Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta CEINek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, ekintzailetza eta enpresak sortzea bultzatzeko

Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta CEINek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, ekintzailetza eta enpresak sortzea bultzatzeko
Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak (CEIN) egiten ditu jarduerak, eta beste administrazioek 255.771 euroan finantzatu dituzte
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Gobernuarekin eta CEIN Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroa sozietate publikoarekin 2025ean ekintzailetza eta enpresak sortzea bultzatzeko. Sinadura-ekitaldian Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea, Mikel Irujo Amezaga Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria eta Uxue Itoiz Mariñelarena CEINeko zuzendari kudeatzailea izan dira. Haiekin batera izan dira Iñigo Arruti Torre Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako departamentuko Enpresa-sustapeneko zuzendari nagusia, Nafarroako Gobernuaren aldetik, eta Mikel Armendariz Barnetxea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzia izan dira.

Hitzarmenak 255.771 euroko aurrekontua du, Iruñeko Udalak (114.812 euro) eta Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako departamentuak (140.959 euro) finantzatuta, ekintzaileei eta enpresak sortzeari laguntza emateko, bai eta dagoeneko daudenak indartzeko ere, CEINek egindako jarduketen bidez.

Iruñeko Udalak baliabide egokiak –espazioari, langileei eta ordutegiei dagokienez– dituen egoitza bat eskainiko du, Iruñeko eta Nafarroako ekintzaileei kalitatezko arreta-zerbitzu pertsonalizatua eskaini ahal izateko, eta egoitza hori CEINek Noainen duenaren osagarri izanen da. Halaber, hiriko merkataritza bultzatu eta indartzea xede duen Iruña Ekintzaile programa finantzatuko du, ekintzaileei eta negozioa hobetu edo erreleboa hartuko dien norbait bilatu nahi duten merkatariei lagunduta.

Nafarroako Gobernuak ekintzailetza sustatzeko eta enpresak sortzeko CEINen dinamiketan laguntzen du, hala nola LHko goi-zikloetako eta unibertsitateetako ikasleei, irakasleei eta ikertzaileei zuzendutakoetan. GEM (Global Entrepreneurship Monitor) ekintzailetzari buruzko azterlana ere finantzatzen du, bai eta emakumeen ekintzailetza eta lidergoa bultzatzeko programak eta ekintzak ere, eta CEINeko enpresa-mintegietako ekintzaileendako lan- eta bilera-gune bat eskaintzen du.

Ekintzailetza Iruñean
Iruña Ekintzaile ekimenak, Iruñeko Udalak eta CEINek diseinatuta, Nafarroako hiriburuko saltokiak sustatu, indartu eta suspertzea du helburu. Iruñeko merkataritzan hasi nahi dutenei zuzenduta dago –dela ideia propio batetik abiatuta, dela dagoeneko martxan den negozio baten ardura hartuta–, baita negozio-estrategia optimizatu eta hobetu nahi duten merkatariei eta saltokia eskualdatu nahi dutenei ere. 

Aurtengo programaren barruan, sei asteko hiru txanda antolatu dira, maiatzean, abuztuan eta irailean, merkataritza-ekimena martxan jartzeko xedez. Sei aste horietan, saio teoriko eta praktikoez osatutako programa bat eginen dute, joerei, tokiko merkataritzaren sorrerari eta garapenari eta lidergoari buruzkoa, prozesuan parte hartzen duten pertsonei laguntzeko banakako tutoretzekin eta tutoretza jarraituekin osatuta. 

Aurtengo azken edizioa hurrengo astean abiatuko da, irailaren 29an, astelehenarekin; hori dela eta, dagoeneko zabalik dago hautagaitzak aurkezteko epea https://www.cein.es/crea-tu-empresa/pamplonaemprende/ webgunean.

Aurreko hilabetean tokiko saltoki bat ireki zuen ekintzaileetako bat Sara Cale Pueyo iruindarra da. Sarak Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zituen Nafarroako Unibertsitatean eta betidanik izan du pentsamolde ekintzailea, hori dela eta da saltoki baten buru, Diogo Narciso bikotekidearekin batera. CEINen programaren bitartez, ekintzailetza ikasteko laguntza jaso zuen eta Iruñeko Udaleko Kontsumo-zerbitzuarekin harremanetan jarri zen. Orain ehun urteko negozio bat hartzera animatu da: urtarriletik itxita zegoen eta 1902an sortu zen Zapatería La Infantil zapata-denda, San Saturnino kalean. Alokairu-kontratua 8 urtekoa da.

Zapata-denda Alde Zaharreko erreferentziazko saltoki bat da, eta joan-etorri handiko eremu batean dago. Saltokiak zapatak saltzen jarraituko du, baina oraingoan oso modan dauden oinekiko errespetuzkoak diren barefoot zapatetan espezializatuko da. Oinetako horiek zola mehe eta malgua dute, eta punta zabala, behatzen mugimendu naturala ahalbidetzeko. Saltokiak Europan egindako haurrendako zapatak saltzen ditu, bai eta helduendako ere, gertuko tratuarekin.

Espezializazio horrek, kalitatearen eta arreta pertsonalizatuaren aldeko apustua egiten du, eta hori da ekintzailetza-proiektu horren lehen urratsa. Etorkizunean hazi egin nahi du, eta espazio handiagoa beharko du. Hala ere, gaur egungo denda berritu egin da espazioa optimizatzeko eta generoa modu erakargarriagoan erakusteko: erakusleihoak aldatu egin dira, eta arreta berezia jarri zaio  Seminarioko pasabiderantz begira dagoen 1890eko erakusleihoari orain okindegi bat irekitzearekin batera dinamizatu baita. 

María José Subiza Espinal ere Iruña Ekintzaile proiektuaren onuraduna da; bere ahizpa Esperanzarekin batera, Amaia kalean dagoen Chocolates Subiza familia-negozioa kudeatzen baitu. Erron 1841ean abiatu zen negozio baten bosgarren belaunaldia dira. Manuel Subizak sustatu zuen txokolate-denda. María José Subizak dioenez, “berak Frantzian ikasi zuen txokolatea lantzen. Lehengaiekin ordaintzen zioten, beraz, negozioa ikasi zuenean, berea abian jartzea erabaki zuen”. Bere kontu finkatu zen Erron, eta laugarren belaunaldian, María Joséren aita Iruñera etorri eta hemen zabaldu zituen lantegia eta denda, Frantzian erositako makineria zaharrarekin: nahasgailuak, fingailua, oragailua eta kakao-txigorgailua, zeinek txokolatea modu tradizionalean egitea ahalbidetzen baitute. 

Negozioa finkatuta zegoen arren, María José eta Esperanza Subizak Iruña Ekintzaile proiektuan parte hartzea erabaki zuten, hura garai berrietara egokitzeko. “Hobetzen, eguneratzen eta gauza berriak planteatzen lagundu digu. Txokolategintzaren tradizioarekin urte askoz jarraitu nahi dugu, eta horretarako egokitu beharra dago” aitortu du.
 

¿Te ha sido útil esta página?