Iruñeko Udalak oposizio-deialdi bat onetsi du familia-langileen 34 lanpostu betetzeko

Iruñeko Udalak oposizio-deialdi bat onetsi du familia-langileen 34 lanpostu betetzeko
Aurtengo azarotik aurrera eginen dituzte azterketak, eta deialdia NAOn argitaratzean zabalduko da izena emateko epea



Tokiko Gobernu Batzarrak deialdi bat onetsi du familia-langileen 34 lanpostu oposizio bidez betetzeko, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritu daitezen. Aurreikuspenen arabera, azarotik aurrera eginen dute oposizioa. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren zabalduko dute izena emateko epea. 

34 lanpostuak lan-araubidekoak dira, D mailakoak: horietatik 18, lanaldi osokoak, eta 16, lanaldi partzialekoak. 14 lanpostu igoera-txandan eskainiko dira; 13, txanda irekian; 5 desgaitasunen bat dutenen txandarako gordeko dira, eta 2, genero-indarkeria jasan dutenendako. Halako deialdietan ohikoak diren baldintzak bete beharko dira parte hartu ahal izateko: nazionalitatea, adina, gaitasuna eta gaikuntza. Horrez gain, lehiatu nahi dutenek titulu hauetako bat izan beharko dute: Arreta Soziosanitarioko teknikari titulua, Erizaintzako Zainketa Lagungarrietako teknikariarena edo Mendekotasun Egoeran diren Pertsonei Arreta emateko teknikariarena; edo, bestela ere, profesionaltasun ziurtagiri hauetako bat: Mendeko Pertsonei Gizarte-Erakundeetan Arreta emateko profesionaltasun ziurtagiria(kodea: Sscs0208) edo Pertsonei Etxean Arreta Soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (kodea: Sscs0108).

Igoera-txandan parte hartu ahal izateko, edozein administrazio publikotako langile finko izan beharra dago, eta ezin izanen da eszedentzian egon; halaber, eskaintzen diren lanpostuen maila berekoa edo beheragokoa izan behar da, edo administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua eduki behar da (Nafarroako poliziek zortzi urteko antzinatasuna izan beharko dute). Desgaitasunen bat dutenendako txandan parte hartu ahal izateko, % 33ko desgaitasun aitortua izan behar da, edo handiagoa, eta genero-indarkeria jasan dutenendako gordetako txandan parte hartzeko, berriz, genero-indarkeriaren biktima izan behar da.

Behin epea zabaltzen dutenean, Internet bidez eman beharko da izena, Udalaren webgunean: www.pamplona.es/eu. 10,20 euroko tasa ordaindu beharko da azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik.

Hiru ariketa bi saiotan
Lehen proban bi ariketa egin beharko dituzte. Alde batetik, test motako 100 galdera erantzun beharko dira, gehienez ere, eta galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu, baina bakarra izanen da baliozkoa. Deialdiaren eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoak izanen dira galderak. Bestetik, bi kasu teoriko-praktiko ebatzi beharko dira idatziz, epaimahaiak proposatutako test motako galderei jarraikiz. Galdera horiek ere deialdiko gai-zerrendako gaiei buruz izanen dira.

Bi ariketa dituen lehen proba hori egin ondoren, bigarren proba eginen dute: nortasun orokorrari, lan-gaitasunei edo trebetasunei buruzko galdetegi bat erantzun beharko da, izangaiak lanpostuaren gaitasun-profilaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Izangai hauek soilik egiten ahalko dute bigarren proba: lehen probako kalifikazioak batuta guztizko puntuaziorik onena lortu duten igoera-txandako 100 izangaiak eta guztizko puntuaziorik onena lortu duten txanda irekiko 100 izangaiak. 

¿Te ha sido útil esta página?