Gaur goizean zazpi emakumek aintzatespena jaso dute Kondestablearen jauregiko patioan, eta gizarte-aldaketarako eragile gisa hainbat eremutan egindako ibilbideagatik jaso dute Iruñeko Udalaren omenaldia. Ekitaldi hau hirugarren urtez egin da jarraian eta bertan izan dira Maite Mendioroz Iriarte, Nafarroako Unibertsitateko Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko mediku-taldekoa; Isabel Sola Gurpegui zientzialaria eta María Iraburu Elizalde, Nafarroako Unibertsitateko lehen erretorea.
Haiekin ziren Ainhoa Zabala Versteeg, Zabala Innovationeko zuzendari orokorra, Elena Aisa Lusar, suizidioari aurre egiteko Besarkada elkartearen sortzailea eta Karolina Sarasúa García, emakumezkoen Osasuna B futbol taldekoa, joko-zelaian genero-bazterketa zer den jasan duen jokalaria. Nazio mailan gurpildun-aulki gaineko saskibaloian eta egokitutako igeriketan etorkizun oparoa duen Beatriz Zudaire Garcíaren ordez bere ama Maria del Puerto García izan da bertan.
Ekitaldiaren buru aritu dira Enrique Maya Iruñeko alkatea, eta harekin batera, Udalbatzako talde guztietako zinegotziak. Sarituek Udaletxearen fatxadaren erreprodukzio bat jaso dute eta banan-bana hitz egin diete patioan bildutakoei. Omenaldi hau Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren jardunaren baitan egin da, ibilbide pertsonal eta profesionalak aitortzeko, baina baita eremu guztietan emakumeen ekarpenak ikusarazteko ere. Antzeko ekitaldi batean 2020. eta 2021. urteetan omendu zituzten 10 emakumeei batu zaizkie 7 hauek, haien ibilbidea dela eta enpresan, kirolean, ikerketa eremuan, medikuntzan, epaitegietan edo GKEetan.
Aldarrikapenaren eta ikusgarritasunaren eguna
Ekitaldia baino lehen elkarretaratze isila egin da Udaletxe Plazan, eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara M8ko manifestua irakurrita bukatu da: ‘‘Kontziliaziotik zaintza erantzunkidera; eraldatu irtenbidea aurkitzeko”. Herritarren Aferen Batzordeak Adierazpen Instituzional gisa onartutako manifestuan Udalak konpromisoa hartu du "toki-esparruan zaintzaren inguruko ikuspegian aldaketak sustatzen dituzten politika publikoak bultzatzeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko xedearekin’’. Era berean, ‘‘ikusarazi eta balioetsi" nahi izan ditu "bizitzaren jasangarritasuna ahalbidetzen duten zaintza-lanak, eta azpimarratu sexuaren araberako lan-banaketa indartzen duten rolen eta estereotipoen eraldaketa, eta alor honetan mugimendu feministaren ekarpenak eta lana aitortu’’.
Honela, Iruñeko Udalak herritarrak animatu ditu gaur mugimendu feministek antolatutako mobilizazioetan parte hartzera, arratsaldeko 20:00etan, Antoniutti parketik abiatuta. Gainera, arratsalde-gauean, Udaletxea morez argiztatuko da eguna bukatu arte, orokorrean berdintasun-eskubidea eta genero arrazoiengatiko diskriminazioa ez pairatzeko eskubidea gogorarazteko, eta 2022an, zaintza-lana funtsezkoa dela bizitzari eusteko, baina askotan doakoa, ikusezina, prekarioa eta feminizatua izaten jarraitzen duela, eta, hortaz, zaintza-ardurak berdintasunez banatzea oraindik egiteke dagoen erronka dela.
