
Iruñeko Udalak Kanpoko jokaera oldarkor eta agresiboei aurrea hartzeko protokoloa eguneratu du. Hauxe da agiriak ezartzen duen prozeduraren xedea: langileei informazioa ematea, administrazioaren erabiltzaile batek lanean ari den langile baten aurrean jokaera oldarkorra edo agresiboa izanez gero, langile horrek jakin dezan zer egin behar duen. Protokoloa Laneko Arriskuen Prebentzioko Zerbitzuak eta Udal Aholkularitza Juridikoak landu dute, eta lehenengoz prebentzioan jartzen da arreta, erasorik gerta ez dadin lortzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak Segurtasun eta Osasuneko Batzordeak igorritako agiria onetsi du. Batzordea kide anitzeko partaidetza-organo parekidea da, eta xede du laneko arriskuen prebentzio-arriskuekin lotutako jarduketak aldian-aldian gainbegiratzea enpresetan.
Protokoloaren aplikazio-esparrua Iruñeko Udaleko langileak dira, eta protokoloak, halaber, Administrazioaz kanpoko pertsona batek izandako joera oldarkorrak edo indarkeria fisikoa eta/edo hitzezko indarkeria barne hartzen ditu,baita langileen gauzen bandalismoa ere. Protokoloa aktibatzeko berdin da jokabide oldarkorrak edo indarkeriazkoak lantokiaren barnean edo kanpoan gertatzen diren, baldin eta haien lan-jardunaren ondoriozkoak badira.
Plantillaren % 50 inguruk egiten ditu jendaurreko arretarekin lotutako funtzioak, batez ere Gizarte Zerbitzuek, udal-erregistroek eta Udaltzaingoak. Funtzio horietan tentsioa edo gatazkak sor daitezke, eta horien ondorioz, baliteke erabiltzaileek jokaera desegokiak izatea langileekin dituzten hartu-emanetan. Esaterako, 2024an, 62 gertakari jaso ziren, besteak beste, eraso fisiko bat eta escrache bat; dena den, gehienak oihu-, irain- eta mehatxu-egoerak izan ziren, batez ere, auzo-unitateen zerbitzuetan.
Lehenengo urratsa: prebentzioa
Protokoloak jakinarazten du arreta jasotzen ari diren herritarrek jarrera oldarkorrak izatea, hala nola oihu egitea, tonu oldarkorra erabiltzea, langilearen espazio pertsonala inbaditzea edo altzariak (mahaia, erakusmahaia, atea…) kolpatzea, segurtasun pertsonaleko neurriak hartzen hasteko adierazleak direla.
Hala, kasu horietan protokoloak gomendatzen du lasai egotea, arretaz entzutea –gogoan izanik ez dela egoera pertsonal bat–, probokazioei ez erantzutea eta jarrera profesional, begirunetsu eta lasaia mantentzea, horrek guztiak egoera arintzen laguntzen baitu. Testuan gomendatzen da beste pertsonen esku-hartzea eskatzea egoera “apurtzeko”, segurtasun-tarte egokia mantentzea, baita altzariak oztopo fisiko gisa erabilita ere, jarduna etetea halakorik behar bada, eta ihesbide bat bermatzea bertatik ateratzeko beharra baldin badago.
Egoera muturrekoa bihurtzen bada, halako egoera batean sartuta dagoen pertsonak zerbitzuko arduradunari edo Udaltzaingoari jakinarazi beharko dio, horretarako komunikazio-kanal egokia (telefonoa, helbide elektronikoa edo izu-botoia) erabilita. Hartu-eman horretan egoera modu argian identifikatu beharko da larrialdia kudeatu behar dutenek argibide zehatzak jaso ditzaten.
Prozedura eraso bat egon denean
Protokoloak ezartzen du erasoa jaso duen langileak behar den osasun-laguntza eta babes juridikoa eta legala jasoko duela, eta hori guztia antolatzea zerbitzuen eta programen arduradunen lana da. Hala, egoera ez bada arintzen, protokoloak izu-botoia sakatu beharko dela adierazten du: langile bakoitzak bere ekipo informatikoan konfiguratu behar du botoi hori, eta aldez aurretik ez badute egin, zerbitzuko-arduradunei jakinarazi beharko zaie.
Eraso fisikoa gertatuz gero, larritasunaren arabera, arreta-partea egin eta mutualitatera (Mutua Navarra) jo beharko da; bertan, Udaltzaingoaren bulegoetan salaketa jartzeko aukerari buruzko argibideen berri emanen du arduradunak, lesio-parte batekin, horrelakorik izatekotan. Langileak lan egiten duen udal-zerbitzuan dituen helbidea eta telefonoa agertuko dira salaketan.
Langileak gertatutakoa jasota utzi nahi badu, jakinarazpen-parte sinatua bidaliko dio zerbitzuaren arduradunari. Partean gertatutakoa kronologikoki azalduko da: aurrekariak (aurreko uneak), gertatutakoa, erabiltzailearen jokaera eta abar. Zuzendaritzak, beharrezkotzat jotzen badu, txosten arrazoitu bat eginen du, neurri-proposamen batekin, eta arriskuen prebentzioko zerbitzura, zerbitzu juridikoetara eta Udaltzaingora bidaltzen ahalko du. Arduradunak egin beharko du neurri horien jarraipena. Istripurik gertatu bada, Laneko Arriskuen Prebentzioko Zerbitzuak aztertu eta prebentzio-neurriak ezarriko ditu berriz gertatu ez dadin.