Iruñeko Udalak ‘kiroldegi handi’ bat eraikiko du Buztintxurin, hiru partida aldi berean eta gimnastika-lehiaketak hartzen ahalko dituena

Iruñeko Udalak ‘kiroldegi handi’ bat eraikiko du Buztintxurin, hiru partida aldi berean eta gimnastika-lehiaketak hartzen ahalko dituena
Onetsi da proiektuaren idazketaren kontratazioa, Udalaren 4 milioi eurotik gorako inbertsioaz

 

Iruñeko Udalak ‘pabiloi handiko’ formatua izanen duen kiroldegia eraikiko du Buztintxurin. Pista nagusiak 1.696 m² izanen ditu, eta Udalaren kiroldegirik handiena izanen da. Zeharka, pista hiru partida ezberdin hartzeko moduan banatu ahal izanen da, eta gimnastika-lehiaketak antolatzeko altuera nahikoa izanen du. Paseatzeko barne eraztun bat izanen du –Nafarroan halako bat duen bakarra– publikoari irekia edo partiduen aurretik berotze-ariketak egiteko, eta erabilera anitzeko bi areto izanen ditu, horietako bat exergames (bideojoko aktiboekin egindako kirol-jarduera) delakoentzat prestatua.


Enrique Maya alkateak eta María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak 4 milioi euroko udal-inbertsioa gaindituko duen proiektuaren xehetasunen berri eman dute gaur. Eraikin berriak erabilera anitzeko espazioak eskainiko ditu, eta herritarrek zein ikasleek aldi berean erabiltzeko aukera izanen dute, horrela auzoaren kirol-beharrak asetzeko.


Eraikinaren azalera 3.910 m2-koa izanen da. Eraikuntza-ezaugarriei dagokienez, Energia Kontsumo ia Nuluko eraikinen irizpideak beteko ditu eta klima-aldaketaren aurrean alderdi didaktikoa izanen du, Udalak bere jarduketetan jasangarritasuna bultzatzeko duen helburuari eutsiz.


Bederatzigarren udal-kiroldegia izanen da, Arrosadia, Azpilagaña, Ermitagaña, Ezkaba, José Mª Iribarren, Mendillorri, Arrotxapea eta Sanduzelaikoarekin batera. Horietako azkena duela zenbait hamarkada eraiki zen. 


Ikastetxeek, klubek, auzo-elkarteek eta partikularrek erabiltzeko


Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du proiektua idazteko eta obra zuzentzeko kontratazioaren espedientea. Aurrekontua, gehienez, 290.400 eurokoa izanen da, eta horren erdia idazketari dagokio. Obretarako aurrekontua, guztira, 3,9 milioi euroan finkatu da. Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek lortutako aurrekontu-akordioaren ondorioz gauzatuko dira.


Kiroldegia ikastetxe publikoaren eta haur-eskolaren ondoan dagoen lurzatian eraikiko da. Gaur egun Udala izapideak egiten ari da Buztintxuri-Euntzetxiki-Santa Engraziako Plan Partziala (U.I. II-S.O.-1) aldatzeko Udalaren E-1.4 zuzkidura-lurzatian (7. poligonoko 2912 katastro-lurzatia). Izan ere, kultura eta irakaskuntzarako ekipamendu publikoko erabilera dauka, eta kultura, irakaskuntza eta kirolerako ekipamendu publikoko erabilera eman nahi zaio. Lurzatiak 8.867 m2 ditu.


Ikastetxeak gertu daudenez, ikasleak erraz sartu ahal izanen dira gorputz-hezkuntzako eskolak eta eskolako kirol-jarduera egitera. Horrez gain, gainerako udal-kiroldegietan bezala, kirol-entitateek (federazioak eta klubak), beste auzo-elkarte batzuek eta banakako eskatzaileek ere sartzeko aukera izanen dute.
Irudi berezia eta diseinuak, asko erabiliko den udal-kiroldegirako


Eraikin berria era independentean eraikiko da, bi solairutan banatuko da, eta sarbide erraza izanen du kaletik zein ikastetxeetatik. Ingurunean integratutako irudi berezi eta erakargarria izatea bilatzen da, eta auzoko bizitzarako erreferente bihurtzea. Horregatik, kontratua adjudikatzeko, diseinua, espazioen banaketa eta gizarte-zentro eta topagune bihurtzeko gaitasuna baloratuko dira.