Zazpi profil
- Maite Mendioroz Iriarte
Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko mediku-taldeko kidea da. Laguntza-jarduera eta nazioarteko ikerketa-proiektuen garapena uztartzen ditu Navarrabiomeden, La Caixa Banku Fundazioaren, Nafarroako Kutxa Banku Fundazioaren eta Navarrabiomeden areagotze Programari esker. Espainiako Emakume Liderren Top 100 sailkapenean dago. Zientzietako TELVA sariduna da (2018), Europako Doktoreen Kontseiluko Ohorezko Kide (2018) eta Romanillos Fundazioaren neurozientzietako tesi onenaren Alberto Rábano sari Nazionala (2011) du.
- Isabel Sola Gurpegui
Aurten Espainiako Emakume Liderren Top 100 sailkapenean dago. Sailkapenaren aurtengo edizioan bereziki aintzatetsi duten zientzialarietako bat izan da. Coronavirusean aditua den biologo honek hiru patente asmatu ditu elkarlanean, Bioteknologiako Zentro Nazionaleko ikerlaria da eta bertako koronabirusaren taldeko zuzendarikidea. 2021ean Nafarroako Karlos III.a Prestuaren Gurutzea jaso zuen.
- María Iraburu Elizalde
Urte honetatik aurrera Nafarroako Unibertsitateko errektorea da. Erakunde horren ia hirurogeita hamar urteko historian kargu hori bete duen bederatzigarrena da, eta lehen emakumea. Jaiotzez iruindarra da, Biologian lizentziatua (NU). Hasiera-hasieratik bateratu egin du ikerketa ibilbidea irakaskuntzarekin eta unibertsitate-gobernuarekin. Ikerlari nagusia izan da zazpi ikerketa proiektutan eta zortzi doktore-tesi zuzendu ditu.
- Ainhoa Zabala Versteeg
Zabala Innovationeko zuzendari orokorra da. 2021eko CaixaBank Emakume Enpresariaren Sarietako Ebroko Lurralde Zuzendaritzako irabazle hautatua izan da. Sari horiek emakume enpresarien talentua eta bikaintasun profesionala aitortzen dute Espainian eta emakume enpresari-liderren kontaktu-sareak sustatzen dituzte munduan. Nazioko eta nazioarteko hainbat saretan hartzen du parte. Anaiarekin batera, Nafarroako familia-enpresa hau gidatzen du, zeinak 35 urte baino gehiago baitaramatza berrikuntza bultzatzen.
- Beatriz Zudaire García
Nazio mailan gurpildun-aulki gaineko saskibaloian eta egokitutako igeriketan etorkizun oparoa du. 2014/15 denboraldian hasi zuen bere kirol-ibilbidea Vital Fundazioarekin. Endekapenezko gaixotasun neuromuskularra du eta diploma bat lortu du Tokioko Joko Paralinpikoetan Espainiako selekzioarekin, lau hilabete besterik ez zeramatzanean jolasten. Orain psikologia ikasten ari da.
- Elena Aisa Lusar
Besarkada elkartearen sortzailea da. Entitate horrek lan egiten du maitea den norbaitek bere buruaz beste egitean kaltetutako guztiei laguntza eskaintzen. Duela zortzi urte egin zuen bere buruaz beste bere semeak, eta hori gainditzeko prozesu pertsonalean pentsatu zuen antzeko egoerek kaltetutakoei laguntza ematea elkarte elkarte horren bidez.
- Karolina Sarasúa García
Emakumezkoen Osasuna B futbol taldeko jokalari honeklehen pertsonan sentitu du zer den sexu-diskriminazioa, irain eta mehatxu matxistak jaso baitzituen kirol-partida batean. Gertakaria salatu egin zuen.
Martxoaren 8ko ekitaldiak
- Elkarretaratzea eta adierazpen instituzionala irakurtzea Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara Udaletxe plaza. 11:00.
- Iruñeko emakumeak hainbat diziplinatan aintzatesteko ekitaldia. Kondestable Civivoxa. 11:30
- M8 kafea. Emakumeen Etxea 17:00.
- Mobilizazioa, mugimendu feministek antolatuta. Antoniutti parkea. 20:00.
- Argiztapena. Egunaren karietara, Udaletxeko fatxada morez argiztatuko da