Iruñeko Udalak ‘Martxan’ programa diseinatu eta kudeatzeko kontratua 105.546,94 euroan lizitatu du datozen hamar urteetarako

Iruñeko Udalak ‘Martxan’ programa diseinatu eta kudeatzeko kontratua 105.546,94 euroan lizitatu du datozen hamar urteetarako
Hauek dira berritasun nagusiak: ekimena auzo guztietara hedatzea eta erabiltzaileak profilen arabera banatzea



Tokiko Gobernu Batzarrak Martxan: jarduera fisikoak eta memoria-jarduerak programa datozen hamar hilabeteetan diseinatu, ezarri eta kudeatzeko zerbitzuen kontratua lizitatzea onetsi du 105.546,94 euroan, BEZa barne. 2021ean abiatu zen ekimen honen xedea da zahartze aktiboa sustatzea, ongizate fisiko, sozial eta mentalerako aukerak optimizatzeko, eta hala, bizi-itxaropena eta -kalitatea handitzeko zahartzaroan. Programa 65 urtetik gorakoendako da eta jarduera fisikoak zein suspertze kognitiboko jarduerak barne hartzen ditu. Aurreko edizioekiko berritasunak honako hauek dira: programa bostetik hamar auzotara hedatzea eta erabiltzaileen bi talde ezartzea, egoera fisikoaren eta kognitiboaren araberakoak. Informazio guztia Portal de Contratación de Navarra atarian ikusten ahal da, eta bertan aurkeztuko dira eskaintzak.

Hamar hilabetez luzatuko da programa 2026ko irailaren 1az geroztik, edo benetan sinatzen den egunetik aurrera. Halaber, hiru balizko luzapen egiteko aukera ere badago. Kontratazioaren xede izanen den zerbitzuak honako lan hauek barne hartuko ditu: programa egitea, xedeak, edukiak eta metodologia zehaztuta; izen-emateak hartu eta profilen araberako taldeak eratzea; ordutegiak, egunak eta eskola orduak koordinatzea, orokorrean, eta, jarduera fisikoko eta memoria lantzeko saioak ematea. Gainera, kontratuan jasotzen da jarduketen azken memoria bat egitea eta dagozkien erantzukizun zibileko aseguruak kontratatzea.  

Esleipena kualitatiboki baloratu eta formulen bidez kuantifikatzen ahal diren irizpideetan oinarrituko da, eta irizpide bakoitzak 50 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez. Lehena honela baloratuko da: proposamenaren arrazoibideak (5 puntu bitarte); xede orokor eta zehatzak (5 puntu bitarte); jardueren edukia (30 puntu bitarte); ebaluazio sistema (5 puntu bitarte), eta azkenik, zerbitzuaren antolaketa, 5 puntu, asko jota. Formulen bidez kuantifikatzen ahal diren irizpideek barne hartzen dituzte gizarte-irizpideak (20 puntu bitarte) eta eskaintza ekonomikoa (30 puntu bitarte).


Programaren berritasunak
Martxan: jarduera fisikoak eta memoria-jarduerak programak Iruñeko 65 urtetik gorakoen autonomia eta menpekotasunaren prebentzioa sustatzen ditu, eta horretarako haien interesekoak diren eta erabiltzaileak motibatu eta aktibatzen dituzten jarduerak antolatzen ditu.  Era berean, adinekoen isolamendua eta bakardadea prebenitu nahi dira, eta horretarako aisialdia eta berdinen arteko harremanak sustatu, harreman horiek jarduerez haratago iraun dezaten.

Zerbitzua hasieran Arrotxapean, Iturraman, Alde Zaharrean, Ermitagaña-Mendebaldean eta Txantrean ematen zen, eta lizitazio berri honi esker Mendillorri-Lezkairu-Erripagañara, Santa María La Real-Arrosadiara, Etxabakoitzera, Donibanera eta Sanduzelai-Buztintxurira hedatuko da. Era berean, Alde Zaharreko programan Zabalguneetako adinekoak jasoko dira, eta Iturraman Azpilagañakoak, eta hala, programa hiri osora hedatuko da.   


Lehiaketaren preskripzio teknikoetan zehazten da 400 eta 350 plaza eskainiko direla bi jarduera motetan: jarduera fisiko egokitua eta suspertze kognitiboko jarduerak. Mugikortasun urriko pertsonei egokitutako jarduera fisikoaren xedea da bizimodu osasungarria sustatzea eta, gaitasun funtzionalak mantendu eta hobetzea. Bestalde, suspertze kognitiboko jarduerak funtzionamendu kognitiboa iraunarazi edo hobetzeko dira, buru-bizkortasuna estimulatzen duten jardueren bidez. Saioek ordu eta erdi iraunen dute, astean egun batez maila bakoitzeko, eta astean hiru orduz jarduera eta auzo bakoitzeko.

Edizio honetan berritasuna da erabiltzaileen artean bi maila egonen direla jarduera bakoitzean, gaitasun funtzionalaren eta maila kognitiboaren arabera. Dena den, programaren xedea prebentzioa da eta, nahikoa maila funtzional eduki eta antolatzen diren talde-saioetan aktiboki parte hartzen ahal dutenenei bideratuta dago.
 

¿Te ha sido útil esta página?