2036ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean Taconera parkeko vienar kafetegia kudeatu eta ustiatzeko kontratu berria

2036ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean Taconera parkeko vienar kafetegia kudeatu eta ustiatzeko kontratu berria
Abenduan amaituko da udal-lokalaren egungo emakida, eta lizitazioaren iragarkia Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratuko da
Café Vienés

 

Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du Taconera parkeko vienar kafetegiaren udal-lokala kudeatzeko eta ustiatzeko kontratuaren lizitazioa. Emakida administratibo gisa kudeatzen da lokala, eta, emakida horrek ondoko gunea terraza gisa erabiltzea ere barne hartzen du. Iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko da, eta 25 egun naturaleko epea irekiko da interesdunek proposamenak egin ditzaten.

Egungo adjudikazioduna 2015ean hasi zen lokala kudeatzen, eta 2026ko abenduaren 31n iraungiko zaio emakida; izan ere, hamar urteko epea aurreikusten bazen ere, epe hori luzatu egin zen COVID-19aren eraginez ezarritako mugen eta debekuen ordain gisa. Kontratu berria 2036ko abenduaren 31 arte egonen da indarrean, eta prozedura ireki bidez esleituko zaio proposamen abantailatsuena egiten duen lizitatzaileari.

Esleitzeko irizpideen arabera, 70 puntura arte baloratuko da Udalak urtean jasoko duen kanona, zeinak, gutxienez ere, 5.000 eurokoa izan behar baitu. Kanon horri adjudikaziodunak egin beharreko lanen zenbatekoa kenduko zaio; lanak, besteak beste, honako hauek izanen dira: lurzorua eta zura guztiz bernizatzea; baldosak, sarrerako atea, apalak, lurzoruko zartadurak, hormak, eskaiolazko teilatua eta komunak konpontzea, lantokira sartzeko atea ezartzea eta suteak detektatzeko sistema automatikoa instalatzea.

Irizpide sozialak 10 puntura arte baloratuko dira gehienez, eta honako hau hartuko da kontuan: mantentze-lanak eta instalazioak garbitzeko lanak enplegu-zentro bereziekin eta gizarteratze- eta laneratze-zentroekin kontratatzea. Derrigorrez irekitzeko epea luzatzea da beste irizpide bat: 6 hilabetez luzatzeak 14 puntura arte ematen ahalko ditu. Azkenik, gehienez 6 punturekin baloratuko dira ingurumen-irizpide hauek: produktu eta ontzi ekologikoak, poltsa biodegradagarriak eta birziklatutako polietilenoz egindako poltsak erabiltzea, eta komunetan bakteriostatikoak jartzea eta horien mantentze-lanak egitea.

Lizitatzaile bakoitzak eskaintza bakarra aurkeztuko du, toki hauetako batean: Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kondestablearen jauregia - Kale Nagusia 2, behea), erregistro osagarrietan (Descalzos k. 72; Iratxeko Monasterioaren k. 2, behea; Eslava k. 1, behea; Armada etorbidea 2, 5. Solairua), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako beste edozeinetan.

Pertsona fisiko eta juridikoek parte hartzen ahal dute lizitazioan, baldin eta jarduteko gaitasun betea badute eta ez baditu ukitzen Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 22. artikuluak kontratuak egiteko ezartzen dituen ezein bazterketa- edo debeku-ziok. Lizitatzaileek ostalaritzarekin zuzenean lotutako negozio-xedea izan beharko dute, eta antolamenduaren barruan osagai material eta langile nahiko izan beharko dituzte emakidak berezko dituen jarduerak modu egokian egiteko. Epe exekutiboan, ezin izanen dute Iruñeko Udalarekin zorrik ordaintzeke izan.

Basotxoaren ondoan dagoen vienar kafetegia 1988an eraiki zen, Taconerako lorategietan taberna berezi bat diseinatzeko Iruñeko Udalak deitutako lehiaketa baten ondoren. Urte horren bukaeran ireki zituen ateak, Europaren erdialdeko kafetegi tradizionalen diseinua inspirazio hartuta: leihate handiz osatutako zurezko egitura, arbel-lauzazko estalkia eta, bezeroen eremuan, tronadurazko zorua.

¿Te ha sido útil esta página?