Iruñeko Udalak, martxoaren 8a babeste aldera, ekitaldi instituzionala eta harrera-ekitaldia egin ditu gaur

Iruñeko Udalak, martxoaren 8a babeste aldera, ekitaldi instituzionala eta harrera-ekitaldia egin ditu gaur
Esparru guztiz ezberdinetako bost emakumeri omenaldi ofiziala egin zaie eguerdian, gizarte-aurrerabidean eta berdintasunaren alde egindako ekarpenagatik
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak  bost emakumeri harrera egin die gaur eguerdian. Emakume horiek euren eguneroko lanarekin gizarte-aurrerabideari ekarpena egiten diote honako arlo hauetan: kultura, ekonomia, kirola, nazioarteko boluntariotza eta inklusioaren aldeko borroka.
 

Gaur goizean Enrique Maya hiriko alkateak, Udalbatzako beste kide batzuekin batera, omenaldia egin nahi izan die Ekaterina Bukareva enpresariari, Celia Pinedo GKEen Koordinakundeko lehendakariari,  Palmira Salinero, ONCEko kideari, Eugenia Echarren bere izena daraman kantu-eskolako zuzendari eta kantariari eta Maider Irisarri  Osasunako jokalariari. Harrera-ekitaldiaren amaieran Udaletxearen fatxadaren erreplika bat eman dio bakoitzari, ekitaldiaren oroigarri gisa.
 

Harrera ekitaldia baino lehen, Udaletxe plazan, 11:30ean Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak atzo onetsi zuen adierazpen instituzionala jendaurrean irakurri da. Adierazpenean, besteak beste, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren sustapenean buru izaten jarraitzeko konpromisoa berretsi du Udalak. Sara Sanzol, Cristina Martínez, Ione Lajos eta Ainara Tirapu izan dira belaunaldi ezberdinak ordezkatuz testua irakurri duten lau emakumeak. Udaletxeko ezkaratzean luma-kartoizko agenda handi bat utzi dute, herritarrek berdintasunaren alde hartutako  konpromisoak bertan idatz ditzaten.
 

Oroigarri modura, larunbatean Udaletxearen fatxada morez argiztatuko da, kolore hori  baita emakumeen berdintasunaren aldeko borrokaren ikur.
 

Ereduzko bost profil

Ekaterina Bukareva enpresaria da. AMEDNA-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak 2019an zuzendari gisa saritua, 29 urterekin hartu zuen haize-parkeak instalatzen dituen Sistemas Eléctricos Lowind enpresako zuzendari nagusi izateko ardura. Haren zuzendaritzapean konpainiak hiru kontinentetako 11 herrialdetan gauzatu ditu  2.000 MWeko potentzia eolikoko instalazioak jartzeko proiektuak.
 

Bukarevarengan ez ezik Celia Pinedo omenduarengan ere agertzen da enpresa-arloko lanaren nazioarteko alderdi hori; kasu honetan lankidetzaren esparrura bideratua, FABRE Fundazioren bidez. Nafarroako GGKE-en Koordinakundeko lehendakaria da eta berrogei eta hamar bat GKErekin lan egiten du, besteak beste erakunde publikoek aurrekontuaren % 0,7 nazioarteko lankidetzara bidera dezaten zaintzeko, garapen bidean diren jendarteen egoerak hobetze aldera.
 

Palmira Salinero jendearen egoera hobetzeko ekarpenaren beste adibide bat dugu, kasu honetan desgaitasuna duten pertsonena; aspaldi utzi zuen, jubilatuta, ONCE - Espainiako Itsuen Erakundeko kupoi-saltzaile lana. Gaixotasun genetiko baten ondorioz % 10era murriztu zitzaion ikusmena baina hori ez zen oztopo izan bere lan-ibilbidea egiteko, ez eta autonomoa izateko behar zituen teknologietan trebatzeko ere. Hartara, teknologia horiek gaitasun desberdinak dituzten pertsonen inklusiorako gizarte-garapenaren isla dira.
 

Artearekin lotuta daude Eugenia Echarrenen doaia eta lana. Nafarroan ekin zion kantuaren munduko ibilbideari, eta haren eskutik Donostian, Alemanian, Italian eta Frantzian ere ibili da.  Opera eta musika garaikidea abesten ditu, eta dozenaka emanaldi egina da. 2005etik hona talentua eta ekintzailetza uztartzen ditu, bere izena daraman kantu-eskolan zuzendari eta irakasle baita.  Proiektuaren asmoa eskola integrala izatea denez, haur eta helduentzako irakaskuntza arautua eskaintzen du bere ikastetxean, profesional zein amateurrei zuzendurikoa, eta ahotsaren berreziketarekin loturiko arloak ere lantzen ditu.
 

Aldaketa lan bizitza eta familia bateragarri egiteko ikuspegian, baina praktikatik; horixe da Maider Irisarri Osasunako Lehenengo B mailako eta Reto Iberdrolako (Espainiako emakumeen futboleko bigarren kategoria)  jokalariaren ekarpena. Irisarrik kirol munduan gauzatzen du bere jarduna, berdintasunaren aldeko borrokak gaurkotasun osoa duen esparru batean, alegia. Une honetan esaterako, amatasunari buruzko protokolo bat sinatzea aztertzen ari dira lan-hitzarmenaren barruan. Ama izan berri den Maider Irisarri da erditu ondoren berriro futbol zelaira itzuli den lehen emakumea.

¿Te ha sido útil esta página?