Iruñeko Udalak kontratu bat lizitatu du egunero bideo-albisteak egiteko udal-jardunaren berri emateko, ikus-entzunezko baliabideak erabiliz

Iruñeko Udalak kontratu bat lizitatu du egunero bideo-albisteak egiteko udal-jardunaren berri emateko, ikus-entzunezko baliabideak erabiliz
Ikus-entzunezko komunikazio modu bat finkatzea da helburua, zeina ikasturtearen hasieratik emaitza positiboak lortuta probatu baita Udalean
imagen

 

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak kontratu baten lizitazioa onetsi du Udalarentzako informazio-bideoak egiteko bere proiektu, jarduketa eta ekitaldiei buruz; helburua da Komunikazio Zerbitzuak ikasturtearen hasieratik egin duen bideo-albisteen bidezko formula finkatzea. Udalaren informazioaren ikus-entzunezko osagarri bat da, eta azken hilabeteetan bere eraginkortasuna erakutsi du sare sozialen eta webgunearen elkarreragina areagotuz, eta euskarri berriak ezagutaraziz, duela hilabete batzuk Gaztelu plazan jarritako pantaila digitala kasu. Horrez gain, informazioa emateko modu honi esker, egunero material hori jasotzen duten ikus-entzunezko hedabideek eta hedabide digitalek Udalari buruzko berriak hobeto ilustratzen dituzte.

Ikus-entzunezko pilula horiek egunero egitearen xedea da herritarrei Udaleko zerbitzu eta Alor guztietan gauzatzen den jarduna ezagutaraztea eta proiektuak, zerbitzuak eta antolatzen diren ekitaldiak ikus-entzunezko euskarrian jasota geratzea. Bideo horiek, udal-ekintzaren gardentasunaren informazio-materiala izateaz gain, Iruñeko Udal Artxiboa ikus-entzunezko funtsez hornituko dute, honek hiriaren historia islatzen duten edukien bilketa eta sailkapena egin dezan.

Enpresa esleipendunak osotara 250 bideo ekoitziko ditu, eta astelehenetik ostiralera emanen dira. Bideoek minutu bateko luzera eta gaztelaniazko zein euskarazko errotulazioa edukiko dute, zeina Komunikazio Zerbitzuak helaraziko baitio. Gutxienez, kontatzen den informazioari dagokionez aipagarria den pertsona baten adierazpen bat, gutxienez, ere jasoko dute. Bideoak informazio-irizpideak jarraituz muntatu eta egituratuko dira, eta Iruñeko Udaleko Komunikazio Zerbitzuaren laguntzarekin.

40.000 euro eta urtebeteko iraupena, beste hiru urtez luzagarria

Kontratuak, hasiera batean, urtebeteko iraupena izanen du, aurtengo uztailetik 2022ko ekainera arte, eta urtebeteko hiru luzapen egiten ahalko dira. Luzapen horiek kontratazio organoak hitzartu beharko ditu kontratuaren indarraldiaren amaiera-data baino lehen. Hiruhilekoan behin, Komunikazio Zerbitzuak esleipendunak egindako lanen ebaluazioa eginen du, eta kontratua desegiten ahalko du lanek Komunikazio Zerbitzuak eskatzen duen gutxieneko kalitatea erdiesten ez badute.

Zerbitzu honen kontratazioaren lizitazio-oinarria 40.000 eurokoa da (BEZik gabe). Esleipena prozedura ireki baten bitartez eginen da, irizpide tekniko eta ekonomikoak aintzat hartuta. Proposatutako zerbitzuen kalitatea neurtzeko, lizitatzaileek denek egin beharreko hainbat lan komun aurkeztu beharko dituzte, horrek ahalbidetuko baitu eskaintzak modu objektiboan alderatu eta puntuatzea.

Kontratua lortu ahal izateko baldintza teknikoak eta giza baldintzak

Lizitatzaileak jarritako baliabide materialek HD kalitatezko filmazioak bermatu beharko dituzte (H.264 formatua. HD 1080 p 25 doiketa). Esleipendunak argiztatze- (spot-ak, argi hotzak...) eta soinu-materialak (eskuko mikrofonoak, gorbata-mikrofonoak eta mikrofono haririk gabeak ) ere jarriko ditu.  Aurretik grabatutako irudien posprodukzioa eta muntaketa egiteko, enpresek, gutxienez, honako baliabide eta tresna hauek eduki beharko dituzte: HD areto digitaleko edizioa; edizio-operadorea; infografia, irudien tratamendu eta musikalizaziorako aplikazioak, eta ahalmen handiko Interneterako konexioa bideoak bidaltzeko.

Bideo bakoitzeko sei fitxategi edo bertsio bidaliko zaizkio Komunikazio Zerbitzuari: gaztelaniazko errotuluak dituzten bi (bata adierazpenekin eta bestea soilik baliabideekin), euskarazko errotuluak dituzten beste bi (eta aurreko kasuko bertsio berdinak), bideo bera errotulu eta totalik gabe eta, azkenik, grabatutako materiala gordinean giro-soinuarekin eta adierazpen edo totalekin.

Kontratazio-deialdi honetan parte hartu ahal izanen dute Iruñean edo Iruñerrian egoitza duten lizitatzaileek eta egiaztatzen dutenek haien xedeak edo jardunak zuzeneko lotura duela kontratuaren xedearekin, eta badituztela bere antolamenduan behar beste langile eta baliabide material kontratua behar bezala betetzeko. Gutxienez bi kamerari behar dira, zeinek ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziadun titulua edo horren baliokidea den titulu bat, edo irudi eta soinu teknikari goi titulua baitute eta hiru urte baino gehiagoko esperientzia ikus-entzunezko ekoizpen informatibo eta/edo instituzionalaren arloan.

¿Te ha sido útil esta página?