Iruñeko Udalak laguntza-ildo berria abiatu du argitaletxeen, literaturaren eta dibulgazioaren sektorea babesteko

Iruñeko Udalak laguntza-ildo berria abiatu du argitaletxeen, literaturaren eta dibulgazioaren sektorea babesteko
Deialdi berria 41.000 euroz hornituta dago, eta horrekin Udalak, aurten, 761.000 euro bideratuko ditu kultur sektoreari zuzendutako laguntzetara

 

 

Iruñeko Udalak gaur goizean aurkeztu du argitaletxeen, literaturaren eta dibulgazioaren sektorea babestuko duen laguntza-ildo berria, eta 41.000 euroz hornituta dago. Azken ekimen horrekin, Iruñeko Udalak kultur sektoreari zuzendutako dirulaguntzei bideratutako aurrekontuak 761.000 euro jo du.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean laster argitaratuko den deialdiak xedea du laguntza ekonomikoa ematea argitaletxeei, profesionalei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei Iruñearekin, haren kulturarekin, folklorearekin, pertsonaiekin eta historiarekin lotutako literatura-sorkuntzan eta ikerketa zientifikoan Modu horretan, udalerriaren nortasuna bultzatu eta Iruñeko kultura sustatzen lagundu nahi da, edozein ikuspegitatik: historikoa, lurraldekoa, soziala, etab. Era berean, kalitatezko eskaintza sustatu nahi da, askotarikoa, literatura-jarduera eta egileen lana bultzatzeko.

Kultur transmisioa, norberaren garapena eta eragin ekonomikoa uztartzea

Kultura eta Berdintasuneko Alorraren arabera liburua kultura eta ondarea transmititzeko bide argia da, eta irakurketa, funtsezko tresna norberaren eta gizartearen garapenerako. Horri argitalpen-sektoreak eragin ekonomiko handia duela gehitu behar zaio, harekin lotutako industria asko baitaude.

Horregatik egin da deialdi hau, zeinak literaturari lotutako lan guztia babesten baitu, egile, idazle edo adituetatik hasita, argitaletxe eta aldizkariak edo beste argitalpen batzuk argitaratzen dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarte edo entitateetaraino, María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak deialdia aurkezteko prentsaurrekoan azaldu duen bezala.

Modalitate bat enpresa eta profesionalendako eta beste bat irabazi-asmorik gabeko entitateendako

Deialdian bi modalitate daude: bat argitaletxe eta profesionalei bideratua, 30.000 euroko partida bat izanen duena, eta beste bat irabazi-asmorik gabeko entitateendako, 11.000 euroz hornitua. Diruz lagundutako lanek 2020ko abenduaren 31tik 2021eko abenduaren 31ra bitarte argitaratuak egon beharko dute, eta argitaratu gabeak eta jatorrizkoak izan. Gaztelaniaz zein euskaraz idatzita egoten ahalko dira, eta hala paperezko euskarri tradizionalean nola formatu elektronikoan eginak. Nafarroatik kanpo editatutako argitalpenak onartuko dira, betiere hiriarekin lotutako gaiak badira.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia NAOn argitaratzen denetik. Eskaerarekin batera, besteak beste, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira: proiektua deskribatzen duen memoria bat, edukiaren sinopsia eta Iruñearekin duen lotura barne hartzen dituena, hedatzeko plana eta egileen curriculuma. Halaber, kostuak zehaztuko dira eta aurkibide bat, kapitulu bat edo lan osoa.

Proiektuen balorazioa egiteko aintzat hartuko dira argitalpenaren kalitatea eta interesa, Iruñearekin duen lotura, argitalpenaren jarraipena, genero-estereotipoak hausten dituzten eta berdintasuna sustatzen duten edukiak sartzea, eta argitaletxearen, profesionalaren edo irabazi-asmorik gabeko entitatearen ibilbidea.

Arte- eta kultura-arloko enpresendako laguntzak handitu dira

Dirulaguntza deialdien artean, aurten arte- eta kultura-esparruko enpresendako bereziki sortu dena ere badago, eta sektore horri bideratutako zenbatekoa % 43 handitu da. Iaz, Iruñeko Udalak 70.000 euro bideratu zituen industria kulturalendako dirulaguntzetarako, irabazi-asmorik gabeko entitateek ere parte hartu zezaketen deialdi batean, eta 2021ean berriz, 100.000 eurora iritsi zen berariazko deialdi batean. 16 kultura enpresek jaso dute dirulaguntza, 40.000 eurotik gorako aurrekontua duten zazpi proiekturen eta kopuru txikiagoko bederatzi proiekturen bidez.

