Iruñeko Udalak maiatzaren 27ra arte ireki du euskara sustatzeko proiektuetarako laguntzen deialdian eskaerak aurkezteko epea

Iruñeko Udalak maiatzaren 27ra arte ireki du euskara sustatzeko proiektuetarako laguntzen deialdian eskaerak aurkezteko epea
Irabazi asmorik gabeko entitateek Egoitza elektronikoaren bidez aurkezten ahal dituzte eskaerak 90.000 euroz hornituta dagoen deialdian
inscripciones

 

Iruñeko Udalak epea ireki du euskara sustatzeko proiektuak egiteko deialdian dirulaguntza eskatzeko; dirulaguntzak 90.000 euroko zuzkidura dauka. Irabazi-asmorik gabeko entitate eta elkarteei zuzendutako deialdia da, euskararen sustapen, normalizazio eta erabilerari bultzada emateko jarduerak eta proiektuak egin ditzaten, nagusiki Iruñeko udal-mugartean eta herritarrei irekita. Jarduerek 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarteko aldian eginak izan behar dute.

Deialdia 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, apirilaren 27koan, eta heldu den maiatzaren 27a da eskaerak aurkezteko epemuga. Xehetasun guztiak eskuragarri daude Udalaren webgunean, ‘Laguntzak eta diru-laguntzak’ atalean. Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, ‘Dirulaguntzen eskaera elektronikoa pertsona juridikoentzat” izapideaaren bidez.

Eskaeren balorazioa eta laguntzen ehunekoa

Proiektu bakoitza aintzat hartuta zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa, balorazioan erdietsitako puntuazioaren arabera, hiru multzotan: puntuazio gorena (80 –100 puntu) duten proiektuek onartutako aurrekontuaren % 70 bitarte jasoko dute; bigarren multzoan (65 – 79,99 puntu), proiektuei aurrekontuaren % 55 bitarte ordainduko zaie; eta hirugarrenean (45 – 64,99 puntu), onartutako aurrekontuaren % 35a bitarte emanen da.

Eskaerak baloratzeko orduan kontuan hartuko dira entitate eskatzailearen ezaugarriak (20 puntu arte), proposamenaren kalitatea eta koherentzia (35 puntu arte) eta jarduerak Iruñean euskararen hizkuntza-normalizazioan duen eragina (45 puntu arte).

Deialditik kanpo geratuko dira xede edo helburua dela medio beste udal-alorretako dirulaguntzetan egokiagoak izan daitezkeen proiektuak, dela herritarren partaidetzakoak, gizarteratzekoak, berdintasunekoak edo gazteriakoak direlako, dela hizkuntzen irakaskuntzarekin, edo soilik kirol jarduerekin, adibidez, zerikusirik dutelako.

Izaera kultural edo artistikoa duten euskarazko proiektuak lagunduko dira kultur jarduerak egiteko dirulaguntzen deialdian. Aurrekoa gorabehera, deialdi honetara aurkezten ahalko dira izaera kultural edo artistikoa edukita programazio zabalago baten barnean nagusiki euskara sustatzeko asmoa duten jarduerak. Deialditik kanpo geratuko dira, baita ere, beste udal-programek finantzatutako proiektuak, irakaskuntza-proiektuak, eta telebista, irrati edo prentsan ematekoak.

Iaz 13 entitateren 19 proiektuk jaso zuten laguntza

Iazko deialdian, hamahiru entitatek aurkeztutako 19 proiekturi eman zitzaien laguntza. Emandako kopuruak 259 eta 12.900 euro artean zeuden. Honako hauek izan ziren entitate onuradunak: Euskaldunon Biltoki, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Dindaia Fundazioa, Karrikiri Elkartea, Udako Euskal Unibertsitatea, AEK, Nafarroako Bertsozale Elkartea, Nafarroako Kazetarien Elkartea, Nafarroa Retina Elkartea, Sortzen Ikasbatuaz, Osasuna Fundazioa, Jaso Fundazioa eta Geltoki.

¿Te ha sido útil esta página?