Iruñeko Udalak Korrikaren 24. edizioa egiteko publizitate arloko babesletza-kontratua sinatu du

Iruñeko Udalak Korrikaren 24. edizioa egiteko publizitate arloko babesletza-kontratua sinatu du
7.260 euroko kontratuak martxoaren 22an Udaletxe plazatik igaroko den Korrikaren kilometroaren erreserba barne hartzen du
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak beste urte batez babestuko du Korrika: 24. edizioa egiteko, publizitate arloko babesletza-kontratu bat sinatu du ekitaldiaren antolatzaile den Euskaraz Koop S erakundearekin. Iruñeko Udalak 7.260 euroko ekarpena egin du Korrika gara dadin, eta, hala, berretsi egin du euskararen erabileraren sustapenarekin duen konpromisoa.

Babesletzak Korrikari lotutako publizitate-euskarrietan Udalaren presentzia instituzionala eta ibilbidearen kilometro bat erreserbatzea barne hartzen du, zehazki, aurreko urteetan bezala, 776. kilometroa: martxoaren 22an (igandea), 14:38an, igaroko da Udaletxe plazatik. Gainera, antolatzaileek erreserbatutako kilometroaren grabaketa emanen diote Udalari. Aurten, Korrika martxoaren 19an (osteguna) abiatuko da Atharratzetik eta 29an amaitu, Bilbon.

Jarduketa horren bidez, Iruñeko Udalak hirian euskararen erabilera eta ikusgarritasun soziala sustatzen duten jarduerekiko babesa indartzen du.  Era berean, herritarrei dei egiten die Korrikan modu aktiboan parte har dezaten, eta Udaleko langileak bereziki animatzen ditu Udalak erreserbatutako kilometroarekin bat egitera, euskararen sustapenarekiko konpromiso kolektiboaren erakusgarri.

Babesletza-kontratua indarrean dagoen araudiaren arabera sinatu da, zenbateko txikiko kontratuen araubide bereziari jarraikiz, eta Korrikaren ekitaldia prestatzeko eta ospatzeko beharrezko denbora-tartean egonen da indarrean, luzatzeko aukerarik gabe.

Konpromisoa euskararekin
Iruñeko Udalak euskara sustatzeko duen konpromisoa urtero abian jartzen diren bi dirulaguntza-deialdietan islatzen da, baita beste egitasmo batzuetan ere. Euskara ikasteko eta hobetzeko ikastaroak egiteko dirulaguntzek 70.000 euroko aurrekontua dute, eta Iruñean erroldatutako 16 urtetik gorakoei daude zuzenduta. Azkeneko deialdian 381 eskaera onartu ziren, 337, 2024ko urritik 2025eko ekainera bitarteko ikastaroendako, eta 44, udako ikastaro trinkoetarako; eskaria dela eta, kreditu xedagarria agortu zen.

Gainera, Udalak diruz laguntzen ditu euskararen erabilera sustatu, hedatu edo normalizatzea berariazko xedetzat duten proiektu eta jarduketak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde eta elkarteak. Guztira 118.000 euro banatu dira 31 proiektu aurkeztu dituzten 19 erakunderen artean.

¿Te ha sido útil esta página?