Iruñeko Udalak Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko du elkarteekin batera

Iruñeko Udalak Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko du elkarteekin batera
Udalak ‘Iruña polita/kosmopolita’ abiatu du, hiri askotariko, integratzaile, multikultural eta irekiaren aldeko mezu publikoa
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Gaur, maiatzak 21, ospatzen da Elkarrizketa eta Garapenerako Kultur Aniztasunaren Mundu Eguna. Iruñeko Udalak bat egin nahi izan du jardunaldi honekin, aho batez onetsitako adierazpen bat irakurriko den ekitaldi publikoaren bidez. Adierazpenak dioenez, aniztasuna "gure gizartearen hazkunde intelektuala, afektiboa, morala eta are ekonomikoa dakarren garapen-faktorea da". Eguerdian, Udalbatzako kideek, Iruña bizitoki duten hainbat nazionalitatetako hamahiru pertsona-kolektiboren eta elkarteren ordezkariekin batera, ekitaldi sinboliko eta seguru bat egin dute Udaletxearen sarreran, eta bertan irakurri dute, gaztelaniaz eta euskaraz, aste honetan bertan Herritarren Aferen Batzordean onetsitako testua.

Testu horretan, halaber, Udalaren konpromisoa jasotzen zen "kulturen arteko elkarrizketaren, aniztasunaren eta inklusioaren" alde borrokatzen jarraitzeko eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka aritzeko. Ildo horretatik, gaurko eguna aukeratu du Udalak 'Iruña polita/kosmopolita' sentsibilizazio-kanpaina abiarazteko, mezu positibo hau helarazi nahian: hiria askotarikoa, integratzailea, kultura anitzekoa eta irekia da, eta ezaugarri horiek eta kultura-aniztasunak, oro har, Iruña "leku hobea egiten dute, jokabide arrazista eta xenofoborik gabekoa".

Kanpaina era askotako euskarritan zabaltzeko egin da, eta sare sozialetan, onlineko hedabideetan, prentsan eta telebistan txertatuko da, eta material inprimatuari dagokionez, hiriko hainbat eraikin publikotan, ikastetxetan eta elkartetan banatuko da. Kanpainak, bideoak, diseinu grafikoak eta egokitzapenek 15.000 euroko kostua izan dute, eta Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialisten udal-taldeek lortutako aurrekontu-akordioari esker lortu ahal izan da. 2021ean, 434.600 euroko kontsignazioa edukiko du azkenik Berdintasunaren eta Aniztasunaren arloko udal-politikak garatzeko aurrekontu-partidak, hasierako proposamenean baino 100.000 euro gehiago.

Gaur eguerdiko ekitaldian honako elkarte hauek izan dira: Lar Gallego, Integración sin fronteras elkartea, Mugarik gabe elkartea, Nueva generación boliviana ADES Kultur elkartea, Nafarroako Txile etxea, Argentinar kolektiboa, Compartiendo raíces kultur taldea, Pirina Bulgariako dantza folklorikoen taldea, Nafarroako argentinarren etxea, Alpargatika, Rosa de Bulgaria elkartea, Na Megdana dantza kolektiboa, SEI Elkartea, ASOCOLON eta Tinkus San Simón folklore eta kultur elkartea.

Iruñeko biztanleen kopuru osoan (erroldako datu eguneratuen arabera, 207.225 herritar), Espainian jaiotako bizilagun gehienak jatorri ezberdinetako beste 16.400 bizilagunekin bizi dira (jada nazionalizatuak edo Espainiatik kanpo jaiotako espainiarrak), eta nazionalitate espainiarra ez duten 26.821 herritarrekin. Atzerritarren artean ugarienak Bulgaria, Errumania eta Kolonbiatik etorriak dira.

Adierazpena, Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren karietara

Iruñeko Udalak Kultur Aniztasuna gizateriaren ondare gisa errespetatzeko konpromisoa hartzen du, egungo eta etorkizuneko belaunaldien onurarako egonkortua izan behar duena. Aitortzen da Kultur Aniztasuna gure gizartearen hazkunde intelektual, afektibo, moral eta are ekonomikoa dakarren garapen-faktorea dela.

Iruñeko Udalak, bere eskumenen esparruan, konpromisoa hartzen du kultura-nortasun pluralak, askotarikoak eta dinamikoak dituzten pertsonen eta taldeen arteko elkarrekintza harmoniatsua eta bizikidetza bultzatzen jarraitzeko. Horretarako, kulturen arteko elkarrizketaren, aniztasunaren eta inklusioaren aldeko ekintzak eginen dira, kulturen arteko bizikidetza sustatu eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatuko da.

Horretarako, Kultur Aniztasunari eta Herritartasun Inklusiboari buruzko Lehen Planaren esparruan (Herritarren Aferen Batzordeak onetsi zuen plan hori egiteko proposamena, 2021eko otsailaren 23an, eta jada prestatzen ari da), kulturen arteko elkarrizketaren eta bizikidetzaren, aniztasunaren eta inklusioaren aldeko ekintzak eginen dira, baita arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkakoak ere.

Herritarren Aferen Batzordea (21/05/18)

¿Te ha sido útil esta página?