezki Kutxa eta Bahitura Etxeak ere lanean ziharduen, orduan Estafeta kaleko 47an.
 

Udaletxeko fatxada Osasunaren koloreez blaituko da
 

Zoriontzeko bideoaz gain, Iruñeak Udaletxeko fatxada klubaren kolore ofizialez, urdinez eta gorriz, argituz eginen du bat gorritxoen mendeurrenaren ospakizunarekin. Udalak, bestela ere lagundu dio klubari Udalaren gune publikoak lagaz, hiria apaintzeko. Hiriko informazio-panel eta faroletan sakabanaturiko mezuek klubaren ehun urteak dituzte hizpide, eta ‘100 urte zurekin’ leloarekin Osasunaren armarriaren ondoan agertzen dira.
 

Mendeurrenaren karietara ere, Udalak aste honetan iragarri du Osasuna Klub Atletikoari emanen diola Iruñeko Urrezko Domina, Udalak eman dezakeen sari gorena. Erabakia, udal-talde guztiek aho batez hartuta, heldu den Osoko Bilkuran, azaroaren 5ekoan, berretsiko dute.

 

¿Te ha sido útil esta página?