Gainera, materialak aukeratzerakoan kontuan hartu beharko da udal-kiroldegiek erabilera handia dutela; izan ere, ikasturtean zehar, ikastetxeetako ikasleek gorputz-hezkuntzako eskolak eta eskolako kirol-jarduerak bertan gara ditzakete, eta horrez gain auzotarrak kirol-entitateen (federazioak eta klubak) bidez sar daitezke, beste auzo-elkarte batzuen bidez edo banakako eskaeren bidez. Hori horrela, konponbide sendoak, intuitiboak eta errazak bilatuko dira. Kalitateak, egokitasuna, akaberak eta egokitasuna baloratuko dira.


Eraikuntzaren Kode Teknikoko eta Europako zuzentarauetako Energia Kontsumo ia Nuluko eraikinen estandarrekin bat diseinatuko da eraikina. Kontuan hartu beharko ditu ahalik eta energia-inpaktu txikiena eragitea eta klima-aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko beste neurri batzuk, auzoarendako espezifikoak. Alde horretatik, proiektuak funtzionamendu-jarraibide argiak jasoko ditu urtaro hotzerako eta berorako, bai eta egun-gau aldirako ere. Mantentze-lanen ekonomia ere oso kontuan hartuko du, bai diseinuan, bai eraikuntza-konponbideetan, materialetan eta instalazioetan, hartara bermatuta iraunkortasun handiena kontserbazio-gastu txikienekin, kalitate arkitektonikoa kaltetu gabe.


Gortina bereizleak, harmailak eta beroketa-zirkuitua jartzea


Udal kiroldegi berriak 1.696 m²-ko azalerako espazio edo pista nagusi bat izanen du (53 metro luze, 32 metro zabal eta 9 eta 12,5 metro bitarteko altuerarekin), Kirol Kontseilu Gorenaren KIAA arauekin bat. Espazio nagusi horretan, luzetara, hainbat kirol jokatu ahal izanen dira, ofizialak (saskibaloia, eskubaloia, boleibola, badmintona, etab) zein ez ofizialak (Udaleko kirol-ikastaroak kasu).


Zeharka, 500 m² baino gehiagoko hiru gune sortuko dira, sabaitik zintzilikatutako bi gortina automatizaturen bidez banatuta. Horrela, hirurak aldi berean erabiltzen ahalko dira hamaika kiroletarako, espazioa ahalik eta gehien aprobetxatuz. Esate baterako, hiru saskibaloi-partida ofizial jokatzen ahalko dira.


Gutxieneko altuera 9 metrokoa izanen da, eta horri esker gimnastikako lehiaketa ofizialak egiten ahalko dira. Orain arte modalitate hori Mendillorriko kiroldegian baino ezin da praktikatu. Hori horrela, kiroldegian lurreko saskiak jarriko dira saskibaloian jokatzeko luzetarako pistan.


Alboetako batek gutxienez harmaila finko bat izanen du eserlekuekin. Kiroldegiak ere paseorako/lasterketa lasairako zirkuitu bat izanen du perimetroan, biribila, gutxienez 2 metro zabal eta 180 metro luzekoa, beroketak egiteko edo kalean beharrean espazio horretan oinez ibili nahi duen edonorendako.


