Iruñeko Udalak LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguneko ospakizunekin bat egin du, eta pertsona guztien eskubideekiko duen konpromisoa berretsi du

Iruñeko Udalak LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguneko ospakizunekin bat egin du, eta pertsona guztien eskubideekiko duen konpromisoa berretsi du
Joseba Asiron Saez alkateak eta Udalbatzako kideek ekitaldi batean parte hartu dute hainbat elkarte eta taldetako ordezkariekin batera
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Fitxategi

Iruñeak ekainaren 28ko (igandea) LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat egin nahi izan du, eta horren harira, ekitaldi instituzional bat antolatu du Udaletxe plazan: ekitaldiak Joseba Asiron Saez izan du buru, Udalbatzako gainerako kideek lagunduta, eta LGTBI+ elkarte eta taldeetako ordezkariek ere parte hartu dute. Hala, Udalak sexu- eta genero-aniztasunarekiko duen errespetuarekiko konpromisoa berretsi du, eta ospakizuna baliatu du pertsona guztien eskubide-berdintasuna aldarrikatzeko, haien sexu-orientazioa eta genero- eta sexu-adierazpena kontuan hartu gabe.

Ekitaldiari hasiera emateko, Plazeratu taldeko bi ordezkarik adierazpen instituzional bat irakurri dute, euskara eta gaztelania tartekatuta; LGTBI+ talde horrek kolektiboaren kide direnen ikusgarritasunaren, eskubideen defentsaren eta parte-hartze sozialaren alde lan egiten du. 

Adriana Cerdán Carlosek eta Edur Garcia Orak, LGTBI+ pertsona guztien izenean, egun horren jatorria zein den gogorarazi dute: 1969an, New Yorkeko taberna batean, homosexualak, bisexualak eta transak eraso zituzten; horri erantzuteko, altxamendua egin zen, eta horrek betirako eraldatu zuen sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko borroka. Aldiz, adierazi duten moduan, “mende erdi baino gehiago igaro da, eta urte hauetan erdietsi diren eskubideak ezin dira bermatutzat jo”. 

Iruñeko Udalak LGTBI+ pertsonen ahotsa baliatu du LGTBIfobia deuseztatzeko eta Iruñean aniztasuna aske bizitzeko borondatea berresteko. Izan ere, azpimarratu den moduan, konpromiso horrek “garrantzia hartzen du egun mundu-mailan dagoen erasoaldi-testuinguruan, non eta gorroto-diskurtso eta -delituak, desinformazio-kanpainak eta lege atzerakorrak ugaritzen ari baitira”. 

Halaber, Zaloa Basabe Gutiérrez Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko zinegotziak Udalak arlo horren barruan dituen konpromisoen berri eman du. Hauek dira konpromisorik esanguratsuenak: Sexu- eta genero-aniztasunaren eta LGTBI+ berdintasunaren Udal Plana; LGTBI+ Udal Kontseiluaren bidez kolektiboekin politika publikoak koordinatzea eta ezartzea; eta memoria historikoa eta kolektiboak Iruñean erakutsitako borroka eta erresistentzia ikusaraztea. Bukatu aurretik, herritarrei gonbit egin die “LGTBI+ taldeek antolatutako ekitaldietan parte hartzera, sexu- eta genero-aniztasuna babestea guztion ardura baita, eta horrek gure elkarbizitza demokratikoa indartzen baitu”. 

Ekitaldiari amaiera emateko, Musikagune taldeak ¿Sabes quién eres? (Badakizu nor zaren?) abestia interpretatu du: Miguel Nuño Viguriak eta Iñigo Mikeleiz Berradek bultzatutako proiektuak musika baliatzen du parte-hartzerako, inklusiorako eta gizarte-kohesiorako tresna gisa.

¿Te ha sido útil esta página?