Iruñeko Udalak Mai Garde eta Oier Sanjurjo Iruñeko Zapiarekin aintzatetsi ditu Osasuna Klub Atletikoaren kapitain gisa izandako ‘ardura, sakrifizio eta irmotasunagatik’

Iruñeko Udalak Mai Garde eta Oier Sanjurjo Iruñeko Zapiarekin aintzatetsi ditu Osasuna Klub Atletikoaren kapitain gisa izandako ‘ardura, sakrifizio eta irmotasunagatik’
Ohorezko sari hori Iruñeko hiru burguen Batasunaren Pribilegioaren 599. urteurrenarekin bat eman da
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Gaur, ostegunarekin, Batasunaren Pribilegioaren 599. urteurrena ospatzen ari da. Duela zazpi urtetik hona, efemeride hori Iruñeko Zapia emateko ekitaldiari lotuta dago, zeinetan aintzatesten baitira haien eguneroko zereginetan edo jardunbide profesionalean modu aktibo eta agerikoan Iruñearen hedapena finkatzen lagundu duten pertsonak eta entitateak. 2022an, Udalbatzak aho batez erabaki du ohorezko sari horren merezidun izan daitezela Mai Garde eta Oier Sanjurjo, Osasuna Klub Atletikoko emakumezkoen eta gizonezkoen lehen futbol-taldeetako kapitainak. 

Iruñeko Zapia emateko ekitaldia gaur eguerdian egin da Udaletxeko harrera-aretoan, eta bertan parte hartu dute Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Udalbatzako hainbat kidek. Alkateak nabarmendu duenez, biak –biek ala biek utzi dituzte denboraldi honetan haien taldeak– “eredu izan dira –akaso, haiek hala nahi gabe– hiriko haur askorentzat, biengan ikusten baitituzte balio positiboak dituzten erreferentziak. Beraz, kirol-ibilbide tatxagabeari zuen gizarte-konpromisoa gehitu diozue”. Osasuna Klub Atletikoaren izenean ekitaldian izan dira Luis Sabalza Osasuna Klub Atletikoko lehendakaria, Miguel Cuesta lehendakariordea eta César Muniáin bigarren lehendakariorde eta Osasunako Emakumeen taldearen lehendakaria.

Oier Sanjurjo desenkusatu da ezin izan duelako Iruñera etorri, gaur arratsaldean bere talde berriarekin, Zipreko AEK Larnacarekin, Europa Ligako partida jokatu behar baitu. Haren izenean, gurasoek, Rafael Sanjurjok eta Ana Isabel Maték, jaso dute Iruñeko Zapia. Futbolariaren aita-amaginarrebak ere bertan izan dira. Beste saridunak, Mai Gardek, Iruñeko alkatearen eskutik jaso du Iruñeko Zapia. Osasunako Emakumeen taldearen kapitain ohiaren familia ere ekitaldian egon da: aita, ama, bi ahizpak eta bi iloba. Haien izena brodatuta duen zapiarekin batera, Batasunaren Pribilegioan oinarrituta Mikel Okiñenak egindako eskultura bat jaso dute.

Zazpigarren Iruñeko Zapia
2016az geroztik Iruñeko Zapia jaso duten pertsona eta entitateen zerrendan sartu dira Mai Garde eta Oier Sanjurjo. Honako pertsona ospetsu hauek aintzatetsi dituzte haien jardun eta lan-ibilbideagatik: Paulina Fernández, La Mañueta txurro-dendako jabea; Javier Pagola kazetaria; Elisa Sesma, Pablo Sánchez-Valverde eta Mari Cruz Landa, sexu-argibide eta -plangintzarako Andraize guneari lotutako lan-ibilbideagatik; Alberto Undiano Mallenco nazioarteko arbitroa; medikuntza eta erizaintzako profesionalak, COVID-19ak eragindako egoera zela-eta; eta Juan José Martinena historialaria.

Oier Sanjurjo Maté (Lizarra, 1986) Osasuna Klub Atletikoko kapitaina izan da 2019ko urtarrilaz geroztik. 2007ko abenduaren 12an jokatu zuen lehen partida gorritxoen lehen taldearekin. Handik aurrera, hamabost denboraldi kamiseta gorritxoa defendatzen, 2011-2012ko denboraldiaren salbuespenarekin, zeinetan Celta de Vigon lagata jokatu eta Lehen Mailara igotzea lortu baitzuen. Balio anitzeko jokalaria denez, erdiko atzelari, hegaleko eta erdilari postuetan jokatu du. Haren bertuteen artean, lidergo-gaitasuna, adimen taktikoa eta fisiko indartsua nabarmentzen dira. Gaur egun, Zipreko AEK Larnakan ari da jokatzen, eta denboraldi honetan Europa Ligan lehiatuko da.

Mai Garde Echalekuk (Iruña, 1987) 2009an jantzi zuen lehen aldiz kamiseta gorritxoa. Lehenengo garai horretan bi denboraldi egin zituen, eta areto-futbolean aritu zen gero, Lagunak, Orvina eta Txantrea taldeetan. 2017–2018ko denboraldian Mai Garde Osasunara itzuli zen emakumezkoen futboleko egitasmo berriko kapitaina izateko; talde gorritxoan Reto Iberdrolara igotzea lortu du, eta zenbaitetan maila gorenera igotzear egon da. Iazko denboraldiaz geroztik eta Emakumezkoen Osasunaren harrobia berregituratu ondoren, erakunde gorritxoaren oinarrizko futbolaren koordinatzailea da. Gainera, Nafarroako zonaldeetan jokalari gazteenekin egiten den teknifikazioaren arduraduna da. 


 

¿Te ha sido útil esta página?