Iruñeko Udalak omenaldia egin dio hil berri den Iñaki Astondoa Los Iruña’ko taldeko kideari, bere sortetxean xafla bat jarrita

Iruñeko Udalak omenaldia egin dio hil berri den Iñaki Astondoa Los Iruña’ko taldeko kideari, bere sortetxean xafla bat jarrita
San Frantzisko kalearen 32ko xaflarekin, bederatzi pertsonak jaso dute jada omenaldia, fatxadetako identifikazio-xaflen bidez, denak hiriko erdialdean

Iruñeko Udalak xafla bat jarri du gaur goizean New York-en otsailean hildako Los Iruña’ko taldeko abeslari Iñaki Astondoaren omenez. Xafla San Frantzisko kalearen 32an jarri dute, honako legenda honekin, gaztelaniaz eta euskaraz: “Etxe honetan jaio eta bizi izan zen Iñaki Astondoa Los Iruñakoko musikari ospetsua (1936/09/12 - 2019/02/13).
 

Iruñeko alkate Enrique Maya eta musikariaren alargun Willie Vázquez aritu dira ekitaldiaren buru, eta haiekin batera izan dira Udalbatzako beste kide batzuk, Kike Los Arcos –bizirik dagoen taldeko kide bakarra– eta Astondoaren adiskide zein senideak. Baritono jiteko abeslari hau 1958an batu zitzaion Los Iruña´kori, eta AEBetan ezkondu eta gero bertan geratu zen bizitzera bira amerikarra amaitutakoan (1964). Orduan 25 urte zituen. Boskotearen azken emanaldia 2003ko azaroaren 28an izan zen Gayarre Antzokian, taldea formalki 1965eko otsailaren 1ean ofizialki desegin eta urteetara.
 

Omenezko ekitaldian, “Que hizo a san Fermín llorar” jota entzun izan dugu Jokin Zabalzaren ahotik (hilda ere badagoen Iruña’ko Joaquín Zabalzaren semea), Roberto Elizaldek eta Maricruz Corral jotariak lagunduta. Hiriaren aintzatespen hau, Iruñeko irudia nazioartera zabaldu zuen pertsona honi zuzendua, gehitu behar zaio Udalak 2011n musika-talde bereko bi kide jada hildakori –Joaquín Zabalza eta Alberto Huarteri– egindako omenaldiari. Kasu hartan, gaurko legenda berarekin, xafla ikusgai dago kale Nagusiaren 54ko eraikinaren fatxadan.
 

Iruña zorretan dago Los Iruña’ko-koekin, beraiek grabatu baitzituzten lehen aldiz sanferminei eta peñei lotutako partiturak, betiereko bihurtuz. Beraiek eman zuten ezagutzera ia hamarkada batean zehar Iruñeko musika, arrakasta handiz, baita Estatu Batuetan ere. Boskoteak lau urteko bira bat egin zuen han 60ko urteen hasieran, eta orduan agertokia partekatu zuten zenbait talderekin –Los Platters eta Los cinco latinos, kasu– eta abeslarirekin, hala nola Lucho Gatica eta Frank Sinatrarekin.
 

    Placa Iruña'ko


    “Ohorezko” Alde Zaharra

    San Frantzisko 32koa fatxada batean auzotar ospetsu baten omenez jartzen den zutikako bederatzigarren xafla izenduna da, eta nagusiki haien sortetxea edo bizitegia identifikatzeko jarri dira. Horiek guztiak Alde Zaharrean kokatu dira eta goraipatzen dute zortzi gizonek eta emakume batek hiriari egindako ekarpena. Horietako gehienak (5) musikaren munduari lotuta daude, baina badira, baita ere, bi idazle, pintore bat eta zinemagile bat. Xaflarik antzinakoena 1893an jarrita dago San Nikolas kaleko 19-21 zenbakietan, Pablo Sarasate y Navascués biolin-jotzaile eta konpositorearen sortetxea identifikatzeko.
     

    107 urte geroago, 2000n, jarri zuten bigarrena, Navarreria kaleko 25ean, non Javier Ciga (1877/1960) pintorea jaio baitzen. Bi urte geroago jarri zuten hirugarrena, egungo NAPIren fatxadan (Navarreria kalea), kasu honetan ez auzotar bat baizik eta bisitari bat omentzeko: Pío Baroja idazlea, Huarte ikastetxeko ikaslea. 2005eko apirilaren 11n, San Domingo aldapan, Manuel Turrillas maisu musikari eta konpositorearen jaiotza gogoratzekoa jarri zuten, eta 2006an Antonio Ruiz (1926/2003) zinemagileari egin zioten aintzatespena Aduanako zokoan.
     

    2008an, Mañueta kaleko 7a identifikaturik geratu zen Sabicas gitarra-jotzailearen sortetxe gisara, eta 2011n Joaquín Zabalza eta Alberto Huartek –Iñaki Astondoa (Kale Nagusia, 54) bezala, Los Iruña’ko taldeko kideak– bizileku eduki zuten eraikinean jarri zuten xafla. Gaurkoaren aurrekoa, 2018ko urriaren 9an jarri zuten, eta bertan zerrenda honetako lehen emakumeari, Carmen Baroja y Nesi idazleari, egiten zitzaion omenaldia, 98ko belaunaldian emakumeen eskubideekin erakutsitako konpromisoagatik eta kulturaren munduari egindako ekarpenarengatik.

     

      Placa Astondoa



      Zutikako omenezko xaflak hirian

      • Pablo Sarasateren (musikaria eta konpositorea) sortetxea. San Nikolas kalea, 19-21. 1893. urtea
      • Javier Cigaren (pintorea) sortetxea. Navarreria, 25. 2000ko azaroaren 24a
      • Pío Barojaren ikasle-egoitza (idazlea). Navarreria. 2002ko azaroaren 20a
      • Manuel Turrillasen (konpositorea) sortetxea. San Domingo kalea, 39. 2005eko apirilaren 11
      • Antonio José Ruizen (zinemagilea) sortetxea. Aduanako zokoa, 14. 2006ko azaroaren 28a
      • Agustín Castellón Campos ‘Sabicas’-en (gitarra-jotzailea) sortetxea. Mañueta kalea, 7. 2008ko abuztuaren 28a
      • Joaquín Zabalza eta Alberto Huarteren (Los Iruña’ko-ko kideak) bizilekua. Kale Nagusia, 54. 2011ko urriaren 24a
      • Carmen Baroja Nessiren (idazlea) etxebizitza. Kale Berria, 30. 2018ko urriaren 9a
      • Iñaki Astondoaren (Los Iruña’ko-ko kidea) sortetxea. San Frantzisko, 32