Bi areto espezializatu, kirol-jarduerarako


Kirol-jarduerarako bi areto espezializatu izanen ditu ere, bakoitzaren ondoan biltegi banarekin. Areto horietan udal-ikastaroak programatuko dira, arte martzialetako praktikak eginen dira edo muskulazio-gela gisa erabiliko dira. Gutxienez 15x15 metro izanen dituzte, 4 metroko gutxieneko altuera, eta aireztapen naturala izateko aukera. Aretoek abiadura handiko Interneterako sarbidea izan beharko dute; soinu- eta argiztapen-instalazioa eta eskola birtualak eta praktika antolatua edo librea egiteko aukera emanen duen ekipamendua. Horri esker bideojoko aktiboekin kirol-jarduera egiten ahalko da, exergames delakoa. Beste espazio hauek ere izanen ditu: 6 aldagela taldeendako, epaileendako aldagelak, biltegiak eta sarbidea kontrolatzeko gela–atezaindegia.
Kanpoaldean bizikletak eta patinak aparkatzeko gune bat egonen da. Proposamenean, eskematikoki, lurzatiaren gainerakoa urbanizatzeko aukera jasoko da, non eraikin barnekoen osagarri izanen diren kirolguneak egoten ahalko baitira, skate parke bat, adibidez.


Energia berriztagarria duen eraikina


Eraikina diseinatzeko energia-kontsumo behar txikiak izatea ahalbidetuko duten konponbideak erabiliko dira, eta energia berriztagarria sortzeko sistemak izanen ditu. Gainerako udal-eraikin berrietan bezala, energia berriztagarriak txertatuko dira kiroldegiaren eskaria ahalik eta proportzio handienean asetzeko, baita eskari hori gainditzeko ere.


Halaber, diseinuan kontuan hartuko dira, besteak beste, kokapena eta orientazioa eguzki-orduei eta haize nagusiei dagokienez, eta horiek nola eragiten dieten beroaren eta hotzaren energia-eskariari eta barne-erosotasunari (gainberotzea, hezetasuna...). 


Eraikinak Iruñeko Udalaren 2030erako Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Estrategiaren gainerako helburuak betetzen lagundu behar du. Horretarako, adibidez, diseinuak eraikinaren beraren eta inguruko espazioen birnaturalizazioa barne hartuko ditu, mugikortasun jasangarria erraztuko du bizikletetarako aparkalekuen bidez eta ur grisen sistemak erabiliko ditu edateko uraren kontsumoa aurrezteko.
Karbono-aztarnarik gabe eta energia-jarduerari buruzko panelekin


Eraikitzerakoan, Udalak ahalik eta gehien mugatu nahi du karbono-aztarna. Horretarako, tokiko edo gertuko ekoizpen-elementuen erabilera lehenetsiko da; fabrikazioan CO2 isuri txikiak dituzten materialei, lehengai berriztagarriekin egindakoei eta birziklatutakoei lehentasuna emanen zaie, edo, adibidez, orubean bertan indusketa-lurrak berriz aprobetxatzea bilatuko da.


Eraikinaren energiarekin eta klima-aldaketarekin zerikusia duen guztia funtsezko elementua izanen da eraikinean, eta diseinatu beharko da halako moduan non erabiltzaileek ulertuko baitute eraikinak eta haren baliabideek, energia-fluxuek eta hondakinen tratamenduak nola funtzionatzen duten. Pantaila digitalak instalatuko dira instalazioaren funtzionamenduari buruzko informazioarekin, denbora errealekoa eta bilakaeraren ingurukoa, eta instalazioen gunea ikusgai egonen da edo, gutxienez, jarduera energetikoaren panel sinoptikoak izanen ditu.


Lizentziarik gabeko eta kontrol-softwarearen kopia duten funtzionamendu-sistemak
Azkenik, teknologia digitalak eta gauzen Internet (IoT) funtsezko elementuak izanen dira instalazioaren garapenean, eta libreki programatu daitekeen funtzionamendu-sistema bat (lizentziarik gabe) eta kontrol-softwarearen kopia bat izanen ditu.


Proiektua idazteko epea 110 egun naturalekoa da. Kontratua adjudikatzeko, 50 puntu emanen zaizkie irizpide kualitatiboei, eta beste horrenbeste kuantitatiboei. Lehenengoen artean daude arkitektura-kalitatea (20 puntu), beharren programa betetzea (10 puntu), eraikuntza-kalitatea, mantentzea eta erabilera (5 puntu) eta diseinua eta jasangarritasuna (15 puntu). Irizpide objektiboak honela banatzen dira: eskaintza ekonomikoa (20 puntu), proiektuak idazteko epea (10 puntu), obraren zuzendaritzaren jarraipen-proposamena (10 puntu) eta irizpide soziala (10 puntu).