Iruñeko Udalak online-erakusleihoa abiatu du, eta bertan bildu ditu irekita dauden establezimenduei buruzko argibideak, etxez etxeko zerbitzua dutenena eta merkatarien testigantzak

Iruñeko Udalak online-erakusleihoa abiatu du, eta bertan bildu ditu irekita dauden establezimenduei buruzko argibideak, etxez etxeko zerbitzua dutenena eta merkatarien testigantzak
Ekimena, www.pamplona.es udal-webgunean gaitua, tokiko merkatari eta ostalariei laguntzeko kanpainako ekintzetako bat da 
Exposición virtual

 

Iruñeko merkatariek, eta haiekin bat egin nahi duten guztiek ere, eurek grabatutako bideo sorta batean adierazi dituzte zer desio eta kezka dituzten eta nola pasatzen ari diren alarma-egoerako egun hauek, saltokiak itxita zein irekita izan. Koronabirusak eragindako krisi-egoeran Udalak tokiko merkatari eta ostalariei laguntzeko ‘Iruña geldi, Iruña prest’ kanpainaren barruan antolatutako beste ekintza bat da honako hau.
 

Hori horrela, www.pamplona.es udal-webgunean toki bat sortu da, hiriko establezimenduentzat online-erakusleiho izateko asmoz. Dendarien testigantzak jasotzen dituzten bideoez gain, webguneak zabalik dauden saltokiei buruzko informazioa eskaintzen du, bai eta itxita egon arren online-salmenta edo online-zerbitzuak dituzten establezimenduena ere. Webgunearen ataritik bertatik sartu ahal izanen da online-erakusleiho horretara bi zerrendak kontsultatzera. Saltokiak sektoreka antolatuta ageri dira (elikadura, farmazia eta parafarmazia, prentsa eta paper-dendak, drogeria, optika, ortopedia, albaitaritza, estankoak) haien bilaketa eta kokapena errazte aldera.
 

Hiriko merkatari-elkarteen laguntzarekin bildu da informazio guztia. Edozein erakusleiho bezala, webguneko toki hori eta zerrendak etengabe eguneratuko dira. Zerrendetan izena emateko mezu bat bidali behar da comercioyturismo@pamplona.es helbide elektronikora, bertan honako hauek adieraziz: saltokiaren datuak, helbidea, telefonoa, zer sektoretakoa den eta etxez-etxeko zerbitzurik baduen ala ez.
 

Berriz irekitzeko prestatzen

Besteak beste, Arrotxapea, Iturrama, Ermitagaña, Donibane, Martin Azpilcuetako merkataritza-eremuko, Zalbaguneko eta Alde Zaharreko dendariek parte hartu dute bideoetan. Okindegi, argiztapeneko denda, loradenda, tabernak eta abar dira; batzuk zabalik daude, beste batzuk itxita, beste batzuek online dihardute, eta guztiak hiriaren merkataritza- eta ostalaritza-ehun aberatsaren adibide dira. Bideoetan –minutu inguruko iraupena dute– egungo egoerari buruzko gogoeta egiten dute, adorea eta baikortasuna helarazten diete bezeroei, lanera itzultzeko duten gogoa erakusten dute eta aitortzen dute normaltasunera itzultzeko prestatzen ari direla. Askok prestakuntza hartzen ari direla diote, hornitzaile berriekin harremanetan jartzen ari direla edota bezeroak ezustean harrapatzeko ideia berrien bila ari direla. Labur esanda, ez daude geldirik, prestatuta baizik, eta haien saltokien etorkizun hurbila prestatzen.
 

Iruñeko Udalaren ekimenez, eta hiriko merkatari-elkarte ezberdinen bidez, establezimendu-mota guztiei eskatu zaie lankidetza. Ekintza hau ez da elkarteetako bazkide diren saltokietara mugatzen, auzoetako edozein saltokik ere parte har baitezake. Bazkideak diren saltokiek euren elkarteetara bidal ditzakete bideoak, haiek Iruñeko Udalari bidal diezazkioten. Inongo elkartetako bazkide ez direnek, (Wetransfer edo horren antzeko programa baten bidez) jaisteko moduko formatuan bidaltzen ahalko dituzte bideoak, comercioyturismo@pamplona.es helbidera.
 

Udalaren babesa tokiko merkataritzari

Udalak koronabirusaren osasun-krisi hau hasi zen une beretik hartu ditu neurri ekonomikoak merkataritzako eta ostalaritzako sektoreetako likidezia zein herritar guztiena handitzeko. Beste ekimen batzuen artean, honako hauen ordainketa atzeratu du: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ), ostalaritzako terrazak jartzearen tasa, Kontribuzioa, bai eta zirkulazioaren gaineko zerga edota pasabideen gainekoa ere.
 

Gainera, Udalak informazio-kanpaina bat sustatu du Zabalguneko, Ermitagañako eta San Domingoko merkatuek erosketak etxez etxe banatzeko eskaintzen duten zerbitzuari buruz. Diptiko batean,  zeina www.pamplona.es/elmercadoencasa webgunean, farmazietan eta merkatuetan bertan eskura baitaiteke, hiru udal-merkatu hauetako aurrez aurreko ordutegiak eta zabalik dauden 80 bat saltokietako telefonoak biltzen dira, eskaerak egin eta ondoren erosketa han bertan edo etxean jaso ahal izateko.
 

Ekimen gehiago ere egin ditu, hala nola, hiriko saltokietan aurpegirako babes-pantailak banatzea. Udalak 300 pantaila baino gehiago banatu ditu ehun bat saltokitan. Enpresek eta partikularrek eginiko pantaila horiek, behar den desinfekzio-prozesua jaso dute Iruñeko Udaltzaingoaren lokaletan.

¿Te ha sido útil esta página?