
Iruñeko Udalak lehiaketa bat deitu du gazteei informazioa helarazteko korrespontsalien programan (2026-2027) parte hartuko duten gune laguntzaileak hautatzeko. Udal-ekimen horren bitartez gune jakin bateko bi gazte lankidetzan arituko dira beren esparruan interesgarria izaten ahal den informazioa helarazteko, betiere Gaztediaren Etxeko Gazteendako Udal Argibide Bulegoak gainbegiratuta. Edizio honetan gehienez ere 60 laguntzaile hautatuko dira eta izen-ematearen hurrenkeran onartuko dira, baldin eta zentro motari buruzko irizpideak betetzen badituzte eta hura Iruñean kokatuta badago. Eskabideak irailaren 25era arte bidaltzen ahalko dira corresponsales@casajuventud.com helbide elektronikora. Informazio guztia Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan kontsultatzen ahal da.
Honako gune hauek parte hartzen ahalko dute programan: 14 eta 30 urte bitarteko ikasleak dituzten ikastetxeek; ikastetxe nagusiek eta ikasle-egoitzek (egoiliar gehienak 14 eta 30 urte bitarteko gazteak badira); gazteen guneek (udal-titulartasuneko edo beste edozein administrazioren titulartasuneko gazte-programak egiten diren leku gisa ulertuta); eta ofizialki eratutako gazte-elkarteen lokalek.
Behin berretsita “gune laguntzaile” izaera, gazteen gune bakoitzak, irizpide propioei jarraikiz, bikote berriemailea behin-behinean hautatuko du. Informazioa Udalari bidali beharko zaio urriaren 9a (ostirala) baino lehen, izendapena ofizialki berresteko. Hautatuek aurretiko prestakuntza jaso eta programa martxan jarriko dute. Honako lan hauek egin beharko dituzte: informazioa kudeatu eta hainbat euskarriren bitartez hedatzeko ardura hartuko dute bere gain; euskarri gisa, panel fisikoak barne hartuko dira, bai eta beste bitarteko birtual batzuk ere, webgune eta sare sozialak, besteak beste. Programa urriaren azken astetik 2027ko maiatzaren 28ra arte egon beharko da martxan.