Iruñeko Udalak Kultur Aniztasunaren Eguna ospatu du gaur, elkarbizitza eta pluraltasunaren alde lan egiten duten kolektibo eta elkarteekin batera, jai-giroan topa eginez

Iruñeko Udalak Kultur Aniztasunaren Eguna ospatu du gaur, elkarbizitza eta pluraltasunaren alde lan egiten duten kolektibo eta elkarteekin batera, jai-giroan topa eginez
Hogei bat kolektibo baino gehiagotako ordezkariek parte hartu dute arratsaldean Kondestablearen jauregian egin den ekitaldian

Iruñeko Udalak, gaur –maiatzak 21–, Elkarrizketarako eta Garapenerako Kultur Aniztasunaren Eguna ospatu du, arlo honetan lan egiten duten kolektibo eta elkarteekin batera, jai-giroan, topa eginez. Iruñeko Kultur Aniztasunaren Foroko kide diren entitateak Udaleko ordezkariekin batera izan dira Kondestablearen jauregiko patioan egin den ekitaldi sinbolikoan. Brindis horren bidez Udalak balioa eman nahi izan dio pluraltasunari eta hiriko kultur aniztasunaren elkarbizitzaren irudi positiboa sustatu.

Elkarrizketarako eta Garapenerako Kultur Aniztasunaren Mundu Eguna NBEk ezarri zuen 2002an.Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak jasotzen duenarekin bat, aniztasuna “gizateriaren ondare komuna da, eta halakotzat hartu behar dugu, eta sendotu, oraingo eta hurrengo belaunaldien hobe beharrez”. Ildo horretan egiten du lan Iruñeko Kultur Aniztasunaren Foroak, zeina 2016aren amaieran sortu baitzen, xede hartuta hiriko pertsona ororen aukera-berdintasunaren eta eskubideen alde lan egitea, pertsona horien jatorria edozein delarik ere.

Gaur, Kondestablearen jauregian, gogoeta estrategiko horretan parte hartu duten hogeitik gora elkarteen artean bazeuden, besteak beste, Pirina (Bulgaria), Asocolon (Kolonbia), Nafarroako Argentinarren Etxea (Argentina), Renacer Andino (Ekuador), Balgarskite Kipri (Bulgaria), Orfey BG (Bulgaria), Peruarte (Peru), Rosa de Bulgaria (Bulgaria), Munata Folklor Boliviano (Bolivia), Mujeres del Maíz (Nikaragua), Asociación Folklorica Boliviana (Bolivia), Integración sin Fronteras, EH11kolore, Zaska - Nafarroako Zurrumurruen aurkako sarea eta Immigranteen Elkarteen Federazioa (FAIN).

Kopak mahai-oihal multikultural batez estalitako mahai baten gainetik hartu dituzte. Foroko elkarteek ekarritako eta horien jatorrizko kulturen adierazgarri gisa aukeratutako oihalkiak edo tapizak elkarri josiz duela urtebete osatutako patchwork pieza bat da. Ebaketa eta jantzigintzako udal lantaldeko 11 lagunek josi zuten eskuz mahai-zapia. Gizarte enpleguko programa horretan, hain zuzen, nazionalitate ezberdinetako lagunak daude. Mahai-zapiaren diseinu, kolore, testura eta konposizioek lan komuna eta partekatutako emaitzak irudikatu nahi zituzten; azken finean, mahai-zapia hiriko biztanleen sinboloa izatea nahi zen.

Brindisaren osagarri gisa, hainbat elkartek, bere ekimenez, beren herrialdeetako jaki tipikoak eraman dituzte denek dastatu ahal izateko. 

Irudia
Irudia