Paraleloki, beste berariazko deialdi bat argitaratu zen irabazi-asmorik gabeko entitateek antolatutako kultur nahiz arte jarduerak eta proiektuak babesteko, 390.000 euroko aurrekontuarekin. 37 proiektu diruz lagundu dira: 90.000 eurotik gorako hamabi, 40.000 eta 90.000 euro bitarteko zortzi, eta 40.000 eurotik beherako hamasei.

Horrela, besteak beste, lagundu dira antzerki- eta ikus-entzunezko ekoizpenak, jaialdiak eta kontzertuak antolatzea, eta Arte Garaikideko erakusketak, kultur adierazpen tradizional zein garaikideak abian jartzea sustatuz.

Irekita dago sormen artistikoko proiektuen lehiaketan lanak aurkezteko epea

Laguntza horiez gain, urtero onesten dira hirian esanguratsuak diren elkarte, proiektu eta entitateei zuzendutako dirulaguntza izendunen ildo bat. Horien artean daude Iruñeko Orfeoiari edo beste entitate batzuei jarduerak antolatzeko ematen zaizkionak, hala nola, Errege Magoen kabalkada, Olentzeroren kalejira, NUPeko udako ikastaroak eta Iruña Beltza ikus-entzunezko jaialdia.

Azkenik, zabalik dago 2021eko sormen artistikoko proiektuak sustatzeko V. Lehiaketarako deialdia, zeinak 3.000 euroko hamar sari emanen baititu proiektu kulturalak egin aurreko ezinbesteko urrats gisa sormenaren aldeko apustua egiten duten proiektuentzat. Deialdiaren helburua da sormen-jarduera sustatzea, eta hautagaitzak urriaren 28ra bitarte aurkez daitezke.

Sormena suspertzea, kultur eskaintza handitzea eta profesionalizazioa bultzatzea

Deialdi horien helburua da proiektu eta ekimen kultural eta artistikoen garapena erraztea, hartara suspertuta tokiko kulturaren sorkuntza eta hedapena, adierazpen askeaz gain. Udalak sustatutako jardueren osagarri izanen diren jarduerak antolatzen lagundu nahi da, horrela, hiriko kultura-eskaintza handitzen eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.

Bultzatu nahi du, baita ere, kultura-langileen profesionalizazioa, artistak eta kultura-eragileak kudeatzeko eta proiektatzeko jardunbide egokiak, eta proiektu horiek sustatzen dituzten pertsonak eta entitateak kudeatzeko egiturak mantentzea, kulturaren ekonomia bultzatuz.

Edizioa bultzatzea Udalaren argitalpen propioen bidez

Iruñeko Udalak, gaur aurkeztutako deialdia argitaratu arte, argitaletxeen sektorea argitalpen propioen bidez bultzatu du. Aurten, hiriari, haren ohiturei eta historiari lotutako hiru liburu argitaratu dira: “Pampilona Urbs Regia. El ceremonial del Ayuntamiento de Pamplona desde el siglo XVI hasta nuestros días’ Artean doktorea den Alejandro Aranda Ruizena,  ‘Cosas de la vieja Iruña’ Juan José Martinena historialariak idatzitako hiriari buruzko artikuluen laugarren bilduma eta ‘San Fermín 2021. Relatos de una fiesta sin igual’, Nafarroako bederatzi idazlek festa horiei buruz hausnartzen duten lana.

Udal-argitalpenek, historialari eta zientzialariek egindako ikerketen hedapena sustatzeaz gain, beste helburu bat ere betetzen dute: hiriko ondare inmateriala eta haren kultura-adierazpenak babestu eta zabaltzea. Martinenarenaren kasuan, liburuak udal-ondarea ikusarazi nahi du, Iruñeko Udal Artxiboaren funtsak balioetsita. Liburuan agertzen diren argazkietatik, % 85 Iruñeko Fototekaren parte dira.

¿Te ha sido útil esta página?