Iruñeko Udalak larunbat honetan berdez tindatu ditu bere webgunea eta sare sozialak Bullyingaren eta Eskola Jazarpenaren aurkako Mundu Egunaren kariaz

Iruñeko Udalak larunbat honetan berdez tindatu ditu bere webgunea eta sare sozialak Bullyingaren eta Eskola Jazarpenaren aurkako Mundu Egunaren kariaz
Ospakizuna Nafarroako Altxa zaitez Bullyingaren Aurka elkarteak antolatu ohi duen Bullyingaren Aurkako V. Mundu Astearekin batera dator
Pamplona contra el bullying

 

Iruñeko Udalak bere webgunea eta sare sozialak berdez tindatuz bat egin du larunbat honetan Bullyingaren eta Eskola Jazarpenaren aurkako Mundu Egunaren inguruan antolatu diren ekimenekin. Hain zuzen ere, webgunearen atarian eguna aipatzeko nabarmendutako lerro-buruaren kolorea aldatu du, eta hala gainerako lerro-buruetan nola profiletako irudietan gaiarekin lotutako ikur txiki bat jarri du.

Era honetan, Iruñeko Udalak gizarte-kausekin bat egiten jarraitzen du, babesa online emanez, COVID-19ak eragindako osasun-krisi egoera kudeatzeko alarma-egoera dekretatu zenetik hartutako ildoan. Konfinamendu aldian ez da fatxada argiztatzen oroipenezko egunetan; horren ordez horien aipamena egiten da www.pamplona.es webgunean eta sare sozialetako udal-profiletan.

Ospakizuna Nafarroako Altxa zaitez Bullyingaren Aurka elkarteak antolatu ohi duen Bullyingaren Aurkako V. Mundu Astearekin batera dator, zeina apirilaren 26tik maiatzaren 2ra gauzatzen ari baita, hori bai, aurten aurreko urteetan ez bezalako moldez, Covid-19ak eragindako osasun-krisia dela bide. #AltxazaitezBullyingarenAurka da eguneko traola.

Eskola-jazarpenaz eta ekiditeko metodoez kontzientziatzea

Bullyingaren eta Eskola Jazarpenaren aurkako Mundu Egunaren xedea da eskola-jazarpenak eta bullyingak haur eta gazteengan eragin ditzakeen arriskuez ohartaraztea. Guraso elkarteek eta gobernuz kanpoko erakundeek proposatu zuten ekimena, ikastetxeetan indarkeriari aurre hartzen laguntzeko zer tresna dauden ezagutarazteko eta halako kasuetarako jarduketa-protokolo bat ezartzeko.

Altxa zaitez Bullyingaren Aurka gazte-elkarte modura sortu zen 2015ean, baina gerora eraldatu egin zen 18 urtetik gorako bazkideak ere hartu ahal izateko. Eskola jazarpenaren biktimei entzun eta babesa ematea du xede, eta haiekin batera haien familiei, jazarpenean parte hartzen dutenei, ikastetxeei eta gaian interesa duen antolakunde orori.

Hori horrela, elkarteak bitartekotza egiten du, jazarpenaren biktimak eskatuz gero, familiarekin nahiz irakasleekin eta ikastetxeko zuzendaritzarekin. Horrekin batera, arreta psikologikoa ematen du. Profesional-talde bat du horretarako. Halaber, honako jarduerak antolatzen ditu: hainbat edukiri buruzko lantegiak eta ikastaroak; eskola-jazarpenaren prebentzioa, detekzioa, konponbidea eta ordaina jorratzeko ikastaroak, eta sentiberatze-kanpaina.

¿Te ha sido útil esta página?