Iruñeko Udalak onartu egin du 2025erako hiri-kontribuzioaren gaineko zergaren 291 hobari ematea

Iruñeko Udalak onartu egin du 2025erako hiri-kontribuzioaren gaineko zergaren 291 hobari ematea
600 eskaera jaso ziren: horietatik 233 ukatu egin dira; 35, baliogabetu; 1 ez da onartu, eta 40 berrikuspenaren zain daude
fachada ayuntamiento


Iruñeko Udalak 600 eskaera jaso ditu hiri-kontribuzioaren gaineko zergaren hobaria eskuratzeko. Familia ugariei, guraso bakarreko familiei, eta kotizaziorik gabeko pentsioak, errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak jasotzen dituztenei zuzenduta daude hobari horiek. Oraingoz, otsailak 15 dituen honetan, 291 eskaera onartu dituzte; 233 ukatu egin dira; 35, baliogabetu; 1 ez da onartu, eta 40 berrikuspenaren zain daude. 

Aurkeztu dituzten 600 eskaera horien % 68,8 (413) familia ugariek aurkeztu dituzte; % 18,2 (109), guraso bakarreko familiek edo egoera horretan daudenek, eta % 13 (78), berriz, kotizaziorik gabeko pentsioak, errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dutenek. Baldintza horiez gain, eskatzaileak dagokion etxebizitzan erroldatuta egon behar du, haren jabea izan behar du eta etxebizitza hori izan behar du ohiko bizileku. Halaber, zergen ordainketak eguneratuta izan behar dira, eta familia-unitatearen diru-sarrerek ezin dute izan lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino handiagoa. Etxebizitza bakar baterako eskatu zitekeen hobaria, eta 2025eko zerga-ekitaldirako betiere.

Iruñeko Udalak berritu egin ditu aurten hiri-kontribuzioagatiko kopuruak, Balorazio Txosten berriari egokitzeko. Ia hogeita hamar urte pasatu dira azken Balorazio Txostena egin zenetik, eta aurtengo eguneraketaren ondorioak arintzeko, legez baimendutako karga-tasarik txikiena ezartzea adostu zuen Udalak, % 0,25 alegia, eta gainera, aipatutako hobari horiek ezarri ditu behar handiena dutenentzat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearekin bat. Urtarrilaren 1etik 31ra bitartean egon zen zabalik hobariak eskatzeko epea.

Ia 400 onuradun
Eskaera onartu zaien herritarrei % 10 eta % 90 bitarteko hobaria ezarriko zaie, familia-unitateak duen errentaren arabera. 291 eskaera onartu dituzte, eta horrek esan nahi du 379 lagun izanen direla onuradunak. Iruñeko Udalak eskaera bakarra onartu du etxebizitza bakoitzeko, kontuan hartu gabe etxebizitza horrek jabe bakarra edo gehiago dituen. Halakoetan, etxebizitza batek bi jabe baditu adibidez, biek baldintza guztiak betez gero, bi onuradun izanen dira etxebizitza horretan. Horregatik daude onuradun gehiago eskaerak baino. 46 lagunek % 90eko hobaria izanen dute; 74 herritarrek, % 60koa; 121ek, % 20koa, eta 138 lagunek, % 10ekoa. 

Ukatu dituzten eskaera gehienak, 233tik 183, familia-unitatearen errenta Lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino handiagoa zelako ezetsi dituzte. Horietatik 182 eskaera familia ugariek eginak izan dira. Beste 35 kotizaziorik gabeko pentsioa edo nahitaezko prestazioa jasotzen zutela ez egiaztatzeagatik ezetsi dituzte; beste 7, eskatzailea ez zelako etxebizitzaren jabea; 5, ez dutelako egiaztatu familia ugaria edo guraso bakarrekoa direla; beste 2, Iruñeko Udalarekin zorretan daudelako, eta azkena, Iruñean erroldatuta ez egoteagatik.

¿Te ha sido útil esta página?