Iruñeko Udalaren, Udalbatzaren eta Udaltzaingoaren ordezkaritza bat Udaletxe plazan bildu da gaur goizean, Martxoaren 8ko aldarrikapenekin bat egiteko: aurten, Desberdinkeria errealitate, justizia lortzeke leloa izanen da Emakumeen Nazioarteko Eguneko aldarria. Badu mamia leloak: izan ere, legeek eta araudiek berdintasun formala aitortzen badute ere, oraindik ere ez dugu benetako berdintasuna lortu. Emakumeek oztopo handiei egin behar izaten diete aurre egunerokoan, lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak egiten baitituzte.
Elkarretaratzearen amaieran, publikoki irakurri dute Nafarroako Toki Erakundeetako teknikariek ondu eta atzo Iruñeko Udalaren Osoko Bilkuran onetsitako testua, bai gaztelaniaz eta bai euskaraz. Gaztelaniaz Mai Garde Echalecu Emakumezkoen Osasuna taldeko kirol-zuzendariak irakurri du, eta euskaraz, berriz, Inma Errea Cleix Udalaren Euskara Zerbitzuko burua aritu da (Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorraren barruan dago zerbitzu hori).
Gero, Zaloa Basabe Gutierrez Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak hartu du hitza: gogora ekarri du Iruñeko Udalak zer konpromiso hartu dituen emakumeen berdintasunaren alde. Azkenik, Udalak herritarrei dei egin die mugimendu feministak Martxoaren 8aren harira antolatutako ekitaldi eta elkarretaratzeetan parte hartu dezaten. Musikak biribildu du ekitaldia: Las Poderosas taldeko zenbait emakumek taldearen bi kanta abestu dituzte.
Halaber, Udalak bat egin nahi du 2025eko sentsibilizazio-kanpainarekin. Ekinaldi horren barruan, hainbat kartel egin dituzte emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna eskatzeko (eskuragarritasuna, soldata, STEM zientzietan duten presentzia, etab. aipatu dituzte). Karteletako irudi bera jarriko dute hiriko gune publikoetan, mupi digital eta analogikoen bidez. Gaur goizean irakurritako testuan nabarmendu dutenez, “bada garaia atzean uzteko bai fake news direlakoak eta bai dagoeneko berdintasuna lortu dugula dioten mezu antifeministak ere”.