Egun hauetan, bost lantalde neguko eta udaberriko ia 46.500 lore-landare landatzen ari dira, gehienak ‘Dragoi-mutur’ edo antirrhinumak, biolak edo kolore askotako udaberri-loreak, eta udaberrian loratzen diren 50.000 erraboil. Landare horien bidez itxuratuko dira hiriko parterreen 2.500 m²-ak. Zehazki, aste hauetan hainbat auzotako 70 lore-sailetan ariko dira lanean.
Lan horiek garaiz egin ahal izateko, Lorategi Zerbitzuko langileak, Arantzadiko Prestakuntza Zentroko Lantegi Eskolako ikasleak eta lorezaintzako lanen adjudikaziodunak diren enpresak koordinatzen dira, hirian xede horretarako banatutako eremuetan. Landaketa lana –20 pertsona ere ari daitezke aldi berean– abenduan bukatuta egonen da. Landaketak irauten duen bitartean, Udalak, ahal den neurrian, aurreko denboraldiko (kasu honetan udaberri-udako) landareen zati bat bildu eta Miluzeko mintegian birlandatzen du, hutsuneak birjartzeko, parterre berriak sortzeko, edo horiek ugaltzen saiatzeko, merkatuan lortzen zailak direlako, eta kasuren batean, prezio altua eta/edo garapen motela dutelako.
Hilabete honetan hasi den kanpainarako, udal teknikariek parterreen egungo egoerari buruzko azterketa bat egin dute, eta horren ondorioz hainbat aldaketa eginen dira; hala, hiriguneko hainbat parterreren kokapena aldatuko da, edo hilerrian (errausketa-gunean, Sarasateren Mausoleoan eta kanpoko lorategietan) edo Gazteluko Plazan urtero birjartzeko lore-kopurua handituko da, besteak beste. Kasu horietan, mantentze-lanetarako bitartekoak handitu egin dira, joan-etorri handiko eremuak baitira. Aldaketa horiek udaberriko landaketa kanpainan mantenduko dira, hiriko hainbat eremutan parterre-kopurua handitu eginen baita.
Baina, horiez gain, beste zenbait aldaketa ere egin dira: esaterako, La Negrako parterrearen kokapena aldatu da, zuhaitzek eta eskulturak lore-saila ikustea oztopatzen zutelako; Tres Reyeseko biribilguneko parterrearen azalera ere handitu eginen da, eta biribilgunearen barruan lekuz aldatuko da, inguruan paseatzen duten pertsonek hobeki ikus dezaten. Halaber, Baiona etorbidearen eta Olibako Monasterioaren kalearen arteko elkarguneko oinezkoen babesguneetako batean parterre berriak sortuko dira. Aitzitik, Ezkaba plazako parterrearen azalera murriztu egin da, lore-sailean etengabeak baitziren bandalismo-ekintzak.
Iruñeko parterreen neurria eta kokapena aldian-aldian berrikusten dira, hiri-espazioa hobetzen laguntzeko; izan ere, eremu publikoa apaintzeko elementuak dira, eta hiriaren bizi-kalitatean eragiten dute. Eginkizun generiko horretatik haratago, horien antolamenduak oinezkoen zirkulazioa erregulatzen laguntzen du, oinezkoendako igarobideak sortuz eta orientatuz, eta ibilgailuen zirkulazioan ere eragina du, biribilguneetako eta bide-sareko bestelako puntu batzuetako ikusgaitasunean eragina duelako.
Osagai artistikoa duten proposamen guztietan bezala, parterreen diseinuan ere badira koloreekin, formekin, tamainekin, landare multzoekin eta abarrekin zerikusia duten lanerako joerak. Hiriko Taconera eta Media Luna parke historikoetan parterre-lorezaintzako diseinuak sinplifikatu egiten dira, eta parke horien ezaugarri den tipologia erromantikoarekin bat datozen diseinu formalagoak lantzen dira.