Hiri Kontserbazioko Alorreko Eraikinak Mantentzeko Zerbitzuak txosten bat egin du Kondestablearen Jauregiak dituen patologiei buruz. Jauregia 2009. urtetik jendearendako irekita dago. Txostenean bigarren solairuko habeen akatsak, Udal-erroldaren arreta-guneko habeen deformazioak eta oso prezipitazio handiekin lotutako ur-filtrazioak jaso dira, batez ere erdiko sabai-leihoa husteko sarean.
Ohiko mantentze-lanak gainditzen dituzten eta berehalako esku-hartzea eskatzen duten patologia horien aurrean, Tokiko Gobernu Batzarrak Pamplona Centro Histórico – Iruña Biziberritzen SA (PCH-IB, SA) erakunde instrumentalari enkargua egitea onetsi du, eraikina konpontzeko eta kontserbatzeko lanak ikuskatzeko lizitazioa, laguntza eta jarraipen teknikoa eta esku-hartzearen ondoriozko beste edozein gorabehera konpontzeko proposamena egin ditzan.
Kontserbazioko Alorreko teknikariek uda hasieran antzemandako gabeziak bigarren solairuan daude, 9. aretoa edo hitzaldi-aretoa izenez ezagutzen den bigarren solairuko lantegiaren sabaiko habeetan. Habeetako batean pitzadura bat agertu da zuraren korapilo natural bat dela eta duen puntu ahul batean; une hartan, prebentzio gisa, aretoa jendearendako ixteko eta jarduerak bertan behera uzteko erabakia hartu zen, bai eta pitzatutako habea eta esparru horretako gainerako habeak eskoratzekoa ere. Aretoa itxi egin da akatsak konpondu bitartean. Era berean, deformazio handiak antzeman ziren Udal-erroldaren arreta-eremuko habeetan, beheko solairuan. Hala ere, arriskurik ez dagoenez, zerbitzua jendearentzat irekita dago oraindik.
Habeak eraikinaren ondare balioa errespetatuz sendotzea
Gabeziak antzeman zirenetik, 2009an amaitutako Jauregiaren birgaitzea egin zuen arkitekto-taldearekin eta PCH-IB SAko talde teknikoarekin, zenbait irtenbide tekniko aztertu dira aretoa konpondu eta ahalik eta azkarren erabilgarri egon dadin. Helburua da habeak eraikinaren ondare balioa errespetatuz sendotzea, jatorrizko habeekin behar bezala uztartuko den irtenbide bat bilatuz.
Horretarako, egituretako espezialista bat kontratatzeko aukera aztertzen ari dira, irtenbide bat azter dezan Kondestablearen jauregia zaharberritzeko proiektua egin eta obrak zuzendu dituzten arkitektoekin, Vianako Printzea erakundearekin, Iruñeko Udaleko Lizentzien Zerbitzuarekin eta PCH-IB, SArekin koordinatuta. Lehen balorazio batean, konponketa horien kostuak 140.000 euro joko luke. Aldi berean, Kontserbazioko Alorretik arrazoiak aztertzea eta eraikinaren gainerakoa gainbegiratzea gomendatzen da, egon daitezkeen puntu ahulei, Erroldako eremuan antzemandakoak kasu, aurrea hatzeko.
Gainera, gero eta ugariagoak diren euriteetan ur-filtrazioak izan dira, batez ere erdiko sabai-leihoko hustuketa-sarean, eta gutxiago, zigilatzeetan eta arotzeriako junturetan. Gehiegizko ur emaria instalazio-hodiak direla eta iritsezinak diren tokietan gainezkatzen da, batez ere sabai-leihoko euri-uren hustubideetan. Hori dela eta, estalkitik bertatik egin beharko da jarduketa. Euriteen ondoriozko gehiegizko emariari lotuta, Jarauta kaleko erretenean iragazketa puntual bat dago, baina plataforma jasotzailea erabiliz irits daiteke bertara. Gainerakoan, estalkia egoera onean dago.
Orain dela 15 urte zaharberritutako eraikin historikoa
Kondestablearen jauregia, Kondestable Civivox izenez ere ezagutzen dena, eraikin historikoa da, Iruñeko Kale Nagusiaren eta Jarautaren elkargunean kokatuta dago, eta XVI. mendeko Iruñeko arkitektura zibilaren adierazgarri bakarra da. Leringo IV. kondeak eraiki zuen, 1530ean, eta oinordetzaz Alba dukearen etxeari lotuta gelditu zen. Geroago, Alba dukeak Iruñeko hainbat erakunderi eman zien dohaintzan. XVII. mendean eta XVIII. mendearen puska batean artzapezpikuaren egoitza izan zen. Geroago, 1752. eta 1760. urteen artean Udalbatza hemen bildu zen, Udaletxe berria eraikitzen ari ziren bitartean. Oraintsuago, jauregia Artearen Adiskideak musika-elkartearen egoitza izan zen, eta egun, kultur etxe bat dago bertan.
XIX. mendean Pedro Arrietak eraberritu zuen eraikina. Berrikuntza deigarrienetako bat bi fatxadak begiratokiak zituen alaka baten bidez elkartzea izan zen; Kale Nagusia eta Jarauta kalea ongi ikusteko aukera ematen zuten begiratoki horiek. Alde Zaharrean egin zen lehen alaka da. Bi fatxaden artean dagoen horma-hobi batek San Saturnino eseriaren irudia gordetzen du, ziurrenik XVIII. mendekoa.
Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten 1997an, eta erabilera publikoa emateko eraberritu zuten. 2009ko apirilaren 22an gizarte-etxe gisa inauguratu zen, eta hortik datorkio Kondestable Civivoxa goitizena. Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorreko bulegoak ere bertan daude, beheko solairuan, baita Sarasate Museoa ere, Pablo Sarasate musikariak Iruñeko Hiriari dohaintzan utzi zion ondare izugarria gordetzen duena.
Pamplona Centro Histórico – Iruña Biziberritzen Iruñeko Udalaren sozietate publiko bat da, erakunde instrumental izaera aitortua duena, 2004ko apirilaren 1eko Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren bidez. Alde Zaharraren Babes eta Barne Berrikuntzarako Plan Berezia garatzea da haren helburuetako bat.