Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Udalbatzako kideek San Agustin eta Telleria kaleko izkinan dagoen NAPIKE - Nafarroako Pilota Jokoen Kultura Elkartearen egoitza berria bisitatu dute. Iruñeko Udalak toki berri hori 2023ko martxoan laga zion elkarteari bost urterako, eta elkartearen topagune eta lanerako gune izateko xedea du. Bisitan Xabier Martínez Álava NAPIKE - Nafarroako Pilota Jokoen Kultura Elkarteko presidentea eta Javier Conde Euskal Pilotaren Nafarroako Federazioaren lehendakaria ere egon dira.
Lokalak 60 metro karratu inguru ditu eta, bulegoa eta bilera gunea ditu. Bertatik, elkarteak harremanak ditu pilotazaleen munduko beste eragile batzuekin, naziokoak zein nazioartekoak; adibidez, pilotaren inguruko tradizio esanguratsua duen Mexikorekin. Berez, egokitzeko behar ziren lanak egin ondoren, lokalak hilabete batzuk daramatzate abian.
NAPIKE 2022ko otsailaren 28an eratu zen elkarte gisa eta urte hartako ekainaren 1ean aurkeztu zen. Elkartearen helburuen artean daude munduan euskal pilotaren kultur-, kirol- eta hezkuntza-balioak zaindu, sustatu eta hedatzea.
Iruña Pilotaren Munduko Hiriburua
Testuinguru hori probestu du elkarteak Iruña Pilotaren Munduko Hiriburua izatea bultzatzeko. Proiektua urtarrilean bertan abiatu zen Interreg VI España-Francia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) Europako programari esker. Europako programa horrek 2,3 milioi euro eman dizkio Iruñeak, Uhartek eta Miarritzek batera eginen duten proiektuari, pilota eskualdeko ondare kultural eta turistiko gisa babesteko, sustatzeko eta ezagutarazteko ekimenak egin daitezen. Proiektuko ekintzen artean aipatzeko da Iruña Pilotaren Munduko Hiriburu bihurtzeko apustua, ez bakarrik nazio mailan baita nazioartean ere erreferente bihurtzeko, pilotaren kultura zeinen errotua dagoen, kirol horren hedapena eta instalazioak kontuan hartuta.
Halaber, NAPIKEk maila nazionalean, nazioartekoan eta mundu mailan euskal pilotaren diasporarekin harremanak egitea eta pilota-jokoen elkarteen nazioarteko plataforma bat sortzea du xede. Zeregin horretan Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Unibertsitatearen laguntza du elkarteak.