Iruñeko Udalak Mendillorriko Mendigoiti eta El Lago ikastetxe publikoek patioan partekatzen dituzten kirol-pistetako baten estalkia berrituko du. Tokiko Gobernu Batzarrak lanen lizitazioa onetsi zuen astelehenean, eta 306.453,70 euroko aurrekontua izanen dute. Lanak gauzatzeko epea 16 hilabetekoa izanen da, eta aurreikuspenen arabera, ekainean hasiko dira.
Mendigoiti eta El Lago ikastetxe publikoetako patioan kanpoaldeko hiru jolas-pista daude, eta ikastetxearen eraikinaren eta Mendillorriko trinkete eta kiroldegiko eraikinaren bolumenaren artean dagoen espazioa okupatzen dute. Berritu nahi dena pista nagusia da (2. pista); 2005eko obran estalkia jarri zitzaion eta orain estalkia berritu nahi da. Estalitako bolumen bat sortzen duen eraikuntza irekia da, baina irekia fatxada guztietan.
Proiektuak polikarbonato-plakazko estalki guztia berritu nahi du, oso narriatuta baitago gardentasun eta irazgaiztasun mailari dagokionez. Estalkiaren perimetroan bizi-lerro bat instalatuko da, mantentze-lanak eta elementuak ordezkatzea segurtasun baldintza egokietan egin ahal izateko, beste elementu osagarrien beharrik gabe.
Lanak haize nagusiez (iparmendebaldekoak) babesteko hobekuntzak barne hartzen ditu, ahal den heinean kirol-pistaren alde horretan euria sartzea ekiditeko, pista estalia den arren, ez baita itxia. Jolas-eremuko gainazala berritzeko aprobetxatuko da, zeina narriaduraren eta ur-iragazpenen ondorioz labainkorragoa bilakatu baita. Halaber, jarduketa osagarriak gauzatuko dira, hala nola, unean uneko konponketak hormigoizko egitura nagusiko zartatuetan, babes-sare sistema berrikusi eta berritzea, kirol ekipamenduak (saskiak eta ateak) berritzea eta hormigoizko horma eta harmailak garbitzea.
Proiektu horren garapena bat etorriko da kirol anitzerako pistak dauden patioren birnaturalizatzearekin. Udan zehar patioan zuhaitzak, parterre zirkularrak eta aisialdirako eta dibulgaziorako sortutako heskaiak sortzeko jarduketak eginen dira, eta harmailak jarriko dira ere, zapalda gisa, berdegunetik kirol-pisten eremura pasatzeko. Aurrekontuak 149.993,72 euro jotzen du.