Iruñeko Udalak gaur, astelehenarekin, Udalaren lantegi-eskolei amaiera eman die: 134 lagunek hartu dute parte guztira. 20 hilabetez, 2024ko martxoaren 1etik 2025eko urriaren 31ra arte, Igeltserotza, Hargintza eta Biltegiaren kudeaketa, Eraikinen mantentze-lanak eta Zur-arotzeria, Basogintza eta Lorezaintza eta Soldadurako lantegi-eskolek 17 toki eskaini dituzte bakoitzak: lehenengo bi hilabeteetan beka bidezko prestakuntza jaso dute parte-hartzaileek, eta hurrengo 18 hilabeteetan txandakako prestakuntza-kontratupean aritu dira lanean.
Amaiera-ekitaldia Ziudadelako Arma aretoan izan da, eta hauek parte hartu dute: Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak; Miriam Martón Pérez Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak; Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak; Pedro San Agustín Dencausa Obenasa enpresako Giza Baliabideetako zuzendariak; eta Guillermo Ezquieta Sorozábal Lorezaintzako Lantegi Eskolako begiraleak.
2024-2025eko ikasturteko argazkiez osatutako bi minutuko bideo-laburpen bat proiektatu dute amaiera-ekitaldian, eta hitza hartu dute Jennífer Rodríguez Carvajal Zurgintzako Lantegi Eskolako ikasleak eta Yago Muro Adelarpe Igeltserotzako Lantegi Eskolako ikasleak.
Lan-kontratuei esker, ikasleek lanbideei lotutako lan-jardunaldien zati batean parte hartu eta eskolako gizarte-ekintza garatu dute: hiriaren mesederako hainbat esku-hartze egin dira, hala nola lorategietako mantentze-lanak, aldian-aldian belar-sastrakak garbitzea, tresnak eta egiturak egitea eta etxebizitzak birgaitzeko lanak. Lehen urtean lan-jardunaldiaren % 65ean parte hartu zuten, eta bigarrenean, % 75ean.
Parte-hartzaileen profila
Lantegi-eskoletan eskainitako 102 tokiak bete dira, eta 134 parte-hartzaile izan dira guztira, lantegiak egin bitartean hainbat baja egon baitira. 107 parte-hartzaile gizonak izan dira eta 27, emakumeak, eta horietatik 75ek lortu dute beren espezialitateko profesionaltasun-ziurtagiri guztiak eskuratzea; 19k espezialitateko profesionaltasun-ziurtagirietako batzuk lortu dituzte, eta 28k ez dute ziurtagiririk lortu. 48 parte-hartzaile laneratzea lortu da, eta 7k prestakuntza arautuari ekin diote berriz.
Parte-hartzaileen bataz besteko adina 22 urtekoa izan da. Landabengo lau lantegi-eskoletako parte-hartzaileek 22,14 urte zituzten bataz beste: Zur-arotzeriakoek, 22,82 urte; Eraikinen mantentze-lanetakoek, 20,96; Igeltserotzakoek, 23 urte; eta Hargintzakoek, 21,8 urte.
Iruñeko Udalaren lantegi-eskolak 16 eta 29 urte bitarteko langabeei daude zuzenduta: begirale gaituen prestakuntza jasotzen dute eskaintzen diren sei espezialitateetako batean, eta ondoren, Udalaren enkarguak egiten dituzte soldata baten truke. Eraikuntza-sektoreko behar eta konpromisoei jarraikiz, emakumeen presentzia sustatu da azken edizioan, hainbat lanbidetan, hala nola igeltserotzan eta hargintzan, oso emakume gutxi ari baitira lanean.
Udalaren prestakuntza-eskaintza 1986az geroztik egin da, eta lan-merkatuaren behar profesionaletara egokitzen da. 33 eskola-lantegi egin dira dagoeneko, eta 2.000 lagunek jaso dute lan-prestakuntza, espezialitate bakoitzari dagokion 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria jasota; soldaduran, ordea, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria jasotzen dute parte-hartzaileek, espezialitate horretan enplegagarritasunak gora egin duen arren.
Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak azpimarratu du gizon gehien dituzten lanbideetan genero-arrakala murriztearen aldeko apustua egiten jarraituko dela hurrengo edizioan, baita Nafar Lansarerekin elkarlana bultzatzen ere, laneratzea hobetzeko xedez. “Lantegi-eskolek eta haiei esker erdiesten den laneratze-maila altuak aditzera ematen dute pertsonei aukera egokia emanez gero laneratzeko helburua lortzen dela”, nabarmendu du.
IRUÑEKO LANTEGI-ESKOLETAN GAUZATZEN DIREN GIZARTE-EKINTZAK
Soldadura
Askotariko tresnak birgaitu eta soldatzea. Osasuneko Alorra (Zoonosi unitatea).
Lorezaintzako Lantegi Eskolarako negutegien ateak finkatzeko euskarriak mekanizatzea.
Udal-eraikin bateko kanpai nagusia desegitea eta kentzea eta polipastozko egitura desmuntatzea. Soldadura Lantegi Eskolan dagoen Udal-eraikinerako polipastozko egitura bat egitea.
Lorezaintza Lantegi Eskolarako 3 eskorga konpondu eta birgaitzea.
Lau masta birgaitzea, Gaztediaren Etxean banderak jartzeko.
Lorezaintza Lantegi Eskolarako laborantza-mahai bat egitea kapera-aniztun diseinuko negutegi batean.
Barazkiak garraiatzeko gurdi bat egitea.
Altzairu herdoilgaitzezko gurdi-mahaia egitea, Haurtzaro Haur Eskolan sukaldeko tresnak eramateko.
Lorezaintzako Lantegi Eskolarako bi mahai egitea Arantzadiko biltegi-tailerrean erabiltzeko.
Irujoeneako etxola handiko atzeko bi ateetan bi babes-erreja egin eta jartzea, lapurretak ekiditeko.
Lorezaintza
Arantzadi parkean mantentze- eta kontserbatze-lanak egitea.
Irujoeneako eta inguruko lorategi eta berdeguneetan mantentze-lanak egitea.
Orkoiengo mugan dagoen Agustindarren industrialdean Co2-a xurgatzeko baso autoktono bat garatzea. Belar-sastrakak garbitzea, garbiketa-lanak egitea eta zuhaitzik gabeko hutsuneak betetzea.
Arantzadiko baratzeetan laboreak ekoiztea laborantza bortxatuko teknika erabilita.
Aldian-aldian belar-sastrakak garbitzea Arrotxapeko softbol-zelaian.
Garbiketa- eta mantentze-lanak egitea Sanduzelaiko oilasko-hiltegi zaharreko parkean, Orkoiengo mugan.
Eraikuntzako igeltserotza
Lau udal-etxebizitzen birgaitze energetikoa eta barrualdea zaharberritzea, Iruñeko Arrotxapeko San Pedro etxe-multzoan.
Hargintza eta Biltegiaren kudeaketa
Iruñeko Ziudadelako Andre Dona Maria bastioiaren beheko plazaren eta eskuineko kasamataren mantentze- eta kontserbatze-lanak.
Iruñeko Ziudadelako barnealdea galtzada-harriz zolatzea.
Eremu publikoko mantentze-lanetako hargintza-jarduketa txikiak egitea Iruñeko Ziudadelan.
Biltegiratze-lanak egitea Landabengo Enplegurako Prestakuntza Zentroko lantegian eta biltegietan eta Miluzeko zelaiko udal-biltegian.
Zur-arotzeria
Sukaldeak, zoruak, barne-arotzeria eta sarrerako ateak egin eta muntatzea sei udal-etxebizitzatan, Arrotxapeko San Pedro etxe-multzoan.
Haurtzaro Haur Eskolarako aterpea egitea.
Catalina de Oscariz Arte Eskolarako barne-altzariak egitea.
Eraikinetako mantentze-lanak egin eta igeltsu ijeztuko plaka-sistemak muntatzea.
Lau udal-etxebizitzen birgaitze energetikoa eta barrualdea zaharberritzea, Arrotxapeko San Pedro etxe-multzoan.