
Tokiko Gobernu Batzarrak oposizio-deialdi bat onetsi du segurtasun-arloko goi-mailako teknikariaren lanpostu bat betetzeko. A mailako funtzionario-araubideko plaza bat da, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko. Eskabideak aurkezteko 30 eguneko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da. Aurreikusoenen arabera martxotik aurrera hasiko da oposizioa.
Izena eman nahi dutenek nazionalitateari eta adinari buruzko baldintzak bete beharko dituzte, eta horrez gain lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izan beharko dute, ezin izanen dira egon eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik, ez eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere. Era berean, graduko, lizentziako, ingeniaritzako, arkitekturako edo horien baliokidetzat jotzen den titulu bat izan beharko dute. Azkenik, izena ematen dutenek B motako ibilgailua gidatzeko baimena izan behar dute. Azterketa-eskubideengatik eta espedienteak formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 25,50 eurokoa da.
Oposizioak bi proba izanen ditu: Lehenbizikoa proba fisikoa izanen da, eta hiru ariketa gainditu beharko dira: banku press-a edo pisua goratzeko proba, arintasun-ariketa (Barrow-ren testa) eta erresistentzia-karrerako ariketa (Curse Navette testa) Ariketak ‘gai’ edo ‘ez gai’ gisa kalifikatuko dira, egiten diren marken arabera. Hiru ariketetan ‘gai’ kalifikazioa lortzen ez dutenak baztertu eginen dira.
Bigarren proba teorikoa izanen da, eta, gehienez ere, test motako 100 galderako galdera-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Lau aukera egonen dira galdera bakoitzari erantzuteko, eta horietako bakarra izanen da baliozkoa. Galderak deialdi honen I. eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiei buruzkoak izanen dira. Erantzun oker bakoitzak erantzun egoki baten balioaren herena kenduko du. Proba honetan gehienez ere 100 puntu eskuratzen ahalko dira, eta gutxienez 50 puntu lortu beharko dira proba gainditutzat emateko.